MAITE MARTINCORENA ARRAIZA

 

Frekuentzia ultrabaxuan funtzionatzen duten bloke elektronikoak diseinatu dituzte tesi batean, Gauzen Interneteko gailuen funtzionamendua errazteko

Maite Martincorena Arraizak egin du ikerketa, NUPen

 

Maite Martincorena Arraiza Telekomunikazioko ingeniariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesian, kontsumo baxuko bloke elektronikoak garatu ditu, frekuentzia ultrabaxuan lan egin dezaketenak eta hedadura-kontsumo minimoa dutenak. Diseinu mikroelektronikoko teknika berritzaileekin egindako bloke horien helburua Gauzen Internetekin (IoT) lotutako gailuen funtzionamendua hobetzea izan da, zehazki hedadurari eta energiari dagokienez oso mugatuak dauden eremuetan.

Bere doktoretza-tesiaren izenburua “Microelectronic design for Internet of Things in hostile environments” izan da (Gauzen Interneterako diseinu mikroelektronikoa kontrako inguruneetan). Carlos A. de la Cruz Blas irakaslea eta Antonio López Martín katedraduna izan ditu zuzendari (NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailekoak biak), eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, baita nazioarteko aipamena ere.

Gauzen Internet gailu informatikoz osatutako sistema moduan defini daiteke. Sistema horrek aukera ematen du identifikatzaile indibidualak dituzten objektu, animalia edo pertsonak ingurunea detektatzen duten eta sare baten bidez datuak bidaltzen dituzten sentsore eta gailu elektroniko batzuekin konektatzeko. Datuak automatikoki aztertu eta prozesa daitezke sistemaren egoera eta errendimendua monitorizatzeko, baita anomaliak detektatzeko eta haiei konponbidea emateko ere.

 

Milaka milioi gailu

Maite Martincorenak azaldu duenez, munduan konektatuta dauden Gauzen Interneteko gailuen kopurua oso azkar ari da hazten. 2022an, 14.000 milioi gailu baino gehiago zeuden, eta 2025erako 27.000 milioi izatea aurreikusten da.

“Mikrotxipen (zirkuitu elektronikoen) oinarrizko osagaiak transistoreak dira”, adierazi du. “Tamainan etengabe txikitzeari esker, mikrotxipa eta gailua bera miniaturizatzea lortu da. Eta, horrek, beste arlo batzuetan egindako aurrerapenekin batera (hala nola konektagarritasun abiaduran, zenbatzeko gaitasunean eta soluzio teknologikoen kostuen murrizketan egindako aurrerapenak), mundu konektatu bat sortzen lagundu du, non teknologiari esker eragiketa asko optimizatu eta sinplifikatu egin daitezkeen (eragiketa industrialak, ekonomikoak eta pertsonalak).”

Testuinguru horretan, mikrosentsore sare batzuek –esaterako, osasuna monitorizatzeko edo ingurumena monitorizatzeko erabiltzen direnek– oso frekuentzia baxuko seinaleekin lan egiten dute (hertz bat baino gutxiagokoak) eta, aldi berean, iragazi beharreko interferentziak dituzte. “Hori dela-eta, diseinuari dagokionez erronka handia da frekuentzia ultrabaxuan jarduten duten eta hedadura-kontsumo minimoa duten zirkuituak sortzea Gauzen Interneteko aplikazioetarako”, adierazi du tesiaren egileak.

Diseinu mikroelektronikoko teknika berritzaile batzuen bidez, Maite Martincorenak kontsumo baxuko bloke elektronikoak garatu ditu (iragazkiak, handitzaileak, bihurgailuak). Bloke horiek gai dira frekuentzia ultrabaxuan eta hedadura-kontsumo minimoarekin jarduteko eta Gauzen Interneteko nodoen diseinuaren erronkei aurre egiteko, hedadura eta energia askoz gutxiago behar baitituzte.

 

CV laburra

Maite Martincorena Arraiza Telekomunikazio ingeniaria da NUPen. 2018an, Komunikazioaren, Bioingeniaritzaren eta Energia Berriztagarrien Teknologien Doktoretza Programan (TECOMBER) sartu zen, Carlos A. De La Cruz Blas eta Antonio López Martín doktoreek gidatuta. Doktoretza-tesia egiten ari zela, doktoretza aurreko hiru hilabeteko egonaldia egin zuen Circuits for Neural Interfaces taldean, Interuniversity Microelectronics Centre-ren (IMEC) Life Sciences sailaren barruan, Lovainan (Belgika).

Sei artikulu zientifiko ditu nazioarteko aldizkarietan argitaratuak, eta bat nazioarteko kongresuetan. Gainera, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Ikerketarako espainiar estatuko Agentziak (AEI) finantzatutako bi ikerketa-proiektutan parte hartutakoa da.

 

Argazkia: Maite Martincorena Arraiza NUPeko Arrosadiko campusean.