ARÑO MIXEL ABADIA, ETENGABEKO ABENTURAREN BILA

Arño Mixel Abadia XIX. mendeko bidaiari, geografoa, etnologoa eta hizkuntzalaria izan zen, Etiopian, Antton Abadia anaiarekin batera, sekulako abenturak izan zituena. Dena den, gure historiaren lehen lerrora Antton Abadia izan da pasatu dena, eta Arño bigarren lerro batean, erdi ahazturik gelditu zaigu. Artikulu labur honetan, Arño gure gogora ekartzen ahaleginduko naiz.

1.- Familia eta jatorria.-

Arño Mixel Abadia 1815eko uztailaren 15ean sortu zen Dublinen. Aita Jan Pierra Abadia euskalduna zuen, zuberotarra, Ürrüstoi herrikoa, eta ama, Elisabeth Thompson irlandarra. Jatorriz abadiatarrak jauntto txipiak ziren, Ürrüstoi herriko jauregi batekoak. Frantziako Iraultzak familiaren galera ekarri zuen. Garai hartan Jan Pierra aita zen Abadiako premua, jauregian bere familiarekin batera bizi zena. Egun batean, tximista bat leihotik sartu omen zitzaien eta semeetako bat hil zuen. Handik urte batzuetara, iraultzaileek familia preso hartu eta Jan Pierra jende aitzineko heriotzara kondenatu zuten. Azken momentuan, bestelako heriotza duinagoa eman zioten, medikuak eskuetako zainak moztuta hil baitzen.

Jan Pierrak, tximistak hil zuen semeaz gain, bazuen beste seme bat: Arño Mixel, Iraultzaileen arriskuaz konturatuta, 1791n, hogei urte zituela, Bortuetatik barna Erronkari aldera pasatu eta Sevilla aldera, etorkizun hobe baten bila, abiatu zena. Hastapenetan, negozio onak egin zituen Andaluziako hirian, baina Espainiako Karlos IV.ak Pirineoz bestaldetik joandakoei ezarri zien jazarpenetik ihes eginez, Irlandara abiatu zen. Bertan armadore gisa aritu zen lanean, eta Espainiatik ardoak eramaten eta saltzen zituen Ingalaterran eta Irlandan. Negozio horiekin izugarri aberastu zen. Gerora Elisabeth Thompson of Parck izeneko irlandar katolikoarekin ezkondu zen. Osora sei seme-alaba munduratu zituzten: Antton, Elisabeth, Zelina, Arño Mixel, Xarles eta Juliana. Arño Abadia laugarrena zen.

1814an, Frantziako erregeak Pariseko boterera itzuli ziren eta Luis XVIII.ak itzultzeko baimena eman zien. Horrela, 1820an, abadiatarrak itsasontzi batez Bordele aldera abiatu ziren. Bizitokia Okzitaniako Tolosan finkatu zuten. Hainbat urtez, irail aldeko oporretan Euskal Herrira, Zuberoako Ürrüstoira joaten ziren. Azkenean, Zuberoatik 10 kilometrora, Biarnoko lurretan zen Audaux herrian bertako jauregi zahar eta handia alokatu zuten eta bertara joaten ziren egonaldi luzeak egitera. Horrela, hazi eta hezi ziren Arño Mixelen sei seme-alabak, Arño barne.

Erdi euskaldunak eta erdi irlandarrak izanik, eta horrelako historia familiarrekin ukanik, laster hainbat mintzairaren jabe egin ziren. Gazte zirelarik sei edo zazpi hizkuntzaz mintzatzen zekiten. Arñok 15 urte zituela batxilergoa egin zuen Parisen eta hango unibertsitatean hainbat zientzia arlorekin batera, hizkuntza klasikoak ere ikasi zituen. 1832an kolera Parisen eta Frantzia osoan zabaldu zen. Gaitz horren ondorioz hogei mila pertsona inguru hil omen ziren, horietako bat Arño Mixel Abadia aita, hirurogei urterekin. Horrela, Arño, Antton eta gainerako anai-arrebak, gazte zirelarik, aberats eta lur jabe handiak bilakatu ziren.

