J. ENRIQUE VÁZQUEZ-LOZANO

 

Enrique Vázquez-Lozanok Irratiaren Nazioarteko Batasunaren Ikertzaile Gaztearen sarietako bat irabazi du eremu elektromagnetikoen teorian egindako lanagatik

Saridunak NUPen egiten du lan, “Near-Zero-Index NAnophotonic TECHnologies” europar proiektuan, doktoretza ondoko Juan de la Cierva kontratu batekin

 

Enrique Vázquez-Lozano Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoretza ondoko ikertzaileak Irratiaren Nazioarteko Batasunaren (URSI) Ikertzaile Gaztearen Sarietako bat irabazi du (Young Scientist Awards). Sari horrekin, 35 urtetik beherako ikertzaileek eremu elektromagnetikoen eta horien aplikazioen teoriaren arloan egindako lana aitortzen du URSIk. Gaur egun, J. Enrique Vázquez-Lozano “Near-Zero-Index NAnophotonic TECHnologies” (NZINATECH) europar proiektuan ari da lanean, Iñigo Liberal Olleta buru dela.

Saria maiatzaren amaieran eman zen ezagutzera, Vancouverreko (Kanada) Columbia Britainiarreko Unibertsitatean (UBC) egindako “International Symposium on Electromagnetic Theory” (EMTS 2023) delakoan. Zehazki, “New Thermal Emission Effects in Temporal Metamaterials” da lan sarituaren izenburua, eta honako hau du aztergai: aldi baterako metamaterialen erabilerari esker agertzen diren (edo induzituak diren) emisio termikoko efektu berrien aurkikuntza teorikoa. Metamaterialak erradiazio elektromagnetikoarekin lotutako propietate jakin batzuk lortzeko modu artifizialean sortutako materialak dira. Bestalde, emisio termikoa beroa transferitzeko oinarrizko hiru mekanismoetako bat da, eroankortasunarekin eta konbekzioarekin batera, eta, menderatzen zaila den portaera izan arren, nanofotonikaren arloan egindako aurrerapenek emisio termikoaren zenbait propietate kontrolatzea lortu dute.

Testuinguru horretan, saritutako lanak oso ikuspegi disruptiboa du, ekuazio horretan denbora-dimentsioa sartzen baitu. Saritutako ikerketan agerian jartzen den bezala, elementu horrek erradiazio termikoaren fisikaren arloan guztiz berriak diren propietate eta efektuak sortzen ditu materialetan.

 

Izangaiak aukeratzeko prozesua

Saridunak aukeratzeko prozesuak bi fase izan zituen. Lehenbiziko fasean, kongresuan aurkeztutako lan guztien artean, Sembiam Rengarajan irakaslea (Kaliforniako Estatu Unibertsitatea) buru izan zuen batzorde ebaluatzailearen iritziz interes eta/edo inpaktu zientifiko handiena zutenak aukeratu ziren, oinarrizko ikuspegia nahiz ikuspegi aplikatua erabiliz horretarako. “Fase horretako finalistok jardunaldi trinko batez gozatzeko aukera izan genuen, non ospe handiko zenbait irakaslek ikasgaiak eman zituzten”, azaldu du J. Enrique Vázquez-Lozanok.

Jardunaldi hori amaitzean, aukeraketaren bigarren fasea hasi zen. Finalistek poster saio batean aurkeztu zituzten beren lanak, 8 ikertzaile independentek osatutako panel baten aurrean, zeinek alderdi hauek baloratu baitzituzten: lan bakoitzaren kalitate zientifikoa, izangaien ikerketa-esperientzia, lanak azaltzeko trebetasuna eta planteatutako galderei erantzuteko gaitasuna. J. Enrique Vázquez-Lozanoren lana azken fasera iritsi zen, eta, ondorioz, diploma bat eman zioten aitorpen moduan; halaber, kongresuan izena emateagatiko gastuak ordaindu zizkioten, baita ostatukoak ere.

 

Egungo posizioa NUPen eta abian dituen ikerketa-ildoak

Valentziako Unibertsitate Politeknikoan (UPV) doktoretza amaitu ondoren, J. Enrique Vázquez-Lozano Fisikako lizentziaduna NUPeko Antenen Taldean sartu zen, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailean, doktoretza ondoko ikertzaile gisa lan egiteko NZINATECH proiektu europarrean, zeinean Iñigo Liberal baita buru. Gaur egun, proiektu berean jarraitzen du, prestakuntzako Juan de la Cierva kontratu batekin.

Une honetan J. Enrique Vázquez-Lozano lantzen ari den ikerketa-ildoak honako eremu hauekin daude loturik: optika kuantikoa, denboran aldatzen diren bitartekoak eta emisio termikoa, baita elektromagnetismoaren, optikaren eta fotonikaren funtsezko alderdiak ere. Modu espezifikoagoan, egitura nanofotonikoetako interakzioen eta efektu fotonikoen modelatze teorikoan oinarritzen da bere lana, optika kuantikoan oinarritutako ikuspegi batetik. Gaur egun, laborategian zenbait proiektu dituzte martxan. Proiektu horietan, arestian azaldutako lana zabaltzen saiatzeaz gain, denboran aldakorrak diren baliabideetan oinarritutako aplikazio fotonikoetarako beste konfigurazio batzuk aztertzen eta garatzen ari dira ikertzaileak.

 

Argazkia: J. Enrique Vázquez-Lozano, NUPen.