Latxa ardi sektorea krisian dago Elikadura Katearen Legea ez betetzeagatik
EHNE-Konfederazioak latxa ardi sektoreko abeltzainak Buztintxuriko Mercadonako supermerkatuaren inguruan bildu berri gara, Elikadura Katearen Legearen ez-betetze nabarmena salatzeko.
Datuak argiak dira, eta, sindikatu gisa, egoera hori salatuko diogu AICAri (Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia), baina, era berean, ofizioz jarduteko eta Elikadura Katearen Lege hori betearazteko exijitzen diegu agintariei. Non geratzen da abeltzaintza estentsiboaren aldeko apustua? Non dago arraza autoktonoen defentsa? Gure buruari etengabe egiten dizkiogun galderak dira. Guk latxa arrazarekin lan egiten dugu, ingurunera egokitutako arraza delako eta ez ahaztu ikusten dugun paisaia egiten dugun erabilera estentsiboari esker dela.
Latxa ardi-sektoreak bere ekoizpen-eredua balioesten duten eta merkatuan bere produktuaren kalitatea ziurtatzen duten tresnen aldeko apustua egiten jarraitzen du (Jatorri Deiturak), baina horiek administrazioen laguntza argia izatea eskatzen du, esku hartu behar baitute ekoizpen-baldintzek beharrezko errentagarritasunari eutsiko diotela ziurtatzeko, ustiategiak desager ez daitezen.
ARDI GAZTAREN EKOIZPENA
Esan bezala, azken hiru hamarkadetan latxa ardien sektoreak Jatorri Deituren (Idiazabal eta Erronkari) aldeko apustua egin du, urte hauetan guztietan, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin, prezio diferentzialak ahalbidetu dituen babesa lortzeko. Baina une honetan ez da nahikoa ekoizpen-baldintza errentagarriei eusteko, nahiz eta Erronkari eta Idiazabal oraindik ere oso preziatuak diren merkatuan, eta oraindik ere, banatzaile handiei interesatzen zaielakoz herrialdeko marketina eta salmenta egiteko.
Azalera handietan aurkitzen ditugun prezioak hain dira desberdinak, non ez dugun merkatu hori ulertzen. Erronkari Jatorri Deitura duen gazta marka jakin bati jarraipena egin diogu. Joan den astean Mercadonan, 17,68 euro/kiloan saltzen zen; Eroskin, 23,49 euro/kiloan; Alcampon, 23,81 euro/kiloan; eta Corte Inglesen, 33 euro/kiloan.
Erabiltzen ditugun datuen arabera, kilo bat gazta egiteko 6,5 litro esne behar dira. Litroaren kostua litroko 2,78 eurokoa da orain, eta, beraz, gazta kilo horren ekoizpen-kostua 18,07koa izango litzateke. Horri garraioa eta dendako salmenta-marjinak gehitu beharko litzaizkioke, eta, beraz, argi eta garbi, kate handietan saltzen den kasu horietako batean Elikadura Katearen Legea urratzen ari da.
Bai EAEn, bai Nafarroan, aldizkako gobernuek ahalegin bat egin dute jarraipen- eta ikuskapen-lanak diruz hornitzeko, bakoitzaren aurrekontuetan, Elikadura Katearen Legea bete dadin, baina hori ezerezean geratu da. Egiten ari den apurra ekoizleen, industrien eta banatzaileen arteko kontraturik ba ote dagoen kontrolatzera mugatzen da soilik, kontratu horiek legezkoak diren ala ez sakon aztertu gabe; izan ere, kasu askotan gehiegizko klausulek ekoizleak behartzen dituzte hitzartutako prezioak Elikadura Katearen legea betetzen duela sinatzera.
Hau salagarria da eta horixe egingo dugu. Mezua argia da. Lege bat ez da betetzen, eta guk aplikatzeko eskatzen dugu. EAEko eta Nafarroako exekutiboek ere ildo horretan lan egin behar dute.
ARDI-ESNEAREN EKOIZPENA
Egoera okerragoa da esne-ekoizleen artean, gazta egiten duten industriei saltzen baitiete beren produktua. Behatokiak, EAEko gobernuarentzat egindako txostena,esteka honetan kontsulta daiteke:
https://behatoki.eus/es/costes/estudio-de-la-cadena-de-valor-de-la-leche-de-oveja/
eta honako hau ondorioztatu du:
Litro bat ardi esne ekoizteak 1,627 euro balio du. Ekoizpen-kostua % 20 handitu da 2021etik, eta % 31 2020tik. Igoera horretan esku hartzen duten faktoreak elikadura-gastuak (2020tik 2022ra % 54 hazi dira) eta energia-gastuak (bikoitza baino gehiago handitu dira 2020tik, zehazki, 2020tik 2022ra % 121) dira.
Kostu guzti horiek ustiategian erabilitako eskulanaren kostu osoa hartzen dute kontuan, bai soldatapeko enpleguaren kostua, bai ordaindu gabeko eskulan propioaren kostu teorikoa.
