INGENIARITZA TERMIKOAREN ETA FLUIDOEN IKERKETA TALDEA

 

 

NUPeko Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen Ikerketa Taldeak milioi bat euro inguru lortu ditu 7 proiektu eta 2 kontratu garatzeko

 

Talde horretako burua David Astrain Makina eta Motor Termikoen katedraduna da; talde hori Estatuko Ikerketa Planaren 4 proiektu ari da garatzen aldi berean

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen Ikerketa Taldeak (ITF), David Astrain Ulibarrena Makina eta Motor Termikoen katedraduna buru duenak, milioi bat euro inguru lortu ditu berriki zazpi proiektu lehiakor eta bi kontratu garatzeko. Proiektu horietatik lau espainiar estatuko ikerketa planekoak dira, eta beste hirurak Nafarroa Garaiko Gobernukoak eta FEDER funtsetakoak. Kontratuetako bat, berriz, Kanarietako Gobernuarekin egin dute, eta, bestea, Exkal enpresarekin. Taldearen ikerketa-ildo nagusiei buruzkoak dira horiek guztiak, eta guztiek teknologia termoelektrikoa lantzen dute.

 

Zehazki, GEOTEG eta VIVOTEG proiektuek –espainiar estatuko ikerketa agentziarenak dira biak– bero geotermikoa oinarri hartuta energia elektriko berriztagarria sortzea dute ardatz, gailu termoelektrikoak eta efizientzia handiko fase aldaketa duten bero-trukagailuak erabilita horretarako. GEOTEG proiektuaren bidez, energia berriztagarria sortu nahi dute Timanfayako Parke Nazionalean (Lanzarote), parke horretako jatetxearen hornidura elektriko eta termikorako; izan ere, jatetxe horrek gaur egun errekuntza-motor bat erabiltzen du energiaz hornitzeko. Espainiar estatu planaren proiektu horrek jarraipena du NUPeko ITF taldeak instalazioa industria-eskalan egiteko Kanarietako Gobernuarekin irekita duen lizitazioan; hala, ikerketatik transferentzia teknologikorako urratsa emanen da.

 

Bestalde, eta ikerketa-ildo horren barnean, VIVOTEG proiektuaren helburu nagusia da sorgailu termoelektrikoak garatzea 2024ko eta 2025eko kanpaina polarretan haiek Antartikan instalatzeko, hain zuzen “Gabriel de Castilla” izeneko basean, zeina Deception uhartean baitago. Sorgailu horien helburua da energia elektriko nahikoa ekoiztea Deception uhartean sumendiak aztertzeko eta zaintzeko ezarrita dauden ekipamendu zientifikoak etengabe elikatzeko. “Antartikako ingurumen baldintza gogorren ondorioz, eta negu osoan eguzkirik ez dagoenez, gaur egun ezinezkoa da eremu horri buruzko informazio zientifikoa denbora errealean lortzea, ezta, beraz, haren jarduera bolkanikoari buruzkoa ere, ez baitago energia elektrikoaren hornidura fidagarririk lortzeko modurik”, adierazi du David Astrainek. “Hortaz, hori da proiektuaren helburua, planetako eremu horretan urte osoan zehar datu geofisikoak eskuratu eta igortzeko aukera emanen duen energia elektrikoa ekoiztea, taldeak nazioarteko patente baten bidez babes-fasean dituen gailu termoelektrikoak erabiliz”, erantsi du.

 

Hozte komertzialaren arloko energia-kontsumoa

 

Taldearen beste ikerketa-ildo garrantzitsu bat NOTEVAC proiektua da, hori ere espainiar estatuko ikerketa agentziarena, Castellóko Jaume I Unibertsitateko ikertzaileekin koordinaturik egiten ari direna. Proiektu horren helburua da hozte komertzialeko sistemen energia-kontsumoa murriztea, lurruna konprimitzeko egungo sistemetan sistema termoelektriko berritzaile bat txertatuz, gai izan daitezen efizientzia handiak lortzeko, atmosfera berotzeko oso efektu txikia edo nulua duten fluido hozgarri naturalak erabiliz. Proiektu hori erakunde berek garatutako beste proiektu baten jarraipena da, zeinean CO2-arekin lan egiten duten hozkailu-altzari autonomoen kontsumo elektrikoa % 20 murriztea lortu baitzuten. Era berean, zerikusia du transferentzia teknologikoko kontratu batekin ere, hain zuzen ITF taldea Exkal SA Nafarroa Garaiko enpresarekin garatzen ari den kontratuarekin. Europako hozkailu-altzari komertzialen salmenten % 10 ekoizten du enpresa horrek.

