Gaur egun, biztanleriak badaki eguzkia aliatu handia dela: argia eta beroa emateaz gain, D bitamina sintetizatzen laguntzen du, zirkulazio-sistema estimulatzen du, patologia dermatologikoetan laguntzen du (psoriasia, adibidez), serotonina jariatzea estimulatzen du… Baina eguzkia modu desegokian hartzen badugu etsaia ere izan daiteke; esaterako, eritema, eguzki-erredurak, orbanak, larruazalaren zahartzea eta minbizia (zelulen DNA kaltetzen du) eragin ditzake. Eguzkitik babestea eta eguzkitan modu seguruan egotea da kalte horiek prebenitzeko estrategiarik onena.
Urte sasoi honetan biztanleriak galdera asko egiten digu farmazietan eguzki-esposizioari buruz. Jarraian, ohikoenei erantzuten saiatuko gara.
Nola eman eguzki-babeslea?
Eman buruaren alde guztietan: belarrietan, soilguneetan eta aurpegian; baita besoetan, oinetan, hanketan, bularrean eta bizkarrean ere. Eman bi orduz behin, eta bainua hartu ondoren berritu.
Noiz eman behar da eguzki-babeslea?
Eguzki-babeslea ematea azken urratsa da. Lehenik garbiketa egiten da eta tratamenduak aplikatzen dira; minutu batzuk itxaron behar da ondo xurgatu arte, eta, azkenik, eguzki-babeslea ematen da.
Eta makillatzen bada?
Makillajea erabiliz gero, eguzki-babeslearen ondoren emango dugu, ahaztu gabe eguzki-babeslea 2 ordu pasatu ondoren berriro emango dugula.
Eguzki-babesa ahotik hartzen bada, ez da jada babes fisikorik erabili behar?
Ahotiko eguzki-babeslea erabili ahal da fotobabesle kosmetikoen osagarri gisa, sinergiaz aritzen baitute, baina babes-fisikoak ez ditu ordezkatzen.
Zer iragazki mota daude? Zer dira iragazki biologikoak?
Iragazki organikoak (edo kimikoak): larruazala babesten dute erradiazioa xurgatuz. Narritagarriak izan daitezke.
Iragazki inorganikoak (edo fisikoak, mineralak): larruazala babesten dute erradiazio ultramorea (UV) sakabanatuz. Egonkorragoak eta seguruagoak dira, eta alergiak eta narritadurak eragiteko arrisku gutxiago dute.
Iragazki organomineralak: eguzki erradiazioa xurgatzen eta sakabanatzen dute.
Iragazki biologikoak: antioxidatzaileak dira. Eguzkiak eragindako kaltea arintzen dute, zitozinen eta oxigeno-espezie erreaktiboen (ROS eta erradikal askeak) formazioa murriztuz eta metaloproteinasen espresioa gutxituz. Horietako batzuk, polifenolak, flabonoideak, C bitamina, E bitamina eta karotenoideak dira.
Zer alde dago SPFren eta PA+++ren artean?
Nomenklatura desberdinak dira. Erradiazio ultramorearen aurkako babes-faktorea zehazteko erabiltzen dira.
SPF (Sun Protection Factor-Eguzki-babesaren faktorea) UVB erradiazioaren aurkako babes-maila adierazten duen balioa da.
UVA erradiazioaren aurkako babesa zirkulu baten barruan idatzitako “UVA” siglarekin adierazten da.
Badira UVA erradiazioaren aurkako babesari buruzko beste nomenklatura batzuk, esate baterako japoniarra, PA+ tik (baxua) PA++++ ra (oso altua) doana.
Zein alde dago erradiazio ultramore (UV), infragorri (IG) eta ikusgaiaren (VIS) artean?
UVB erradiazioak 280 eta 320 nm (nanometroa: metro baten mila milioirena) arteko uhin-luzera du, epidermisean xurgatzen da, eta eritemaren eta eguzki-erreduraren erantzulea da. Gainera, azaleko minbizia izateko arriskua handitzen du, DNA kaltetzen duelako (mutagenesia).