2.- Arño gaztearen izpiritu abenturazalea.-

Antton eta Arño elkarrekin ibili ziren askotan, gazteetako abenturetan, eta antzeko zaletasunak ikertu eta garatu zituzten. Hamazazpi urte zituela, Arñori masoienganako miresmena piztu zitzaion eta kofradia sekretu batean sartu zen. Gero soldadu sartzeko gogoa piztu zitzaion, baina amak bide horretatik desbideratu zuen Parisetik urrunduz eta Zuberoako etxalde batera bidaliz. Garai hartan Hegoaldean lehen karlistada piztua zen, eta Iparraldeko mutil euskaldunak Hegoaldera pasatzen ziren Zumalakarregiren matxinada laguntzeko. Agosti Xaho eta beste zuberotar anitzekin batera, Arño horrelako abenturetan ibili zen Hegoaldeko anaiak lagundu nahian. Gerora Aljeriako gerlara abiatu zen eta han bi urtez aritu ondoren, jakin zuen Antton anaiak espedizio bat antolatua zuela Niloren iturburua bilatzeko. Hori jakinik, Aljeriako gerla utzi eta Egiptora abiatu zen, bere anaiaren espedizioarekin bat egitera. 1837. urtea zen eta Arñok 22 urte zituen. Anttonek bost gehiago, hau da, 27 urte.

1837ko urriaren 16an, bi anaiak Alexandrian elkartu ziren eta abenduan, Anttonek antolatu karabana handiarekin batera, Etiopia aldera abiatu ziren. Tigre eskualdea zeharkatu ondoren, Gondarrera iritsi ziren 1838ko otsailaren 12an. Tigre aldean arazo handiak izan zituzten bertako printze gerlari batekin, eta bi anaiak bizitza galtzeko zorian izan ziren.

Garai hartan Gandar zen Etiopiako hiri nagusia, Amhara erresumako hiriburua zen eta duela gutxi arte, Negus Negestiren inperioko hiri buruzagia izana zen. Garai hartako Gandar hirian, galdutako inperioarekiko nolabaiteko nostalgia eta melankonia zegoen. Horrela zen Gandarreko giroa Antton eta Arño anaiak bertara iritsi zirenean.

Bazen Ras Ali izeneko militar bat Saglu Deughel erregea eta bere familia jauregi batean preso zituena, eta Amhara erresuman agintzen zuena. Abadia anaiak harekin mintzatu ziren eta erresuman barna ibiltzeko eta ikerketak egiteko baimena zuten atzeman. Ustekabean, Anttonek eraman tresna geomagnetikoak ez zirela ongi ibiltzen konturatu ziren, eta Anttonek Parisera itzuli behar izan zuen aparatu berrien bila. Arño anaia bitartean Amharan gelditu zen bere zain. Bi urte berantago Massawa hirian elkartu ziren, berriz ere.

Bi urte haietan, Arñok adiskidantza handia egin zuen Godjam erresumako hainbat buruzagirekin. Hori dela eta, Tigre eskualdea pasatzerakoan, bertako jaunak bi anaiak preso hartu eta erailtzeko zorian izan ziren. Azkenean, Arñoren izaera gogorrari esker, libratu zituen eta Amharako erresumara sartu ahal izan ziren haien ikerketak egiteko asmoz. 1840ko maiatzaren 19an, bi anaiak banatu ziren, Arñok Godjamekoekin hartutako jarrera politikoak Anttonen ikerketak ez zitzan oztopa.

1841ean, Anttonek arazo handiak izan zituen ikerketak egiteko, abantzu itsutu baitzen eta gainera Adengo gobernadore ingelesa atzetik baitzebilkion espioi frantsesa zelakoan. Arño bere laguntzan abiatu zen, eta Anttonek Etiopiako erdi aldera egin nahi zuen espedizio berriaren antolaketan lagundu zion. Alabaina, Antton galla herriaren lurretara joan zenerako, bi anaien bideak berriz banatuak ziren. Galla herriaren lurretan Antton aztitzat hartu zuten, ohorez bete, eta ez zioten handik joaten uzten. Hori jakin zuelarik, Arño, berriz ere, anaiaren laguntzan abiatu zen eta baita anaiaren askatasuna lortu ere. Hortik guttira, Anttonek karabana handi batekin Simeneko mendi garaiak zeharkatu zituen.