 

Ildo horrekin lotuta, baina eraikuntzaren efizientziaren esparruan –esparru horrek energiaren kontsumo osoaren herena kontsumitzen du–, HeatPowerBox proiektua dago, Nafarroa Garaiko Gobernuak finantzatua eta taldeak CENER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin batera garatzen duena. Kasu horretan, bero-ponpa termoelektrikoko sistema bat garatzen ari dira energia gutxi kontsumitzen duten etxebizitzak klimatizatzeko eta haietan ur beroa izateko. Lurrun konpresioan oinarritutako aerotermiaren antzera, sistema termoelektrikoa gai da kanpoko inguruneko energia hartu eta errekuntza-galdarak baino 2-3 aldiz efizientzia handiagoa lortzeko, eta, gainera, sistema trinkoagoa eta sendoagoa du eta ez du fluido frigorigenorik erabiltzen.

 

Azkenik, biltegiratze termikoko sistemei buruzko bi proiektu garatzen ari da taldea: batetik, “Power to Heat to Power”, “Bateria Termikoak: TRIGERS” ere deitua, espainiar estatuko ikerketa agentziak finantzatua, eta, bestetik, FlexORCstorage, Nafarroa Garaiko Gobernuaren zentroen deialdikoa, NUPek eta CENERek garatua. “Energia berriztagarriak oso sartuak daude elektrizitate ekoizpenean, batez ere fotovoltaikoan eta eolikoan, eta adituek ohartarazi dute, horren ondorioz, urte batean edo bitan energia elektriko asko sobratuko dela eguzki askoko orduetan eta asteburuetan, eta iluntzean eta gauean, berriz, energia berriztagarrietan oinarritutako elektrizitate hornidura faltako dela”, azaldu du David Astrainek. “Egoera horrek agerian uzten du soberakin elektriko berriztagarria biltegiratzeko sistema efiziente eta ekonomikoak garatu behar direla, gero eskaera handieneko orduetan sarean injektatzeko, eta saihestu behar dela ekoizpen elektrikorako gasa erabiltzea. Testuinguru horretan ari gara garatzen ITF taldearen aipatutako bi ikerketa-proiektuak”, gaineratu du.

 

Taldearen garapena azken hamarkadan

 

ITF ikerketa-taldeak garapen azkarra izan du azken hamarkadan, 2012an David Astrainek zuzendaritza hartu zuenetik. Hala, 2012an 5 kidek osatzen zuten taldea, eta bat bakarra zen doktoregaia; gaur egun, berriz, 21 kide dira, eta horietatik 9 doktoreak dira eta 5 doktoretza-tesia egiten ari dira. Gainera, espainiar ebaluaziorako eta prospektibarako agentziak (ANEP) ITF taldeari 2012an egindako ebaluazioa 67 puntukoa izan zen (100etik), eta 2021ean egindako azken ebaluazioa, berriz, 88 puntukoa, “bikaintasuna” izeneko kalifikazioarekin. Gaur egun, oso talde aktiboa da, halako moldez, non, soilik 2022. urtean lortutako lehiaketa-deialdiak eta kontratatutako transferentzia-proiektuak kontuan hartuta, milioi bat euro baino gehiago erakarri baitzituen urte horretan Unibertsitatera.

 

Argazkia: ITF ikerketa-taldea osorik, NUPen. Ezkerretik eskuinera: David Chavarren Oroz, Ibai Elosua Ansa, Fernando Algarra Pérez, Iñaki Alzuguren Larraza, Nerea Pascual Lezaun, Laura Carlosena Remírez, David Astrain Ulibarrena, Antonio Rodríguez García, Álvaro Casi Satrústegui, Irantzu Erro Iturralde, Miguel Araiz Vega, Gurutze Pérez Artieda, Leyre Catalán Ros, Patricia Alegría Cía eta Álvaro Martínez Echeverri.