LATXIKANA, ESKIULA BIHOTZEAN

Gaztetan, hogei bat urte nituela, garai hartako “Zeruko Argia” aldizkari miresgarrian, Eskiulari buruzko artikulu bat irakurri nuen. Harrituta gelditu nintzen, nik ordura arte ez bainekien deus Eskiulaz. Txillardegik izenpetzen zuen aipatu artikulua, eta nehoiz entzun gabeko datuak ematen zituen herriaz: “Barkoxe ondoan, Oloroeko bidean Eskiula izeneko herria dugu, mintzairaz eta kulturaz zuberotarra den arren, administrazio egiturez, Biarnoren barruan kokatua dagoena.” Orduz geroztik, izen hori gogoan atxikirik gelditu zait. Gerora bizitzak bi edo hiru aldiz eraman nau Eskiulara, eta bertako adiskideak egin ditut. Xiberotar pü-pürrak, hau da, zuberotar petoak, beraiek erraiten duten bezala. 2000. urtean, Eskiulak Pier Pol Berzaitzek idatzi “Madalena Jauregiberri” pastoral gogoangarria jokatu zuen, eta bertara ere hurbildu nintzen.

Pastoral ederra zinez, mendi artean emana. Süjeta, kantuak, dantzak, joküa, dena kolore eta bozkario. Kanthoreak Berzaitzek eginak ziren, baina azken kanthorea. “Eskiulatarren kanthorea” izenekoa, Pierre Latxikana eskiulatarrak egina zen, bost kobla edo bertsoz eta errepika batez osatua. Kantu horretan Maddalena Jauregiberri laidatzen zuen, normala den bezala, baina zenbait zehazkizun ematen zuen Eskiulaz. Horra hor:

Lehen kobla: “Urthiak herrokatürik / beharrüniak hartürik / sail berriari lothürik / Eskiula da iraüzirik. / Lehenoko denboratik / Herriak Üskal Herritik, / gure müga bazterretik, / mintzo gira sorlekhütik. // Hirugarren kobla: Biarnesa dügü aüzoko / lagün bat da guretako, / eztügü ez düdatzeko / “bascous” gira horentako. / Besta ederrik badügü / alagareki gozatzeko / khantü azkarrik beitügü / zuinek gorago emaiteko.”

1.- Eskiula herriaren nondik norakoak.-

Eskiula mintzairaz eta kulturaz herri zuberotarra da, dudarik ez, arazoa administrazio mailakoa da, berez, Biarnoren barruan kokatua baita. Zuberotarrek zuberotarra dela diote, eta Basabürüko eskualdekoa dela aldarrikatzen dute, Jean-Louis Davantek egiten duen bezala.

Iduriz, herria XV. mendean sortu zuten Biarnoko lurretan, eta barkoxtarrez populatu omen zuten. Orduz geroztik, Oloroeko administrazioaren menpe izan da. 1796ko urtarrilaren 23an, eskiulatarrek Barkoxeko euskal kantonamenduarekin bat egiteko erreferendum bat eskatu zuten, baina ez zieten erantzunik eman. Gaur, Iparraldeko Erkidegotik kanpo gelditu da, baina izatez, zuberotarra eta euskalduna izaten jarraitzen du. Herriko Etxean, Frantziako banderarekin batera, euskal ikurrina jarrita daukate.

Maskarada eta pastoral franko antolatu dituzte. Hauek dira ezagutzen ditugunak: Portugaleko Santa Isabela 1750an, Jerusalem 1827an, Karlomagno 1835ean, Napoleon 1912an, Bonaparte 1924an, Matalaz, Etxahun Irurik idatzia, 1955ean eta Madalena Jauregiberri, Pier Pol Berzaitzek idatzia, 2000. urtean. Azken horretan aipatu behar da arizale edo aktore guzti-guztiak emakumeak izan zirela.

Eskiulatar ospetsuak izan dira: Jean Larrasket (1885-1953), euskaltzalea eta euskaltzain urgazle izan zena. Martxel Tillous (1934-2009), apeza, luzaz Estatu Batuetako mendebaldeko euskaldunen kaperaua izan zena. Eta, Pierre Rousseu “Latxikana” (1941- ) kantari eta kantu-egile famatua. Azken hau dugu, 2000. urtean Eskiulak jokatu zuen pastoralaren azken kanthorea, lehen aipatu dudana, egin zuena.

Eskiula herria

2.- Jean Pierre Rousseu “Latxikana”.-

Jean Pierre Rousseu 1941ean sortu zen Eskiulan, Latxikana izeneko etxean, eta hori izan da orduz geroztik, izan duen ezizena: Latxikana. Gazte-gaztetik, lana zela eta, kanpora joan behar, Parisera, eta hango Euskal Etxeari beti lotua izan dena. Bizitza Paris eta Eskiularen artean eman du beti. Han, Parisen, 70.eko hamarkadan, herriminak deiturik, euskal kantu ainitz egin zituen, Euskal Etxean ziren zabaldu eta Euskal Herrira etortzean, han bizi ziren euskaldunek ama-lurrera ekarriak. Laster Latxikanaren kantu ederrak famatuak egin ziren Pariseko euskaldunen artean eta baita Eskiula eta Zuberoa osoan ere.

Latxikana

1992an, Xiberoko Zohardiak elkarteak Latxikanaren kantuak bildu eta “Latxikana, hogei urthe khantüz” izeneko liburuan plazaratu zituen. Txiripak ekarri zuen liburu hau nire eskuetara, behin, 2002an edo 2003an, Lextarreko plazan Allande Etxartek zuen liburu-denda ttikian hango materiala begiratzen ari nintzela topatu bainuen. Orduz geroztik, leku berezia hartzen du gure etxeko liburutegian, zubereraz idatzitako beste hainbat libururen artean.