Bitartean Arño Godjameko erresuman zegoen, bertako lagunak inguruko herrien kontrako gerletan laguntzen. Godjamen elkartu ziren bi anaiak, galla gerlarien lurraldea elkarrekin zeharkatu eta 2650 metroko Bora mendiaren magaletan, harkaitz batetik isurtzen zen iturria topatu zuten. Niloren iturburua aurkitu zutelakoan, itzultzeari ekin zioten. Bora mendiko hura ez zen bilatzen zuten iturburua, baina Antton Abadiak, bere kalkuluak eginez, hura zela pentsatu zuen, eta sineste oker horrek espedizioari bukaera emateko tenorea zela pentsarazi zion.

Hala eta guztiz ere, itzuli aitzinetik, bi anaiak berriz banatu ziren, bakoitzak zituen arazo eta eginbeharrak konpontzeko. Arño Godjamera itzuli zen eta Guoxo printzearekin adiskidetasun handia egin zuen, baita galla gerlarien kontrako borroketan aholkatu eta borroka egin ere. Laster ospetsua egin zen Godjameko erresuman eta bertako printzeak armada buru izendatu zuen. Borrokaldi batean galla gerlariek Guoxo preso hartu zuten, eta haren askatasuna lortzeko, Arñok amore eman behar izan zuen. Orduan ulertu zuen, Guoxo printze adiskideak Etiopian eraiki nahi zuen inperio kristaua guztiz ezinezkoa zela.

Gauza bat zela eta bestea, Abadia anaiak luzatu ziren Europara behin betiko itzultzen eta bi anaien albiste ezak ikaraturik, Elisabeth amak Xarles seme gaztea igorri zuen Etiopiara beste bi anaien bila. Tigreko mugan elkartu ziren hiru anaiak eta hortik elkarrekin Kairora abiatu ziren. Kairotik Arño eta Xarles Marseillara pasatu ziren itsasontziz. Antton, berriz, Jerusalemera joan zen, Jainkoari eskerrak ematera. Eta Jerusalemetik Europara itzuli zelarik, bere zerbitzari beltzak, bere lehoiak, bere zaldiak eta objektu pilo bat ekarri zituen berekin. 1849. urtea zen, Arñok 34 urte zituen eta Anttonek 39. Bi anaiek 12 urte pasatu zituzten Etiopian, Niloren iturburuaren xerka, eta bestelako ikerketa geodesikoak eginez.

3.- Bi anaiak Europan, ospetsu eta ohorez mukuru.-

Europara itzulirik, bi anaiek nonahi izan zituzten ohoreak eta omenaldiak. Pariseko zientzialarien arteko giroan, ospetsuak izan ziren. Antton Abadia atsegin handiz ibili zen halakoetan, baina Arño, berriz, asperturik, Parisetik urrundu zen.

1850eko uztailaren 26ean, bi anaiak omendu zituzten Parisen eta Geografia Elkarteak urrezko dominaz saritu zituen. Bi hilabete beranduago, Ohorezko Legioaren Zaldun Gurutzea ezarri zieten. Europako egunkari guztietan Abadia anaiak eta haien aurkikuntzak ohiko mintzagai bilakatu ziren. 1852an Antton Frantziako Zientzia Akademiako partaide egin zuten.

Haatik, dena ez zen abadiatarren aldekoa izan. Speke teniente ingelesak Aintzira Handietan aurkitu zuen Nilo ibaiaren egiazko iturburua, eta Europako zientzialariek Abadia anaien aurkikuntza ez zela zuzena ikusirik, Anttonek defendatzen zuten Bora mendiko iturburuarena baztertu zuten betiko. Hau kolpe latza izan zen Antton eta Arñorentzat eta Geografia Elkarteak eman urrezko dominak itzuli zituzten.

Arño Mixel Abadia

Antton Abadia

Hala eta guztiz ere, abadiatarren gainerako aurkikuntzak eta egindako eskuizkribuak eta era guztietako azalpenak kontuan harturik, zientzialari frantsesek omenaldi eta sariekin jarraitu zuten. 1863an, Antton Frantziako Institutuko partaide izendatu zuten, 1864an Hizkuntza Elkarteko buru, 1869an Geografia Elkarteko buru eta luzaz, Zientzia Elkartea zuzendu zuen. 1881ean Veneziako Kongresuak bi anaiak omendu zituen.

Anitz izan ziren bi anaiek egin eta plazaratu zituzten artikulu, agiri, eskuizkribu eta liburu. Segidan Arño Mixel Abadiaren libururik garrantzitsuenak aipatuko ditut:

  • Sur le tonnerre en Ethiopie (1859) – Ihurtzuriak edo trumoiak Etiopian.

