ANTIBIOTIKOEKIKO ERRESISTENTZIAREN AURKAKO ESTRATEGIA BERRIAK

2050. urterako konponbiderik aurkitzen ez bada, “superbakterioak” gizateriaren pandemiarik larrienetako bat bihur daitezke. Komunitate zientifikoak dagoeneko gaur egungo antibiotikoekiko erresistentzia bakterianoak mugatzeko edo desagertzeko erloju kontrako lasterketari ekin dio; estrategia berriak garatzeko lasterketari, alegia.

Une honetan, 25.000 pertsona hiltzen dira urtero Europan antibiotikoekiko erresistenteak diren infekzioen ondorioz; Estatu Batuetan, berriz, 23.000 pertsona. Egoera atsekabegarri horri aurre egiteko, AEBetako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak (CDC) eta Osasunaren Mundu Erakundea (OME) jada lanean hasi dira.

César de la Fuente-ren arabera -sistema konputazionalen bidez antibiotiko berriak garatzen ari diren ikertzailerik ezagunenetako bat-, gaur egun, erresistentzien zerrendan buru diren mikroorganismoak Eskape patogenoak dira, “munduko arriskutsuenak”: Enterococcus faecium, Staphylococcus aureus, Klebsiella pneumoniae, Acinetobacter baumannii, Psudomonas aeruginosa eta Enterobacter spp., “antibiotiko garrantzitsuenetako batzuekiko edo askorekiko erresistenteak direnak”.

Bakterioen kasu zehatzean, espezialistak adierazi duenez “Gram negatiboak are zailagoak dira tratatzeko, hein batean, kanpoaldetik eta antibiotikoen eraginetik babesten dituzten bi zelula-pareta dituztelako; Gram positiboek, berriz, bakarra dute.

Nahiz eta infekzio farmakoerresistenteen aurka 90 medikamentu baino gehiago garapen-fase desberdinetan egon, PhRMA-ren (farmazia-industriaren AEBetako patronala) azken bi urteko txostenaren arabera, espezialistek uste dute premiazkoa dela estrategia berriak garatzea medikamentuekiko erresistentziaren aurka. Zeregin horretan sakondu behar da; izan ere, infekzio-prozesuei aurre egiteko gaur egun eskuragarri dauden molekulak jada ez baitira behar bezain eraginkorrak, eta, gainera, epe laburrean ez dira eraginkorrak izango.

ORDENAGAILUZ SORTURIKO ANTIBIOTIKOAK

Komunitate zientifikoak proposatutako ekimenak askotarikoak dira, eta, kasu askotan, diziplina anitzekoak, esaterako: antimikrobiano berrien sorkuntza tradizionala (dirudienez ez da gaur egungo garapen-egitasmoetan aurreikusten); erresistentziaren prozesua deuseztatzen duten mekanismoak aurkitzea, hau da, bakterio superresistenteak garatu badira, zer egin bakterio horiek erresistenteak izan ez daitezen; aspaldiko (lehengo, garai bateko) antibiotikoak berriro erabiltzea; antibiotikoak ordenagailuaren bidez sortzea, izadiko substantzietatik abiatuta. Halaber, fagoetan, plasmidoetan, nanoteknologian, mikrobiotan eta crispr tresnetan oinarrituriko erresistentzien aurkako diana berriak identifikatzea eta garatzea.

Badira oso estrategia berritzaileak; esaterako, De la Fuenteren lantaldea aitzindaria da bakterioei aurre egiten dieten ordenagailuaren bidez antibiotikoak garatzen, izadian dauden molekulak erabiliz. Ikertzaile talde honek biologia konputazionalean gaur egun dituen lan-ildoak, batez ere, Eskape patogenoetara bideratuta daude.

AEBetako talde honek 2018an datuak argitaratu zituen, non giza esku-hartze urriarekin, ordenagailuaren bidez molekula naturalak aldatzea lortu zuen, aldaera sintetiko bihurtuz, gero laborategian sintetizatu zirenak. Ikusi zen horietako batzuek, in vitro, bakterioak suntsitu ditzaketela, baita saguetan zeudenak ere. “Molekulak Guavanii2 izena du eta batez ere Gram negatiboen aurka eragiten du, patogenoenak direnak”. Gaur egun “gure gizarteko bakterio erresistenteenak suntsitu ditzaketen molekulak egon badaude” esan zuen De la Fuentek.

FAGOAK: BAKTERIO PREDATZAILEAK

Fagoterapia itxaropen handiko beste lan-ildo bat da. Bakteriofagoak bakterioak infektatzen dituzten birusak dira, horien barruan ugaltzeko, eta, kasu askotan bakterioak sunsitzen dituzte.

Pilar García Suárez Asturiasko Esnekien Institutuko Esnekien Teknologia eta Bioteknologia Saileko (IPLA-CSIC) buruaren arabera, “zenbait fago latentzia-egoeran gera daitezke bakterioaren barruan, eta kanpoko giroa alde dutenean bakarrik bakterioa suntsitu dezakete. Fagoak antimikrobiano gisa erabiltzearen testuinguruan fago motelduak, hau da, latenteak gera daitezkeenak, ez dira interesatzen.