UVA erradiazioa, 320 eta 400 nm artekoa, UVB erradiazioa baino gehiago sartzen da, eta DNA zeharka kaltetzen duen erradikal askeak sortzen ditu. Horrek azaleko minbizia izateko arriskua areagotzen du, eta hodiak zein kolagenoaren eta elastinaren zuntzak kaltetzen ditu, fotozahartzea eraginez. Hiperpigmentazioa ere eragiten du.
Argi ikusgaia, 400 eta 700 nm artekoak, hiperpigmentazioak eta fotodermatosia eragiten du, batez ere.
Infragorriak (IR) 700 eta 1400 nm arteko uhin luzera du, eta sartzeko ahalmen handiena duena da. Hipodermiseraino iristen da.
Argi ikusgaiak zein infragorriak larruazalean erradikal askeak sortzen dituzte.
Eguzki-kosmetiko koloredunek berdin babesten dute?
Bai. Kosmetikoetan, adierazten den babes-faktorea fidagarria da, betiere behar bezala ematen bada.
Toxikoa al da eguzki-babeslea?
Ez. Europar Batasunean merkaturatzen diren produktu kosmetikoak seguruak dira eta etengabe aztertzen eta ebaluatzen dira.
Eguzkitik babesteko produktuak disruptore endokrinoak dituzte?
Zenbait ikerketek frogatzen dute iragazki batzuk odolean sartzeko gai direla eta disruptore endokrino gisa jardun dezaketela; hori dela eta eguzki-babesleek izan ditzaketen iragazki-dosiak kontrolatuta, araututa eta etengabeko ebaluazioan daude, produktu horien segurtasuna bermatuta gera dadin.
Zein alde dago fotosentikorraren eta fotosentsibilitzailearen artean?
Substantzia fotosentikor bat eguzki-argitan ezegonkorra da, bere propietateak alda daitezke eta eraginkortasuna gal dezake.
Substantzia fotosentsibilitzaile batek larruazaleko erreakzio anormala eragiten du, erabili eta gero eguzkitan jartzean.
Beltzaran dagoena ez du eguzki-babesgarririk erabili behar?
Beltzaran jartzea eguzkitik babesteko defentsa-mekanismo bat da. Eguzkiak eragindako kalte bat egon dela adierazten du. Beltzaran egon arren eguzkiak kalte egiten jarraitzen du, eta, beraz, babestu egin behar da.
Autobrontzeatzailea erabiltzen bada?
Autobrontzeatzaileak ez du benetan beltzarantzen: gure larruazaleko geruza korneoaren tindaketa edo oxidazioa eragiten du. Ez du babesik ematen, eta, beraz, beharrezkoa da eguzki-babesa aplikatzea.
30 minutu lehenago aplikatu behar da eguzki-babeslea?
Iragazki fisikoek produktu eman eta berehala babestu egiten dute. Iragazki kimikoek, berriz, denbora gehiago behar izaten dute eraginkorrak izateko. Babesle gehienek iragazki-nahaste bat daramate, eta, beraz, ez litzateke beharrezkoa izango 30 minutu lehenago aplikatzea. Nahikoa da minutu gutxi batzuk itxarotea. Garrantzitsua da, ordea, etxetik irten aurretik eguzki-babeslea ematea, eguzkiarekiko esposizioa ere bidean gertatzen baita.
Zer alde dago waterproof-aren eta water resistant-aren artean?
Waterproof-k iragazgaitza esan nahi du eta zehazten du eguzki-babesleak 20 minutuko 4 urperatze jasaten ahal dituela; water resistant-k urarekiko erresistentea esan nahi du eta adierazten du 20 minutuko 2 urperatze jasaten ahal dituela.
