PEDRO DIÉGUEZ ELIZONDO

 

Pedro Diéguez NUPeko katedradunak Errege Bildumen Galeriako hiru areto klimatizatzeko ikerketan parte hartu du

Fluidoen Dinamika Konputazionalen araberako kalkulu horrek tenperaturaren eta hezetasunaren homogeneotasun eta aldaezintasun baldintza zorrotzak bete behar zituen

 

Errege Bildumen Galeria uztailaren 25ean inauguratu da ofizialki, eta Pedro Diéguez Elizondo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Makina eta Motor Termikoen katedradunak hango hiru aretoren klimatizazio instalazioaren kalkuluetan parte hartu du, zalgurdien, pinturen eta tapizen aretoenetan hain zuzen.

Ikerketaren enkargua 2015ean iritsi zen, museoaren obren esleipenduna den Dragados enpresak kontratatutako Tayra klimatizazio enpresaren bidez. Katedradunak azaldu duenez, “kalkuluak egiteko erabilitako metodoak —Fluidoen Dinamika Konputazionala— museoko aretoetako airearen tenperatura, hezetasuna eta abiadura aztertzea izan zuen helburu. Kasu honetan, lan konplexua izan da, aretoetako tenperaturaren eta hezetasunaren homogeneotasun eta aldaezintasun baldintzak zorrotzak baitira, ikusgai dauden objektuen kontserbazioa bermatzeko (pintura sekularrak, tapiz delikatuak, etab.)”.

Hiru galerien geometriak berdintsuak diren arren, airea itzultzeko edo ateratzeko sistemaren neurriak eta posizioa desberdinak dira, arrazoi arkitektonikoengatik. “Horrek esan nahi du azterketa berezi bat egin behar dela gela bakoitzean”. Bitxikeria gisa —dio Diéguezek—, hasierako plangintzaren arabera, galeriako aretoei esleitutako izenak/zenbakiak itsas mailarekin duten altuera-kotak dira, metrotan: 616 (zalgurdiena), 623 (pinturena) eta 630 (tapizena).

Kalkulua egin ondoren, Krantz enpresak (aire girotuaren sistemaren fabrikatzailea) Aachen hirian (Alemania) dituen laborategietako proba batzuen bidez egiaztatu behar ziren emaitzak. “Kalkulu konputazional bat egiten denean, laborategiko saiakuntza baten bidez kontrastatu behar da, ahal den neurrian. Laborategi gela txiki eta aski monitorizatu batean saiakuntza bat egin genuen, aire-difusore berberak erabiliz, galerian daudenen antzeko karga termikoekin, eta emaitzak neurtu genituen. Laborategi gela horri buruzko kalkulu konputazional bat ere egin genuen, galeriako aretoetako metodologia bera erabiliz. Kalkulu konputazional horren emaitzak eta neurketak bat etorri ziren ia-ia; beraz, galerietan erabilitako kalkulu konputazionalaren metodologia baliozkoturik gelditu zen.

 

Beste lan batzuk

Lehenago ere, Pedro Diéguezek zenbait lan eginak zituen enpresa berarekin. Lehenbizikoa ebakuntza-gela batean airea berritzeari buruzko ikerketa bat izan zen, gaizki aireztatuak dauden eta germenak eta patogenoak ugaltzeko arriskua duten eremuak saihesteko. Beste bat Abu Dhabiko (Arabiar Emirerri Batuak) petrolio zundaketarako materiala birziklatzeko instalazio baten aireztapen bidezko klimatizazioa eta Radon-222 gasaren ondoriozko deskontaminazio erradioaktiboa izan zen. Pandemia-garaian, lan bat egin zuen COVID-19aren birusa ezabatzea helburu zuten airearen ionizazio tekniken erabilerari buruz. Tayra enpresarekin beste eraikin ospetsu batzuetako klimatizazio instalazioetan ere lan egin du, hala nola Diputatuen Kongresuan eta Adolfo Suárez Madril-Barajas aireportuko 4. terminalean.

 

Argazkia: Pedro Diéguez Elizondo, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (lagatako argazkia).