Une honetan, talde horrek elikagaien segurtasunean lan egiten du, hori dela eta, fagoak erabilzen ditu elikadura-katean patogenoak biokontrolatzeko. “Zehazki Staphylococcus aureus bakterio patogenoaren aurka lanean ari gara, elikadura-intoxikazioekin lotzen dena, baina giza klinikan eta animalia-klinikan ere oso bakterio patogeno garrantzitsua dena”.

Profesional horrek azaldu du “gaur egun adibide asko daude fagoen erabilerarekin izandako esperientziei buruz. Albaitaritzan badira produktuak animalien gaixotasunak prebenitzeko, hala nola txahalenak eta oilaskoenak. Nekazaritzan, berriz, mota askotako produktuak daude uztak gaixotasunetatik babesteko. Giza klinikan, Europako Ekialdean produktu fagikoen aukera zabala da, tradizionala baita horien erabilera herrialde horietan. Espainian, terapia fagikoen lehen esperientzia Bartzelonako Vall d´Hebron Ospitale Unibertsitarioan egin zen, erabilera errukiorra moduan, arnasketa-infekzio bat tratatzeko. “Europan, Espainian barne, fagoterapia erabilera errukiorrez baino ez da egiten. Beste herrialde batzuetan, esaterako Europako Ekialdekoetan eta Estatu Batuetan, murrizketarik gabe egin daiteke”.

Terapia fagikoak antibiotikoak ordezkatzea bilatzen ez badu ere, “lagungarria izan daiteke antibiotikoak eraginkorrak ez diren kasuetan, bai bakterioak erresistenteak direlako, bai infekzioaren ezaugarriak berak tratamendua zailtzen duelako”. Mota horretako egoerak dira fibrosi kistikoa duten pazienteetan izaten diren infekzio errekurrenteak edo infekzio osteoartikularrak, besteak beste.

BIRULENTZIAREN AURKAKO TERAPIAK

Nanomedikuntza ere superbakterio-en aurkako aliatu gisa sortzen da. Molekula batean nanopartikulak sartzen dira bere propietate farmakokimikoak hobetzeko, eta in vivo eraginkorra izan dadin. Nanomedikuntzaren onuretako bat, beraz, birulentziaren aurkako terapiak garatu ahal izatea da.

Fernando Herránz-ek, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) Kimika Medikoko Institutukoak adierazi duenez “antibiotikorik ez erabiltzeko terapiak dira. Ez dute bakterioak zuzenean hiltzen, baina immunitate sistema estimulatzen dute bakterioen aurka aritu dadin. Antibiotikoak gaizki edo gehiegi erabiltzeagatik erresistentzia sortzea saihestu nahi da”.

Bere taldeak nanopartikula lipidikoekin lan egiten du, hidrofoboak diren edo uretan oso gaizki disolbatzen diren farmakoak edo konposatuak eraginkorrak izateko. “Helburua birulentziaren aurkako terapiak garatzea da, biopelikularen aurka arituz. Biopelikula bakterio asko garatzen dute babesa da, beren birulentzia indartzen duena eta antibiotiko askoren eragina eragozten duena. Nanopartikulen helburua biopelikula horiek disolbatzea eta deuseztatzea da, gero immunitate sistema bakterio horien aurka aritu dadin”.

Gaur egun, taldeak hainbat konposatu garatu ditu biopelikula deuseztatzeko edo haren eraketa galarazteko gai direnak. Konposatu horiek erresistentziarik ez sortzea ahalbidetzen dute, baita immunitate sistemak infekzioen aurka aritzea ere”.

PLASMIDOAK: ELEMENTU GENETIKO MUGIKORRAK

CSICren Bioteknologia Zentro Nazionaleko Álvaro San Millán-en laborategian, elementu genetiko mugikorrak aztertzen dituzte, zeinak bakterioetan antibiotikoekiko erresistentzia-mekanismoak sortzen dituzten. Elementu mugikor horiei plasmidoak deitzen zaie, ADN-molekula zirkularrak dira eta bakterioen artean zuzenean transferitu daitezke.

Ikertzaile talde horrek plasmido horien dinamika ebolutiboak aztertzen ditu: nola barreiatzen diren, nola eboluzionatzen duten eta “nola esparru klinikoetan bakterioetan bizirauteko gai diren, gero, ospitaleratzen dituzten pazienteak infektatzeko”, azaldu du San Millánek, eta gaineratu du lan-ildo horren azken helburua dela “estrategia terapeutiko berriak aurkitzea erresistentzia-mekanismo horiek daramatzaten bakterioak identifikatzeko”.

ETORKIZUNEKO ARRISKUAK

Antibiotikoek milioika bizitza salbatu eta salbatzen jarraitzen dute. César de la Fuentek dioenez “aurreikuspenen arabera, superbakterioei aurre egiteko farmako berririk edo beste estrategiarik sortzen ez badira, 2050. urtean eta hurrengoetan hamar milioi pertsona hilko dira urtean munduan. Horrek antibiotiko aurreko garaira itzultzea esan nahi du, infektaturiko urradura txiki batek heriotza eragiten ahal zuenean”.

Erreferentzia:

Serrano R., testua; Sanz G., ilustrazioa. 2023ko apirila. Resistencias a antibióticos: una amenaza no tan “fantasma”. Correo Farmacéutico.