NUPek irakaskuntzaren berrikuntzako bi proiektu aurkeztu ditu goi-mailako hezkuntzaren aurrerapenei buruzko nazioarteko konferentzia batean
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen ekimenak dira, eta arazoetan oinarritutako ikaskuntza eta gamifikazio digitala erabiltzen dituzte
José Manuel Mansilla Fernández eta Yeray Rodríguez Rincón Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakasleek eta Ana Munárriz Iriarte doktoretzako ikasleak NUPen egin diren irakaskuntzaren berrikuntzako bi proiektu aurkeztu zituzten berriki Goi Mailako Hezkuntzaren Aurrerapenei buruzko Nazioarteko Konferentzian, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan (UPV).
Ekimenek honela dute izena: batetik, “Aholkularitza finantzarioa ikasgelan. Hezkuntza-eredua eraldatuz arazoetan oinarritutako ikaskuntzaren eta simulazioaren bidez” eta, bestetik, “Gamifikazio digitala Ekonomiako eta Enpresako graduetako ikasleen unibertsitate aurreko prestakuntza-gabezia matematikoei aurre egiteko”. Nazioarteko konferentzian, 50 nazionalitatetako 250 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren, eta jasotako 324 eskaeren heren bat bakarrik aukeratu zituzten lan oso gisa aurkezteko (NUPen kasuan, hala gertatu zen). NUPen 2021eko eta 2022ko PINNE deialdietakoak ziren proiektuak.
Goi Mailako Hezkuntzaren Aurrerapenei buruzko Nazioarteko Konferentzia foro finkatu bat da, eta bertan ikertzaile nahiz profesionalek ikasleen prestakuntzari, irakasteko eta ikasteko metodologiei eta hezkuntza-sistemen antolaketari buruz egindako lanik berrienak aurkezten dituzte.
Prestakuntza-gabeziak hautemateko plataforma gamifikatua
Gamifikazio digitaleko proiektua plataforma baten garapenean oinarritua dago, zeina gauza baita Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko graduetan sartzen diren ikasleek matematikan izaten dituzten prestakuntza-gabeziak aurkitzeko. Ikasle bakoitzari ibilbide bat proposatzen dio unibertsitate aurreko etapan argi ulertu ez dituzten kontzeptuak indartzeko.
Zehazki, plataforma gamifikatuak “scape room” itxura du, ekonomiara eta enpresara bideratuta dago, eta 2023-2024 ikasturtean jarriko litzateke martxan. Hizlariek azaldu dutenez, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek irakasgai kuantitatiboetan izaten dituzten gabeziei erantzuteko sortu da proiektua. Abiapuntuko egoera hori erakusteko, bi aurkezpen egin ziren nazioarteko konferentziaren esparruan. Lehenbizikoan, goi-mailako heziketara Batxilergotik etortzen diren ikasleen maila matematikoa aztertu zuten, eta ondorioztatu zuten Zientziako eta Teknologiako ibilbideak prestakuntza hobea ematen diela Gizarte Zientzietakoak baino, nahiz eta azken ibilbide hori gomendatzen den aztergai diren graduetarako. Bigarrenean, Lanbide Heziketatik datozen ikasleen egoera aztertu zuten. Ikasle horiek ere prestakuntza-gabeziak dituzte irakasgai kuantitatiboetan, eta ikasketak uztera eramaten ditu ikasle batzuk.
Benetako esperientzia ikasgelan
Bestalde, proiektuetan oinarritutako ikasketaren bidezko ikasgelako aholkularitza finantzarioari buruzko ekimena eraldaketa-estrategia baten parte da, eta epe ertainera ezartzeko asmoa dago Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduko (EAZ) Oinarrizko Finantzak irakasgaietan erabilitako irakasteko metodologian. Zehazki, “Analysis of the feasibility of investment projects in real assets with PBL: A very real experience” izeneko lana aurkeztu zuten kongresuan. 2022-2023 ikasturtean Finantza Zuzendaritza I irakasgaian (EAZko Graduko hirugarren ikasmailan eta EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko laugarrenean) PBL ezarri zuteneko esperientzia deskribatzen du.
Proiektuan, Sociedad de Automóviles Río Alhama SA enpresa nafarrak (ARASA) karbono gutxi igortzen duen autobus bat erosteko bideragarritasun finantzarioaren azterketa-txostena egin dute bidaiariak garraiatzeko flota eraldatzearren 2021eko azaroan Espainian abian jarritako laguntzen esparruan Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzak jasotzeko.
“Proiektuaren ideia oso ongi hartu zuten ikasleek, egiazkotzat har zitekeen zerbait baitzen. Izan ere, PBL jarduera (proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, ingelesez) bukatu eta egun gutxira, aztertutako enpresak autobus elektrikoen linea berri batzuk martxan jarriko zituela iragarri zuten prentsako albisteetan”, esan dute proiektuko irakasleek. Txostengileek diotenez, proiektuan hamar irakasle eta 500 ikasle inguru aritu dira ikasturte bakoitzean, eta emaitzak positiboak izan dira: irakasleak kontent daude, eta ikasleen absentismoa murriztu egin da, diotenez ikasten lagundu baitie metodologiak. Gainera, ikasle gehiago aurkeztu zen azterketetara, eta batez besteko kalifikazioak ere igo egin ziren, ekimenean parte hartu zuten irakasleek adierazi dutenez.
Argazkia: Konferentzian aurkeztutako hezkuntzako berrikuntzako proiektuetan parte hartu duten irakasleak. Ezkerretik eskuinera: Harold Bonilla, Beatriz Martínez, José Manuel Mansilla eta Isabel Abínzano, PBLren proiektukoak, eta Yeray Rodríguez eta Ana Munárriz, gamifikazio digitalaren proiektukoak.