Itsaso Aranguren Erize NUPeko ikaslearen master amaierako lanak Francisco Coello nazioarteko lehiaketako bigarren saria lortu du
Jaengo Unibertsitateak antolatzen du Ingeniaritza Geomatikoaren arloko sariketa hori, eta 24 unibertsitatetako 47 lan aurkeztu ziren
Itsaso Aranguren Erizek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako master amaierako lanak bigarren saria lortu du Francisco Coello Nazioarteko Sariaren XXII. edizioan, Ingeniaritza Geomatikoaren arloko gradu amaierako eta master amaierako lanak saritzen dituen lehiaketan. Gaur egun, Itsaso Aranguren doktoretza-tesia egiten ari da NUPen, non proiektuko lankide gisa egiten baitu lan Teledetekzio Laborategian.
Teledetekzio izeneko teknikak plataforma espazialetan instalatutako sentsoreetatik lurrazaleko datuak eskuratzeko balio du, lurraren eta sentsorearen arteko elkarrekintza elektromagnetikoa atzemanez. Hain zuzen ere, saritutako lanak, “Relleno de huecos en series temporales de índices Sentinel-2 en cubiertas agrícolas con datos procedentes de Sentinel-1” izenekoak, aitorpen berezia jaso du “bai Sentinel-1 (radarra) eta Sentinel-2 (optiko-multiespektrala) sateliteetatik jasotako irudiak konbinatzeagatik, atmosferan hodeiak egoteak eragindako informazio falta betetzeko, baita nekazaritzako laboreetan duen aplikagarritasunagatik ere”.
Egileak azaldu duenez, teledetekzio bidez lortutako datuek aukera ematen dute, nekazaritzaren kasuan, laboreen segimendua egiteko eta anomaliak detektatzeko (oro har landareen osasunarekin, nutrizioarekin edo egoera hidrikoarekin lotuak), zeinak zuzentzeko modukoak baitira behaketa egokiak eginez gero. Gainera, teknologiaren bilakaerak errendimendu handiko sentsore berriak garatzea eta datuen bolumen handia sortu ahal izatea ekarri du berekin. “Informazio kantitate handi hori, landaredi-indizeen bidez, parametro fisikoen arabera interpretatzen ahal da: laborearen hezetasun-edukia, hostoen egitura zelularra eta abar”.
Sentinel sateliteak
Europako Espazio Agentziak Lurrari behatzeko programa bat du, eta haren helburu nagusia informazioa ematea da, doan eta modu irekian, datu orokorrak ia-ia denbora errealean emanez. Horretarako, satelite propio batzuk ditu, horien artean Sentinel-1 eta Sentinel-2 izenekoak. “Satelite horien artean desberdintasun nagusi bat dago –adierazi du Itsaso Arangurenek–. Batetik, Sentinel-1ek irudiak espektroaren banda batean hartzen ditu, zeinak aukera ematen baitu informazioa egunean eta/edo gauean eskuratzeko, ia edozein baldintza klimatikotan; bestetik, Sentinel-2 sentsore optiko pasibo bat da, eta hodeien presentziaren eta argiztapenik ezaren eragina duten bandetan lan egiten du.
Nekazaritzaren arloan, erabili ohi diren landaredi-indizeak Sentinel-2ren eta gisa horretako sentsoreen bidez lortu ohi dira, eta horrek esan nahi du litekeena dela datuek eskuragarri egoteari uztea hodeiak daudenean. Itsaso Arangurenen master amaierako lanaren helburua denborazko serieen datu falta hori osatzeko teknikak ebaluatzea izan zen.
Itsaso Arangurenek Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua ikasi zuen NUPen, eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Ingeniaritzako eta Arkitekturako Irudikapeneko eta Diseinuko Master Bikoitza Kordobako Unibertsitatean. Gero, Nafarroako Unibertsitate Publikora itzuli zen Informazio Geografikoko Sistemetako eta Teledetekzioko Unibertsitate Masterra egitera, eta, gaur egun, doktoretza-tesia egiten ari da, NUPeko Teledetekzio Laborategian proiektuko lankide diharduen aldi berean.
Argazkia: Itsaso Aranguren Erice, NUPeko campusean, saria egiaztatzen duen diplomarekin.