  • Travaux récents sur la langue basque (1859) – Euskarari buruzko azken ikerketak.

  • Douze ans dans la Haute Ethiopie (Paris, 1868) – Hamabi urte Etiopia Garaian.

  • Les Pyrénées de la Bigorre, poème en quatre chants (Paris 1891) – Bigorrako Pirineoak, lau kantuz banatutako poema.

4.- Arño Mixel Abadia Etiopiara berriz ere.-

Arño pozik bizi zen Euskal Herrian, Ziburuko Elhorriaga izeneko jauregian, baina odol abenturazaleak bor-bor egiten zion. Ezin zuen Etiopian utzitako Guoxo printze adiskidea burutik kendu. Europako hainbat tokitan Guoxoren aldeko laguntza eskatzen ibili zen, baina alferrik, printzearendako zenbait opari eta hitz on batzuk salbu, ez baitzuen besterik atzeman. Hala eta guztiz ere, beste bidaia bat prestatu zuen Guoxo printzeari Europan eman konplimenduak emateko. Elisabeth amak ez zuen ongi hartu Arñoren abentura berria eta Takkaze ibaitik ez zela pasatuko zin eginarazi zion.

Arño Massawa hirira iritsi zelarik, Godjam-eko jendeek berotasun handiz hartu zuten, buruan baitzuten garai bateko gerla buruzagi handia. Ohorez ohore ibili zen herriz herri, baina Takkaze ibaiaren ertzetara iristean, bere bidaia bukatu zuen eta Europan lortu opariak eta hitz onak Guaxo printzeari igorri zizkion mezulari baten bitartez. Hainbat egunetara, Guaxoren erantzun etsitua jaso zuen: “Nahiago dut Arño buruzagia biluzik nirekin, ekarri dituen opari eta urre guztiak baino.” Arño Euskal Herrira itzuli zen, triste eta burumakur, printze adiskidea bakarrik utzi zuelakoan. Handi gutxira, 1852an, Ras Ali buruzagi etsaia Godjamen sartu zen eta Gorgorako borrokaldian Guaxoren armada garaitu zuen. Hantxe hil ziren Guaxo printzea eta Etiopian inperio kristau bat ezartzeko zituen amets guztiak.

Hala eta guztiz ere, hau ez zen Arñoren azken abentura izan. Gerora Libanoko maroniten alde borrokatzen ibili zen, eta Deir el Oamar-en izan zuten porrotaren ondoren, Jerusalemera joan zen, erromes etiopiar kristauendako ospitale bat egiteko asmoz. Proiektua ongi bideratu ezin izan zuenez, Euskal Herrira itzuli zen etsituta.

5.- Arño Abadiaren bizitza Ziburuko jauregian.-

Jerusalemetik itzuliz geroztik, Arño Mixel Abadia, Ziburun eraikiarazia zuen Elhorriaga jauregian finkaturik, bizi izan zen. 1864ko abenduaren 29an, Lee jeneralaren iloba zen Elisabeth West Young amerikarrarekin ezkondu zen eta bederatzi seme-alaba izan zituzten. Orduz geroztik, Arñoren bidaiak eta abenturak amaitu ziren betiko.

Elhorriaga jauregia, Arño Mixel Abadiaren bizitokia Ziburun.

Antton anaia Lyoneko Denise Virginie Vincent de Saint-Bonnet izeneko neska gaztearekin ezkondu zen eta orduz geroztik Hendaia aldean, Aragorri muinoan, itsasoaren aitzinean, egin zuten Abadia izeneko gaztelu eder eta ikusgarrian bizi izan ziren. Xarles anaia, bitartean, bere familiarekin batera, Baigorriko Etxauzia jauregi ospetsuan bizi izan zen. Arñok eta Xarlesek seme-alaba anitz izan zituzten baina Anttonek ez zuen ondorengorik izan, hori dela eta, Anttonek eta Virginiek Arñori hasieran, eta Xarlesi gero, seme bat adopzioan emateko eskatu zieten. Ezezkoa jasotzean, beraien arteko harremanak itsustu eta puskatu ziren betiko. Arño anaia eta garai bateko abentura-kidearekin haserretzeak izugarri mingostu zuen Anttonen izaera. Aragorriko jauregiko leiho batean largabista indartsu bat ezarri zuen eta handik Arñoren etxea begiratzen omen zuen.

