GAIXOTASUN ARRAROEN ERREGISTRO DISEINUA

 

NUPeko Ingeniaritza Biomedikoko Graduko ikasleak gaixotasun arraroen erregistro baten diseinua simulatzen duten sistemetan aritu dira lanean

Marta Velasco (IITIGMET) eta Esther Vicente (Osasun Zientzien Fakultatea) irakasleak elkarlanean aritu dira ikuspegi sanitarioa eta teknologikoa irakasgai batean bateratzeko

 

Ingeniaritza Biomedikoko Graduko “Informazio Klinikorako Sistemak” irakasgaiko hogeita hamabi ikaslek taldeka egin dute lan ikasturte honetan gaixotasun arraroen erregistro bat simulatzen duen informazio klinikoko sistema bat diseinatu eta garatzeko. Ideia hori Marta Velasco (Estatistika, Informatika eta Matematika Saila) eta Esther Vicente (Osasun Zientzien Saila) irakasleen lankidetzaren emaitza da. Esther Vicente, gainera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (ISPLN-NOPLOI) Nafarroako Gaixotasun Arraroen Erregistroko (RERNA) teknikaria da. Lana, beraz, unibertsitateko bi ikastegiren arteko sinergiaren ondorioa da: Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa (IITIGMET) eta Osasun Zientzien Fakultatea.

Aipatutako irakasgaiak informazio klinikoko sistemen azterketa du ardatz, historia kliniko digitalarena kasu. Funtsezkoak diren zenbait alderdi aztertzen dira, hala nola informazio klinikoaren sailkapen eta irudikapen bat erabili beharra, sistemen arteko elkarreragingarritasuna aztertuz. Aurreko guztiarekin, lanean ari dira eremu soziosanitariorako, ospitalekorako eta asistentziakorako datu-baseak diseinatu, garatu eta erabiltzeko. Zehazki, irakasgaian planteatutako sistema garatzeko, Esther Vicente irakasleak ikasleei azaldu zien Gaixotasun Arraroen Nafarroako Erregistroan (RERNA) zer-nolako zailtasunak dituzten beharrezko informazioa eskuratu eta gutxienez gaixotasun arraroren bat diagnostikatua duten pazienteen kasuak behar bezala txertatzeko.

Ariketak 10 pertsonako taldeetan egin zituzten, eta talde bakoitza gaixotasun arraro jakin batean zentratu zen (Gaixotasun Arraroen Estatuko Erregistroan jakinarazitakoen arteko bat). Ariketetan, zenbait azalpen eman behar zituzten aukeratutako gaixotasunari buruz: zertan datzan, prebalentzia-datuak, sintomak, herentzia eta tratamenduak, eta, horretarako, datuak erabiltzeko eta bistaratzeko zenbait teknologia erabili zituzten. Amaierako lana azken notaren % 60 da.

 

Datuak gurutzatzea kasuen detekzioa hobetzeko

Esther Vicentek ikasleei zehaztu zizkien zailtasun nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: alde batetik, balizko kasuak atzemateko iturri gisa balio duten osasun erregistroen heterogeneotasuna, sailkapen sistema desberdinak erabiltzen baitituzte; eta, bestetik, gaixotasun arraro askok dituzten kodeen espezifikotasunik eza; izan ere, horren ondorioz zaila da haiek aztertzea, kasu bakoitza zehatz-mehatz berrikusi behar baita diagnostikoa gaixotasun arraro batekin bat datorrela egiaztatzeko.

Irakasleak azaldu duenez, faktore horien eta beste batzuen ondorioz ez da erraza osasunaren arloko informazio sistemetan gaixotasun arraroak ikusaraztea, eta agerian gelditzen da askotariko datu iturrietan oinarritutako gaixotasun arraroen erregistroek nolako garrantzia duten haiek behar bezala aztertu eta kuantifikatzeko eta adierazle epidemiologikoen zenbatespena errazteko. “Askotariko informazio iturrien artean datuak gurutzatzea eta aztertzea funtsezkoa da kasuak detektatzeko gaitasuna maximizatzeko eta erregistroaren sentikortasuna handitzeko”, zehaztu du.

 

Teknologiaren eta premia medikoen arteko sinergia

Lankidetza horren esperientzia oso positiboa izan da, eta datozen urteetan jarraipena eman nahi diote irakasgai horretan; gainera, elkarrekikotasunaren aukera planteatzen ari dira, Erizaintzako edo Medikuntzako graduetako zenbait irakasgaitan ikuspegi teknologikoagoa emanez. “Osasunaren arloan, gero eta garrantzitsuagoa da arlo desberdinetako profesionalen arteko komunikazio egokia, hots, asistentziaren arloko langileek teknologiaz jakitea eta teknikariek haien premiak ulertzea eta, premia horiei konponbidea emateko, informazio sistemetan islatzen jakitea”, adierazi du Marta Velasco irakasleak. “Ikasleek modu praktikoan ikasi dute zer garrantzitsua den kodetze klinikoa eta elkarreragingarritasuneko estandarrak eta informazio egituratua erabiltzea; hala, errazagoa izanen da informazio medikoa eskuratzea eta trukatzea, eta jakintza areagotuko da”, erantsi du.

 

Argazkia: Amaierako lanetan parte hartu duten ikasleak, Marta Velasco eta Esther Vicente irakasleekin.