JAIONE ABAURREA LARRAYOZ

 

Matematikaren ikaskuntza hobetzeko, arkatza eta papera eta GeoGebra softwarea konbinaturik erabiltzea proposatu du doktoretza-tesian

Jaione Abaurrea Larrayozek NUPen egindako ikerketaren arabera, ikaskuntza modu horrek ezagutzak garatzen eta ulertzen laguntzen du

 

Jaione Abaurrea Larrayoz Matematikan graduatuak geometria aztertzeko proposamen bat aurkeztu du bere doktoretza-tesian. Proposamen horrek arkatz eta paperaren erabilera tradizionala eta geometria dinamikoko “GeoGebra” softwarearen erabilera konbinatzen ditu. Planteamendu horrekin, “matematikaren irakaskuntza atomizatu, memoristiko eta algoritmikotik aldentzen den ikasketa-prozesu bat inplementatu nahi du. Bestelako eredu batera pasatzea proposatzen du. Hain justu, proposamen horrek ikertzea, arrazoitzea, konexioak aplikatzea eta kontzeptuak irudikatzea eskatzen die ikasleei, eta hori erregistro desberdinetan egitea, hala nola erregistro grafikoan, aljebraikoan eta idatzizkoan”.

Hau da bere doktoretza-tesiaren izenburua: “Análisis de idoneidad en propuestas para el estudio de cónicas con GeoGebra en Educación Secundaria” (Bigarren Hezkuntzan konikoak GeoGrebarekin ikasteko proposamen batzuen egokitasunaren analisia). Miguel Rodríguez Wilhelmi NUPeko Matematikaren Didaktikako irakasle titularra izan du zuzendari, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

GeoGebra hezkuntzako maila guztietarako software matematiko dinamiko bat da, eta motor bakarrean geometria, aljebra, kalkulu orriak, grafikoak, estatistikak eta kalkulua batzen ditu. Zehazki, Jaione Abaurreak, paperezko galdetegien bidez eta GeoGebran diseinatu zituen applet batzuen bidez (miniaplikazioak edo mikroprogramak), egoera didaktiko batzuk planteatu zituen ikasleek ebazteko irakasleek aldez aurretik horri buruzko ezagutzarik transmititu gabe.

Ikasleen jarduerak hiru fase zituen: ekintza (miaketako appletetan ikertzea eta zereginak ebazteko estrategiak lantzea), formulazioa (objektuak grafikoki irudikatzea GeoGebran edo paperean, galdera sortari idatziz erantzutea edo ikaskideen artean solastea) eta balidazioa (ilustrazioko appletak aztertzea eta ikaskideen artean erantzunak alderatzea).

Gainera, tesian bi esperimentazio saio egin ziren, eta haietan matematikako etorkizuneko irakasleek (Bigarren Hezkuntzako Irakasleentzako Masterreko ikasleak) eta DBHko bigarren mailako zenbait ikaslek hartu zuten parte. “Jarduera horiei esker, aukera izan dugu ikusteko ikasleek egoera didaktiko konstruktibisten aurrean nola jokatzen duten, zer ulermen mota garatzen duten egoera horiek esplizitatzen dituzten objektu matematikoak eta egokiak ote diren planteatutako proposamenak”, Jaione Abaurreak adierazi duenez.

 

Ondorio batzuk

Jaione Abaurreak egin duen ikerketaren ondorioen artean, lehenik eta behin adierazten du egokia dela arkatz eta paperaren metodo tradizionala eta GeoGebra konbinazioan erabiltzea. Izan ere, dioenez, “metodo horrek ezagutzak garatzen eta ulertzen laguntzen du; irakaskuntza tradizionaletik aldentzea ahalbidetzen du, eta arrazoiketa kritikoa eta loturak ezartzeko gaitasuna errazten; eta matematikaren arloko jarduna berrantolatzen ere laguntzen du”.

Eredu teknologikoak ikasgelan integratzeari dagokionez, “ikerketak agerian utzi du emaitza positiboak ez direla berehalakoak. Ikasle batzuek imitazioan eta errepikapenean oinarritutako irakaskuntza tradizionala eskatzen dute. Hala ere, teknologia ikasgelan integratzeko eta ikasle guztiek onartzeko lanean jarraitu beharra dago, horrek egokitasun ekologikoa handitzeko aukera ematen baitu”.

Prozesuaren antolaketaren arloan ondorioztatu duenez, “ariketak multzoka egiteak aurkikuntzak pixkanaka sendotzeko aukera ematen du, eta, horri esker, lortzen diren ezagutzak egonkorragoak dira”.

Azkenik, egileak adierazi duenez, euskarri desberdinak konbinatzeak “aukera ematen du ‘gardentasunaren ilusioaren fenomenoa’ saihesteko”, hau da, irakasleak ikasleen gaitasun jakin batzuk gainestimatzea saihesten laguntzen du.

 

CV laburra

Jaione Abaurrea Larrayoz Matematikan graduduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzien Fakultatean (2014), Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra egina du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2015) eta doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin du, zehazki Matematikako eta Estatistikako doktoretza-programan (2023).

2016az geroztik, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta ikertzailea da, eta, gaur egun, Matematikaren Didaktikako irakasgaiak ematen ditu NUPeko Haur Hezkuntzako Irakasletzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduetan.

Bere ikerketa-lana Matematikaren Didaktikaren arlokoa da. Hauek ditu lan ildo nagusiak: Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen prestakuntza, GeoGebra geometria dinamikoko softwarearen irakaskuntzako erabilera, STEM esparrua eta irakasleen prestakuntza ikasgelako inklusioa lantzeko (Anfomam Erasmus+ proiektua).

 

Argazkia: Jaione Abaurrea Larrayoz NUPeko Arrosadiko campusean.