Ürrüstoiko semea den Jean-Louis Davant idazle, euskatzain eta pastoral egileak “Abadia Ürrüstoi” izeneko pastorala idatzi zuen eta sari bat irabazi ondoren Durango Udalak plazaratu zion 1986. urtean. Lau urte, berantago, hau da, 1990ean, Mauleko herriak aipatu pastorala, egokitu eta laburtu ondoren, jokatu zuen. Nik orain Abadia anaien arteko haserrealdiaz mintzo diren bertsetak ekarriko ditut lerro hauetara. Jatorrizko liburutik atereak dira, hogeita laugarren jelkadikoak.

327. bertseta. Antton: Haurride maiteak otoi / ez zirade lotsatüko, / zerbütxü desordenari / deraiziet eskatüko.

328. bertseta. Antton: Emaztea eta nihau / adinean bagoatza, / engoitik agortü zaikü / aita eta amatzeko xantza.

329. bertseta. Antton: Jinkoari esker ziek / zer familia ederra! / Zien azkena izaten / ahal balitz gure haurra!

330. bertseta. Arño: Ontsa badüt konprenitzen / haur gaztenaren üztea / zien seme izateko / deraiküzi eskatia?

331. bertseta. Arño: Urrats handia da hori / bürraso eli batentzat, / güziz mündiala ekarri / dian emaztearentzat.

332. bertseta. Arñoren emaztea: Holakorik ezin daite / hain lüzaz egar eta / sabeleko frütia ütz, / oi ama baten potreta!

333. bertseta. Birjinia (Anttonen emaztea): Etxean bezala lükezü / ezagützen gütü jadanik, / ikus ziniro noiznahi / zureganik hain hüilanik.

334. bertseta. Arñoren emaztea: Zuri emanez geroztik / ez nikezü nihaurena, / ama egon nahi nüzü / sortü dütüdan haurrena.

335. bertseta. Birjinia: Bat eni emanagatik / beste zazpi bazüntüke, / ni aldiz gabe nizana / baten ama nintzateke.

336. bertseta. Arñoren emaztea: Haur bakoitza maite dizüt / ber bera balitz bezala, / hümetarik bakarñi bat / ihork har ez diezadala!

337. bertseta. Arño: Ama baten bihotza hor / mintzo zaikü aski klarki, / horren kontre lür osoa / indar gabe dago naski.

338. bertseta. Arño: Ene haurride maiteak / pena handi batekila / erraiten daiziet haurrik / ezin eman daiziegüla.

339. bertseta. Birjinia: Ai bihotz gabe krüdelak / ai sendimentü gabeak, / merexi züntükie bai, / zihauek ene nekeak!

340. bertseta. Birjinia: Ez zütiet ez haboro / etxean ikusi nahi, / eta zuk ere Antton / behar tützü bazter ützi.

341. bertseta. Arño: Familiako bakea / hontarzün paregabea. / Hobe dükegü jagoiti / bi aldetan egoitea.

342. bertseta. Antton: Agur beraz haurrideak, / agian ez da betiko, / berezkuntza huntaz ez niz / sekülan kontsolatüko!

———————–

1880an, espainolek jesuitak bidali zituztenean, Arñok horietako asko bere jauregian aterpetu zituen. 1893ko azaroaren 8an, zalgurdian zihoala, istripu bat izan zuten, eta gidariarekin eta zaldiarekin batera hil zen. Ziburuko hilerrian ehortzi zuten.

Arñoren eta Anttonen arteko haserrealdiak iraun zuen Arño 1893an zendu zen arte. Diotenez, Arño hil zelarik, Antton Donibane Lohizuneko elizaren bazter ilun batean ikusi omen zuten negar-zotinka.

Bigarren Mundu Gerran, Wermacht-ek Elhorriaga jauregia hartu zuen egoitzatzat, eta 1985ean, etxegintza proiektu bat zela-eta, bota egin zuten.

Hauxe izan da labur, Antton Abadia anaiaren itzal handiak ezkutatu digun Arño Mixel Abadia geografo eta abenturazale porrokatuaren historia.

Xarles Abadia – 1870

Arñoren hilobia Ziburuko hilerrian