Udalak epea ireki du egile berriendako euskarazko XXXIII. Literatur Lehiaketara jatorrizko lanak aurkezteko, poesia eta narrazio modalitateetan
Nafarroan jaio diren edo helbidea Nafarroan duten egileek euskaraz idatzitako gai libreko lanak aurkezten ahalko dituzte, urriaren 27ra arte
Egile berriendako euskarazko XXXIII. Literatur Lehiaketara, poesia eta narrazio modalitateetan, lanak aurkezteko epea urriaren 27an amaituko da. Lehiaketa Nafarroan jaio diren edo helbidea bertan duten egileei zuzenduta dago.
Iaz 18 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta haren xedea da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatu eta sustatzea. Hori dela eta, ezin izanen dira aurkeztu bere izenpean literatur lan bat baino gehiago argitaratu duten egileak; ez dira muga horretan sartzen aldizkarietan, egunkarietan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ere ezin dute parte hartu modalitate horretan.
Egile bakoitzak lan bakarra aurkezten ahalko du modalitate bakoitzeko, gai librekoa, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Poesiako modalitatean, lanek gutxienez 200 bertso izan behar dituzte, eta narrazioek, gutxienez, 15 orrialde, 11 tamainako Arial letra motarekin eta tarte bikoitzaz. Hiru sari daude modalitate bakoitzeko: lehen saria 2.500, eurokoa; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, 500 eurokoa. Halaber, oinarrietan ezarritakoarekin bat lau aipamen ematen ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa, modalitatea kontuan artu gabe.
Lanen aurkezpena
Lanak telematikoki aurkeztu behar dira www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es webguneetako lehiaketen atalean; bertan eskuragarri daude oinarriak eta parte hartzeko formularioa. Izen-ematea aurrez aurre ere egiten ahal da Udalaren erregistroetan, baina ezinen da erregistro elektronikoaren bidez egin, parte-hartzaileen anonimotasuna bermatze aldera.
Lehiaketaren epaimahaiburua Kulturako zinegotzia izanen da, eta honako hauek izanen dira epaimahaikideak: Castillo Suárez García idazlea (Euskaltzaindiak proposatuta), Beatriz Chivite Ezkieta idazlea (Euskal Idazleen Elkarteak proposatuta) eta Nerea Balda Sanjuan idazlea. Epaimahaiaren idazkaria Iruñeko Udaleko euskarazko kultur programazioko teknikaria izanen da. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko ditu sariak edo ‘ex-aequo’ eman; kasu horretan, saria aukeratutako egileen artean banatuko litzateke.
EGILE BERRIENDAKO XXXIII. EUSKARAZKO LITERATUR LEHIAKETA
• Parte-hartzeko epea: urriaren 27ra arte
• Bi modalitate izanen dira:
o Poesia: gutxienezko luzera, 200 bertso
o Narrazioa: gutxienezko luzera, 15 orrialde (Arial 11, tarte bikoitzaz)
• Sariak: modalitate bakoitzeko hiru sari, eta lau aipamen emateko aukera
o Lehen saria: 2.500 euro
o Bigarren saria: 1.000 euro
o Hirugarren saria: 500 euro
o Accesita: 250 euro
• Izen-emateak eta oinarriak: www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es