Aipatu liburuan, Latxikanak aurkezpen moduan idatzi testu laburrean honela aurkezten digu bere burua: “Eskiulan sorthürik nüzü mila bederatzü eta berrogei ta batian, martxuaren hamalu-ian, laborari etxian. Phüntü harek nahi zian bezala, ükhen dit haur denbora xühür bena sano bat; lürreko lanak zer nahi sasuez, eskola, eliza, bena ere bai, mentüraz egünez den gaüza bat, herritarren eta aüzoen artian zen anaitarzün goxua, bata bestiaren lagüntzeko eta behar zelarik ere bai deskantzatzeko. Gazte-gaztetik hasi nündüzün Xiberuko dantza jauzien emaiten, herriko lagün zunbaiteki eta batx-batxa, üskarari bermatüz, khantore zunbaiten altxatzen.”

Eta segidan honako olerki polita eta adierazgarria ematen digu bere burua hobeto aurkeztu nahirik: “Txipi-txipitik mintzatzen niz eüskaraz / lehen elhia zuretako nik: ama./ Ondotik eman deitadazüt indarra / eüskaldün izateko fedez, arimaz. / Adina jiten zen bezala / erran deitazüt baziela / Eüskal Herrian zazpi probentziak, arraiñtzaliak portüetan, / mariñelak itsas untzietan, artzain salduak bortietan / pilota herriko plazetan.”

2012ko apirilaren 12an, urte hartako Xiberoa Kantüz kantaldian, Xiberoko Zohardia elkarteak omenaldi ederra eskaini zion Mauleko Jai Alaian eta Sohütako Kantariek, Xiberoko Jauna pastoraleko kantariek, Delphine Urrutiagerrek eta Maialen Larrorik, Santa Graziko Ürtxantxak, Pagolako Xamarrak, Henri eta Graxiana aita-alaba eskiularrek, Xiberoko Zohardiak, Altzürükütarrak, Dominika eta Niko Etxart aita-semeek, Robert Larrandabürü eta Xiberotarrak izeneko kantari eta taldeek haren omenez kantatu zuten. Mauleko Jai Aldia jendez bete zen eta omenaldi hori ahaztezina bilakatu zen bertara hurbildu ziren zuberotarrentzat.

Altzürükütarrak omenaldian kantuz

2012ko omenaldiaren afixa

3.- Latxikanaren kantuak.-

Lehen aipatu liburuan honako kantu ederrak agertzen dira, pentagramak eta guzti, den-denak Latxikanak eginak: Adio aita, adio ama, Agur eüskaldün izarra, Osagarria balin badügü, Txoritto bat, Gazte gira gazte, Pariseko Eskual Etxia, Agorrilako azken egünak, Khanta khanta gora, Eliza bestak, Xiberuko dantzariak, Üztailaren gora, Pilotaria, Ardu burrat bat, Maitha lana, Igantia jin zenian, Amodiua, Ahüzki bortian, Khanta khanta Xiberua, Urthe berria, Etxahun koblakari, Aita eta ama, Txori bat jin da khantari, Non dira non pilotariak, Maitia, Lagünt gitzak bortia, Eskual Herria, Maria Maidalena, Agur zuri Etxahun Iruri, Eskiula omenaldi, Aspaldi badü, Maite dügüla maite, Etxahun Iruri zenari, Xiberotarrak, Zaharren besta, Aita seme alabak, Herriko plazan, Khantaldila Gaiñdañera, Sohüta gure herria, Urth’oroz bezala, eta Orhitzapenetan. Osora berrogeita kantu txukun eta eder. Kantu horiez gain, bada hasieran, beste kantu bat, Eskiularra izena duena, adiskide batek Latxikanari eskainia dena.

Ene irudikoz, Latxikanaren kantu-uzta zabalagoa izanen da, baina tamalez ez ditut bestelako kantuak ezagutzen. Galduak ez direla izanen pentsatu nahi dut, eta egun batean, norbaitek den-denak beste edizio batean bilduko dituela, biharko euskaldunek ezagutu ditzaten. Gaur, nire kalkuluen arabera, Latxikanak laurogeita bi urte ditu, eta ongi legoke, bizirik delarik, bilduma eder bat, omenaldi gisa, plazaratzea.

Buka dezadan Eskual Herria izeneko kantuaren zenbait zati emanez, non Latxikanak argi eta garbi azaltzen digun Eskiulari, Zuberoari eta Euskal Herriari dien maitasun eta atxikimendu handia. Biba zu, Latxikana!

Lehen kobla: Üngürü bat egin düt sorlekhü ondo hortarat / etxeko ta aurhide adixkidien ikhusterat / herri barneko mendi bizkaretarik berriz begien bazkatzerat / baita leheneko lagüneki amodio kanthatzerat. // Errepika: Eskual Herria zure herria / ezta nihuntik ahal ülhüntzen. / zer batzarria zük sorlehia, / haurentako düzün begiratzen / Eskual Herriko gaztik, / hoben hobenetik, / maitha gaiza ororen gaiñetik / Herria bihotzaren erditik. // Bigarren kobla: Eskual Herrian bazterrak ederrez, amiragarri / oihanak berde eta barnen txoriak khantari / mendi gorako phatar zabalenetan ardiak xuri ageri / alde pian aldiz herri plazetan popülü bat jokülari.