Gainera, rubproof terminoa erabiltzen da, hau da, eguzki-babeslea marruskadurekiko erresistentea dela, baita sweatproof ere, izerdiarekiko erresistentea, alegia.
SPF 30 babes nahikoa al da?
SPF 30 babes handia den arren, eta nahikoa izan beharko lukeen arren, norberaren fototipoaren eta aplikaturiko kantitatearen araberakoa izango da. SPF 50+ babes-faktorea, batez ere, aurpegian eta beste gune sentikorretan gomendatzen da babes handiagoa ziurtatzeko.
Sei fototipo daude: I fototipotik (azal oso argia, FPS 50+) VI fototipora (azala, ilea, begi beltzak, FPS 20)
Bi ordu igaro ondoren, ez du jada eguzkitik babesten?
Ikerketen arabera, iragazkiek bi ordu irauten dute larruazalean. Denbora hori igarota, babesa gutxitzen hasten da, eta, beraz, larruazalaren babesa mantendu nahi bada, berriro ere eguzki-babesa aplikatu behar da.
Iazko eguzkirako produktua erabili ahal da?
Produktu kosmetikoa ireki ondorengo gehieneko eraginkortasun-denbora zehazten duen PAO (period after opening, ireki ondorengo denbora) igaro ez bada, erabil daiteke.
Zer alde dago SPF50ren eta SPF50+ren artean?
Europako Batzordearen 2006/647/CE Gomendioak eguzki-babeseko produktuen eraginkortasunari dagokionez, honako hau esaten du:
Babes baxua: FPS 6tik 10era.
Babes ertaina: FPS 15etik 25era.
Babes altua: FPS 30etik 50era.
Babes oso altua: FPS 50+ (60 edo gehiago).
FPS 50+ faktoreak 50etik 100era hartzen du. Azken hau izango zen altuena. Nomenklatura hau aplikatzen da 50 eta 100 arteko aldea oso txikia delako, eta erabiltzailea ez nahasteko. SPF50+ ezarri zen 60tik gora dauden faktore guztiak kontuan hartzeko.
Zer da UV erradiazio-indizea eta non kontsulta dezaket?
Erradiazio ultramorearen indizea (UVI) Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) definitutako eta nazioartean onartutako balio bat da, eguzki-erradiazioa neurtzen duena eta arrisku-mailaren eta eguzki-babeserako gomendio egokien arteko erlazioa definitzen duena.
Zenbakizko balio bat da, 0 eta 11 artekoa, eta mugikorraren denboraren app-an ere kontsultatu ahal da. UVI 1 eta 2: ez dago babes-beharrik; UVI 8-11: babes handia behar da.
Zein forma kosmetikok babesten du gehien?
Forma kosmetiko guztiek berdin babesten dute, betiere behar bezala aplikatzen baditugu. Ez da gauza bera izango krema formako eguzki-babesle bat edo lanbro formako (spray formako eguzki babeslea) eguzki-babesle bat edo fotomakillatzaile bat aplikatzea. Babes egokia lortzeko, eguzki-babeslea arretaz aplikatu behar da, forma kosmetikoaren arabera.
SPF 50 eguzki-babeslea erabilitzen bada, zergatik erretzen da?
Normalean, eguzki-babeslea behar bezala eta behar den kantitatean aplikatu ez delako gertatzen da hori. Ikerketek ohartarazten dute aplikaturiko kantitatea, oro har, behar baino txikiagoa dela; gainera, ez da ahaztu behar bi ordutik behin aplikatu behar dela, eta bainatu ondoren ere bai.
Medikatzen ari denak eguzki-babesleak erabil ditzake?
Medikamentu batzuk fotosentsibilizatzaileak dira, beraz, arreta berezia izan behar dugu eguzkiaren aurrean, fotodermatosia errazago eragin baitezakete. Hauek dira ohikoenak:
Antibiotikoak: tetraziklinak, azitromizina, nitrofurantoina, ziprofloxazino.