EHNEk eskuartean dituen datuen arabera, gazta-industriek proposatutako kontratuak 16 pezetatik 19,5 pezetara bitartekoak dira litroko puntu bakoitzeko. Ikus daitekeenez, sektore honetan pezetatan hitz egiten da oraindik. Eurotara ekarrita, esne-litro bakoitzeko 0,9616 eurotik litroko 1,1719 eurora arteko tartea dugu. Argitu behar da puntua esne-litroko koipe- eta proteina-materiaren batura dela, % 10etik % 15era bitarteko balioekin. Kontratuetan ere badira mugak puntu horretan, % 14-%15ekoak, kontratuen arabera.
Kontzeptu horiek ezagututa, 0,9616-1,4424 eta 1,1719-1,7578 bitarteko urkila kontratuak ditugu.
Lehenengo kasuan bakarrik gainditzen da % 14-%15eko koipe eta proteina bidezko batez besteko prezioa, baina batez bestekoa urrun geratzen da. Era berean, aipatu behar da gantz eta proteina maila horiek kanpaina amaitzen denean bakarrik lortzen direla, esne litroak nabarmen jaitsiz.
Hala ere, datu garrantzitsuena eta azpimarratu nahi duguna da jezteko kanpainan zehar batez beste 11,80 puntu daudela koipea eta proteina (Idiazabalgo datuak), eta horrek 1,1346 eta 1,3828 euro arteko batez besteko prezio tartea ematen digu litroko, Behatokiaren txostenean jasotako ekoizpen-kostutik oso urrun, 1,627 eurokoa baita litroko. Logikoa denez, horrela ezin da lanik egin.
Inbertsioak, argindarraren fakturak, pentsuak, albaitariak, tailerrak eta abar ordaintzen ditugu, baina guri ez digu inork ordaintzen esne hori ekoizteagatik.
Gainera, gaur egun garestiago ordaintzen da kanpoko arrazen esnea Latxa edo Karrantzakoa baino (Jatorrizko Deituren barruan daude). Alde horretatik, eta Espainiako Estatuari dagokionez, Gaztelako esnea zen, historikoki, preziorik merkeena zuena. Orain esne horrek hemengoak baino gehiago kotizatzen du. (22.61 pezeta/1,3522 euro puntu bakoitzeko)
Industriak oharra kontuan hartu behar du. Elikadura Katearen Legea ez da betetzen ari. Sektoreak jarduera uzten badu, ibilbide gutxi geratuko zaio industria horri. Prezioek eboluzionatu egin behar dute, beste jatorri izendapen batzuetan egin duten bezala.
ERRONKARI ETA IDIAZABAL DEITUREN EGOERA
Idiazabal Jatorri izendapenean, pandemiak eta Ukrainako krisiak ez zuten lortu ekoizpen-bolumenari eragitea, ezta gaztaren salmentei eragitea ere; izan ere, 2021ean eta 2022an inoizko emaitzarik onenetako bat lortu zuten. Hala ere, 2023ko kanpainako datuek kontrako joera erakusten dute: Idiazabalgo ekoizpena % 4,4 jaitsi da apirilaren 30era arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Apirila izan da orain arte gaztaren ekoizpenean beherakada handiena izan duen hilabetea, % 8,53 hain zuzen ere 2022ko apirilaren aldean. Horren arrazoia joan den urteko lehorteak eragindako ekoizpen-kostuen igoera bortitza izan da. Lehorte horrek ere eragin handia izan du hutsik dauden ardi gehiago izan direlakoz eta, ondorioz, ekoizpena gutxiagotu da.
Gaztaren salmentek azken urteetako ibilbide positiboari eusten diotela dirudi, baina, hala ere, lortutako balioa ez da nahikoa, edo ez da elikatze-katean banatzen ari, esnearen ekoizpenari eusteko errentagarritasun nahikoa ahalbidetzeko.
Bestalde, 2020an 2.478.835 litro ekoiztu baziren Erronkari JDan, ekoizpenean % 13ko jaitsiera erregistratu da 2020-2022 urteen artean. Horiek, 55.000 kilo gazta gutxiago dira. Aurten 100.000 litro gutxiago jaso dira lehen hiru hilabeteetan, hau da, 15.000 kilo gazta gutxiago. Egoera kezkagarria, dudarik gabe.
D.O. Erronkari bezala, oso ondo dago Karlos III.aren domina edo Urrezko Almadia bezalako sariak jasotzea, baina ezer gutxirako balioko dute gure lana prezio justuen bidez errekonozitzen ez badute. Bihar Erronkari Gaztaren Eguna ospatuko da izen bereko herrian. Festa eguna izango da, baina gu ez gaude suziriak botatzeko.
LATXOKO FORORAKO DEIA
Azkenik, Latxoko Foroa ahalik eta lasterren biltzeko deia egin nahi dugu. Foro hori EAEko eta Nafarroako gobernuetako kideek, nekazarien sindikatuek, Jatorri Deituren ordezkariek, banaketako kideek eta enpresa eraldatzaileek osatzen dute.
Premiazkoa da egoera hau bideratzea. Sektorea etengabeko krisian dago.
You must be logged in to post a comment.