ZABALIK JADA PUNTO DE VISTA 18. JAIALDIAREN SEKZIO OFIZIALERA FILMAK INSKRIBATZEKO EPEA

Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdirako hautagaien harrera irailaren 6an amaituko da.

Punto de Vistak Sail Ofizialera filmak aurkezteko deialdia ireki du hemezortzigarren edizioan. 2023ko irailaren 6an amaituko da filmak inskribatzeko epea. Inskribatzeko formularioa jaialdiaren webgunean dago eskura.

2021ko abuztuaren 1etik aurrera egindako film dokumentalek har dezakete parte jaialdiaren sekzio ofizialean, edozein nazionalitatetakoak izanik ere. Ez dira onartuko ez fikziozko filmak, ez instituzionalak edo publizitatekoak, ezta erreportajeak edo zeharo kazetaritza-izaera duten lanak ere. Ez dago mugaketarik gaiei, iraupenari eta jatorrizko hizkuntzari dagokienez.

Izen-emateak 5 euroko prezioa du, eta jaialdiaren webgunearen bidez egiten da dagoen formularioaren bidez egin daiteke.

Hautatutako filmak jaialdiaren hemezortzigarren edizioaren parte izango dira, Iruñean, 2024ko martxoaren 11tik 16ra bitartean.

Hautaketa-batzordea

2024ko Punto de Vista Sail Ofizialeko hautaketa-batzordea jaialdiko Zuzendaritza Artistikoak, Manuel Asínek, eta zinema dokumentalaren arloko adituek osatuko dute.

Berrikuntza gisa, Anna Brufau Kataluniako Filmategiko programatzaileak bat egingo du Lucía Salasek, Pablo García Cangak eta Miguel Zozayak osatutako programazio batzordearekin.

Batzordeak urtarrilean emango du hautatutako filmen berri. Bere egitekoa lanak hautatzea izango da, jaialdiaren oinarri diren kalitate- eta sormen-ildoen eta ideien arabera:

  • Punto de Vistaren ustez, dokumentala elkargune bat da.

  • Punto de Vista hainbat mailatan elkarrizketak sortzeko gunea da, hausnarketara eta ezagutzara bideratuta.

  • Punto de Vistak arreta berezia eskaintzen die beren lana proposamen arriskutsu eta bilatzaile bihurtzen duten zinemagile eta artistei.

  • Punto de Vistak pelikulek bertan parte hartzen duten pertsonekin eta ikusleekin duten konpromiso etikoa baloratzen du.

  • Punto de Vista sail ofizialak errealitatearen ezagutza eta adierazpen independentea sustatzen ditu.

  • Punto de Vista zinema dokumentalaren ospakizun bat da

 

Epaimahaia eta saria

Datozen hilabeteetan nazioarteko epaimahai bat izendatuko da, sektoreko aditu eta profesionalekin. Punto de Vista 2024 Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren amaiera-ekitaldian emango du aditzera epaitza.

Epaimahai sari ofizialak erabakiko ditu:

  • Film onenari Punto de Vista sari nagusia, 10.000 eurokoa. Epaimahaiak bere ustez jaialdiaren sekzio ofizialaren film onena izandakoa proposatuko du, modu arrazoituan, sarirako, iraupena eta nazionalitatea edozein izanik ere.

  • Zuzendaritza onenari Jean Vigo sari nagusia, 5.000 eurokoa. Sariak Jean Vigoren figura ohoratu nahi du, eta haren lana adierazten duten balio etiko eta formalak hobekien islatzen dituen atal ofizialeko filma proposatuko du, modu arrazoituan, sarirako.

  • Film labur onenari saria, 3.000 eurokoa. 35 minutuko edo gutxiagoko film onena proposatuko da sarirako.

  • Aipamen bereziak: Epaimahaiak bi aipamen berezi, gehienez, egin ditzake, sari ekonomikorik gabe biak.

Gainera, honako sari berezi hauek ezartzen dira:

  • Publikoaren Sari Berezia, 1.650 eurokoa.

  • Gazteen Saria, 1.500 eurokoa.

Horrela, Punto de Vistaren edizio berri bat jarriko da abian, aurten ere sorkuntza zinematografiko dokumentalerako erpin izan nahi duena. Zinemagileen eta ikusleen arteko topaketa honek, aurreko edizioan bezala, lurralde eta gai mugarik gabe zinema dokumentalaren bidez errealitatea ulertzeko modu berritzailea aurkezten duten ikus-entzunezko produktuetan jarriko du arreta.