Antiinflamatorio ez-esteroideak: ibuprofenoa, naproxenoa, diklofenakoa.
Antihistaminikoak: zetirizina, ebastina, loratadina.
Antiultzerosoak: omeprazola, ranitidina.
Antiakneikoak: isotretinoina.
Antidepresiboak: desbenlafaxina, fluoxetina, sertralina.
Sexu-hormonak: estrogenoak, progestagenoak, ahozko antisorgailuak.
Diuretikoak: tiazidak, furosemida.
Antineoplasikoak: kapecitabina.
Hipolipemiatzaileak: estatinak.
Zein eguzki-babesle aplikatu behar zaio haurxo bati?
Sei hilabetetik beherako haurrek ez dute eguzkitan egon behar; hori dela eta, eguzki-babesleek beti adierazten dute adin horretatik aurrera erabiltzen direla. Edonola ere, beti erabiliko dira iragazki fisikoak dituzten eguzki-babesgarriak alergiak saihesteko, umetxoaren azala oso delikatua baita. Bizitzako lehen urteetan eguzki-erradiazioarekiko esposizioak eragiten du eguzki-kaltearen inzidentzia handiagoa izatea helduaroan.
Umetxoaren azala meheagoa da, horregatik, adin horretan, erradiazioaren xurgapen perkutaneoa handiagoa da eta ur transepidermiko gehiago galtzen da. Adin horretan, eguzki-erredura batek bikoiztu egin dezake helduaroan azaleko minbizia izateko arriskua.
Zer aplikatzen da lehenik: eguzki-babeslea edo eltxo-uxatzailea?
Lehenik eguzki-babeslea aplikatzen da eta, 20-30 minutu geroago, intsektu uxatzailea. Garrantzitsua da gogoratzea 2 orduz behin eguzki-babeslea berriro aplikatu behar dela.
Eguzki-babesle berak balio al du familia osoarentzat?
Haurrentzako eguzki-babeslea bada, balio du. Helduentzako eguzki-babeslea ez da haurrengan aplikatu behar alergiak saihesteko.
Eguzki-babesaren erabilera eragiten al du D bitaminaren maila baxuak izatea?
Ez dago ebidentzia zientifikorik eguzki-babesleek D bitaminaren sintesia murrizten dutela esateko. Eguzki-babesaren eguneroko erabilerak ez du bitamina hori xurgatzea eragozten, ezta haren mailak nabarmen murrizten ere; izan ere, eguzki babeslea ez da behar adina ematen eguzkiaren eraginpean dauden azalaren eremu guztietan, eta, horrela, erradiazioaren zati bat zeharkatzen da.
Behar den D bitamina sintetizatzeko nahikoa da UVB erradiazioaren esposizioa hanketan eta besoetan 15 minutu udan. Neguan denbora gehiago behar da eta azalera handiagoa hartu; beraz, aurpegiko eguzki-babesle baten erabilerak ez du D bitaminaren sintesia arriskuan jartzen.
Kontuan hartzekoa:
Ezpainetarako eta eremu sentikorretarako babes espezifikoa erabiltzea, baita betaurrekoak, txapela eta babes fisikoko beste elementu batzuk ere.
Urtean behin dermatologoagana jo orin susmagarriak berrikusteko (gogoratu gaztelaniazko ABCDE siglak adierazten duen araua non orinak asimetriaren -A-, ertz irregularraren -B-, kolore ez-uniformearen -C-, 2 mm-tik gorako diametroaren -D- eta bilakaeraren arabera -E- sailkatzen diren).
Medikamentu fotosentsibilitzaileak hartzen dituzten pazienteek kontuz ibili behar dute eguzkiarekin, eta behar diren neurriak hartu.
Erreferentzia:
M.ª Teresa Pardo Merino-k el farmacéutico aldizkarian argitaraturiko “Preguntas y respuestas sobre protección solar” lanetik ateratako oharrak. “el farmacéutico”, 621. zb., 2023ko maiatza.