ALETXA ETA MIKEL – 10

 

Udaberriko eguerdi euritsu honetan, kostaldeko ospitale handian, argi itsugarriarekin begietan, zintzurra erretzen zion lehortasunak mintzatzea mingarria eragiten zitzaion Mikeli, bera iratzarri zenean.

– Esnatu jauna, esnatu, otoi, iratzarri jauna, ireki begiak, ebakuntza bukatua da eta ongi pasatu da! —emakumezko ahots leun baina irmoak erraten zion, behin eta berriz.

– Ura, ura, ur sorta bat otoi, urrikal! —zailki ahoskatu zuen Mikelek, matelezurrak su geziak kaskora igortzen zizkiolako den mendreneko mugimendu bakoitzarekin.

– Bai, bai, sorta batzuk bakarrik oraintxe lasto horretatik! Ni Joana nauzu, jauna. Zure anestesista nauzu, gogoratzen?

Mikelek bi begietako kliska luzatuaz erantzun zion Joanari, matelezurra mugitzeko hain beldur zegoelako. Pixkanaka pixkanaka errealitatera itzultzen zen Mikel, argi itsugarri hau haren gainean neon koadroa baizik ez zela ohartzen. Arnasten zuen aire freskoa iratzartze gelakoa zela konturatu zen, zintzurraren erredura pixka bat murrizten zitzaiona. Tentsio eta bihotz erritmo monitore guztien bipak hasi zen entzuten baita bere ezkerreko besoan zuen tentsio neurgailua hanpatzea ere ohartzen.

– Eta Aletxa, nola…? —Mikelek, hiru hitz hauek ahoskatzeko ahalegin izugarriaz.

– Lasai, jauna, lasai…zure gelan itxaroten zaitu Aletxak eta zure tentsioa handitzen den bezain laster, hara eramanen zaitu andazainak. Baina dardaratzen zara, ezta, hotzak zaude? —Joanak.

Mikelek berriz begietako kliskaz erantzun eta Joanak estali berogailua ezarri zion gorputzaren gainean.

– Mikel jauna, zure minaren maila jakin nahiko nuke: bat eta hamarren artean, zenbat erranen zenuke? Hatzekin erantzun, nahi baduzu, ahoa ez mugiarazteko. Hori jakin behar dut zure analgesiko edo antalgikoak hobeki egokitzeko.

Mikelek eskuineko eskua estali azpitik atera eta bost hatzak bi aldiz hedatu zituen. Beste besoan zituen xortatako orratza, eskumuturrean, eta bizepsean tentsio neurgailuarekin, konplikatuegia zitzaion ezkerreko eskuaren ateratzea.

– Hamar erran nahi duzu, ezta, ongi ulertzen badut? —Joanak, eta Mikelek berriz begietako kliskaz erantzun zuen.

– Lasai, Mikel jauna, mintzatzen ari natzaizularik behar duzuna sartzen dut xortatako poltsan eta laster, beldurrik gabe, irribarre polit bat eginen diozu Aletxari. Laster arte jauna. Ordenagailuz eta nire bilagailuaz zaintzen zaitut eta ikusiko dugu elkar zu abiatu aurretik —Joanak.

Mikelek morfinaren efektuaz jadanik erdi lo zegoen eta Joana ia entzun zuen. Amets batean bezala azken hogeita lau orduetako irudiek desfilatu zuten. Sentitu zituen izugarrizko bultza hau, BMW erraldoi batek emandakoa, gibeletik airean igorria zuena biribilgune horretan, lanik etxeratzekoan, BMW gidaria erraldoiaren hurbiltzea, haren mehatxuak, bere garbitzeko mehatxuak ere, erraldoiaren zelatatzea etxean bere sartzearekin, etxean dutxaren hartzea, biharamuneko bideokontsulta, goizeko bulegoaren deitzea, Mirenekin mintzatzea, segidan etxetik abiatzea, larritasunetan itxoitea, matela sutan, erradiografia eta IRMa, COVIDako froga, ebakuntzaren prestaketa, eskumuturrean xortatako orratzaren hiru sartzeak —ikaslea naiz, onartzen baduzu bakarrik eginen dizut perfusio hau jauna? Baietz, ikasi behar duzu, nik egin nuen bezala gazteagoa nintzenean.

