PAULA GORDALIZA PASTOR

 

Paula Gordaliza Pastor NUPeko irakasleak ikerketa matematikoaren arloko bikaintasuna aintzatesten duten 2023ko Vicent Caselles Sarietako bat lortu du

Espainiar estatuko Matematikako Erret Elkartearen eta BBVA Fundazioaren sari horiek matematikaren arloan aurrerapenak bultzatu dituzten gazteak saritzen dituzte

 

Paula Gordaliza Pastor NUPeko irakasle elkartu eta Bilboko Basque Center for Applied Mathematics zentroko (BCAM) doktoratu ondoko ikertzaileari eman diote 2023ko Vicent Caselles sei sarietako bat. Sari horiek ikerketa matematikoan aurrerapenak bultzatu dituzten zientzialari gazteen bikaintasuna aintzatesten dute. Espainiar estatuko Matematikako Erret Elkarteak (RSME) eta BBVA Fundazioak sari horiek ematen dituzten bederatzigarren edizioa izan den horretan, sei gazte aintzatetsi dituzte, matematikaren arloko abangoardiako ikerketa-aurrerapenak bultzatu dituztenak. Aurrerapen horiek askotariko erabilerak izan ditzakete besteak beste arlo hauetan: adimen artifiziala, kriptografia, biomedikuntza eta iragarpen meteorologikoa.

Paula Gordaliza Pastorrek Matematikako gradua eta masterra egin zituen Valladolideko Unibertsitatean (UVa), eta gero doktoretza, UVa-n bertan eta III-Paul Sabatier Tolosako Unibertsitatean (Frantzia). Basque Center for Applied Mathematics zentroko (BCAM) doktoratu ondoko ikertzailea da, Bilbon, eta NUPeko irakasle elkartua da 2023ko urtarrilaz geroztik. Haren ikerketaren helburua adimen artifizialeko algoritmoen alborapenak ezabatzea da. Algoritmo horiek gero eta garrantzi handiagoa dute gizartean, eta aditu batek baino iragarpen zehatzagoak egiten dituzte. Askotan, kredituak emateari eta enpresetan langileak hautatzeari buruzko erabakiak hartzeko erabiltzen hasi diren sistema horiek datu alboratuetan oinarritzen dira, eta haien ondorioek talde jakin batzuen diskriminazioa eragin dezakete, generoaren, arrazaren, orientazio politikoaren edo beste dimentsio batzuen araberakoa.

Ikerketaren helburua alborapen horiek detektatu, kontrolatu eta ezabatuko dituzten ikaskuntza automatikoko metodoak diseinatzea eta aztertzea da; Gordalizak dioenez, hori “lagungarria izanen litzateke herritarrek adimen artifizialean konfiantza handiagoa izan dezaten”. Helburu hori lortzeko, “garraio optimoaren teoria matematikoa” deiturikoaren bueltan egin du bere lana. Horri esker, algoritmoen oinarri diren datuak “konpontzeko” moduak proposatu ditu, ekitatiboagoak izan daitezen. Sarituak baieztatu duenez, “adimen artifizialean profesional askok hartzen dute parte, baina matematikak ematen dion oinarriari esker konpontzen dira problemak”.

 

Bederatzigarren edizioko sarituak

Hauek izan dira Vicent Caselles Sarien IX. edizio honetako sei saridunak: Paula Gordaliza Pastor, doktoratu ondoko ikertzailea Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroan, Bilbon, eta irakasle elkartua Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP); Robert Cardona Aguilar, Margarita Salas laguntza batekin doktoratu ondoko ikertzailea Zientzia Matematikoen Institutuan (ICMAT) eta Universitat Politècnica de Catalunyan (UPC); Claudia García López, irakasle laguntzaile doktorea Granadako Unibertsitatean; Roberto Giménez Conejero, doktoratu ondoko ikertzailea Alfréd Rényi Matematikako Institutuan (Hungaria); Óscar Rivero Salgado, irakasle laguntzaile doktorea Universidade de Santiago de Compostelan; eta María Soria Carro, irakasle laguntzailea Rutgerseko Unibertsitatean (New Yersey, Estatu Batuak).

Vicent Caselles sariek matematikako sormena, originaltasuna eta bikaintasuna aintzatesten dizkiete ikerketa-ibilbidearen lehen urteetan dauden ikertzaileei. Izen hori dute azken hamarkadetan nazioartean garrantzi handiena izan duen matematikariaren omenez, zeina irakaslea baita Valentziako eta Balear Uharteetako unibertsitateetan, baita Pompeu Fabra unibertsitatean ere. Sei sarietako bakoitza 2.000 eurokoa da, guztiak Ikerketa Matematikoaren modalitatean ematen dira, eta deialdiaren aurreko urtea amaitu aurretik ikerketan espainiar estatuan aritu diren eta 30 urtetik behera dituzten ikertzaileei daude zuzenduak.

RSMEk iragarri zuen, halaber, José Luis Rubio saria emanen ziola Xavier Fernández-Real Gironari. Fernández-Real ikertzailea da Lausanako (Suitza) École Polytechnique Fédérale eskolako Matematika Institutuan. Frantziako José Luis Rubio Saria 32 urte arteko matematikari gazteei zuzendua dago –espainiar estatukoak edo aipatu estatuan lan egin dutenak–, eta 3.000 euroko ordainsaria ematen du. Gainera, 35.000 euroko start-up beka bat ere badu; haren bidez, BBVA Fundazioak sarituaren ikerketa-jarduna laguntzen du diruz saria eman eta hurrengo hiru urteetan.

 

Argazkia: Paula Gordaliza Pastor ikertzailea Arrosadiko campusean (NUP).