Eta zulo beltza. Ametsik gabea, zulo beltz hori. Eta bat-batean:

– Arratsalde on jauna! Alejandro nauzu, zure andazaina. Laster zure gelara eramanen zaitut. Ea ongi zaude? Aski beroak zaude? Hemen hotz-hotza da beti iratzartze gela honetan. Mexikarra nauzu eta oraindik ez aire hotz horretara ohitua. Ni, sorterrian medikua nintzen baina ez ospitaleetan, kostaldean aldiz. Han zer bero handiak! Baina diru gutxi. Eta zer bortitza narkoekin!

Mikel berriz iratzarri zen eta lainotan kalaka hau guztia erdi entzun zuen. Kasik modu automatikoan erantzun zion Alejandrori:

– Sorterrian medikua? Eta hemengo kostaldean andazaina zaitut? Nola daiteke hori?

– A! Gaixoa, hemengo mediku azterketak gainditzeko, hitzarmenik ez dagoelako gure bi herrien artean, hizkuntzagatik zailegia zen eta bakarrik erizainaren maila lortu nuen. Andazaina nauzu hasi berriaren trebakuntza egonaldian. Biziki kontent naiz jauna! Niretzat buruhausterik ez lan horretan! Ha, ha!

Gutxienez hiru kilometrora ibili lekualdaketa ohe gurpildunean eta hamar bat igogailu hartu zutela uste izan zuen Mikelek bakarkako gelara etorri zirenean. Alejandrok eta zerbitzuko erizainak Mikel irristarazi zuten lekualdaketa ohetik gelako ohera, Mikelen pisuagatik ahalegin handiaz baina zailtasunik aipatu gabe. Erizainak erakutsi zion nola deitzen baita erabiltzen ere ohe eta argiaren kontrolak, morfinagatik ez oraindik zutitzeko gomendatu, lasai gelditzeko eta nahi bazuen kuluxka egiteko ere, eta utzi.

Eguzkia sartzen hasten zelarik eta eguerdiko euriak utziak zituen hodei bakar batzuk gorritzen gelako leihoaren atzean, Mikelek begiak ireki zituen eta bere harridurarik handienera, gelako besaulkian eseria, bisitaria ikusi.

– Miren! Zu hemen? Baina nola…? —galdetu zion Mikelek lankideari, mintzatzearekin batera matelako suzko mina esnatzen zuenean.

Miren zutitu zen eta Mikelen ohetik hurbildu eta haren eskuineko eskua bere eskuetan hartu zuen.

– Bai Mikel, lan taldeak sustengatu nahi zaitu eta etortzeko lehena nauzu. Mingarria bada, ez gehiegi mintzatu eta libre duzun eskuarekin tauleta honetan edo begiekin nahi duzuna galdegin edo erantzun. Eguerdian bulegotik ospitalea deitu dugu eta ebakuntza garrantzitsua behar zenuela erran digute baita arrats apalean baino goizago ere ez etortzeko. Kirurgilaria laster ikusiko duzu, zure berrien hartzeko. Gaur afaria perfusioz emanen dizute sortatako poltsatik, morfinarekin batera eta bihar agian lasto batekin zopa edanen duzu.

– Arratsalde on Miren! Aletxa nauzu, Mikelen laguntzailea! Gogoratzen? Nola zaude? Biziki gisakoa dela zure bisita erran nahiko nizuke! Ez begira izkina denetara, telebistako datu sarea erabiltzen dut. A, Mikel, bihar polizia inspektore baten bisita ere ukanen duzu. Zure erasotzaileak Tuk-Tuk sare ez sozialean argitaratu du zure erasoa eta dirudienez klub batean horrelakoak partekatzen dituzte lagunen artean! Izugarria da eta horretan polizia azkarki inplikatua izanen da. Bon, lasai, oraingoz utziko zaituztet. Asko duzuela elkarri errateko uste dudalako.

 

2023/02/15

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (76. zenbakian)