ALETXA ETA MIKEL – 11

 

Udaberriko goiz eder honetan, kostaldeko ospitale gela zuri-zurian, oraindik matelezur min handiz zegoen Mikel iratzarri zenean. Berehala, bezperan Miren eseria zen besaulkian gizon ezezagun bat ikusi zuen. Gizonari nor zen galdetzear zegokionean, hura jadanik zutik hurbiltzen zen bere burua aurkeztuz, Colomboren filmetan bezala, bere nortasun agiri ofiziala esku luzatuan.

– Barkatu jauna, Galdaniz inspektorea nauzu. Zigor Galdaniz. Polizia nazionala. Ez zintudan iratzarri nahi eta horregatik ez dut atean jo. Polizia nazionalean zure istripuari biziki garrantzi handia ematen diogu. Horregatik goiz-goizean hemen izan nahi nuen zure erasotzailearen lagunen bat hemen sar ez dadila ziurtatzeko. Berriz ere barka iezadazu otoi.

– Ez da bekatu! —Mikelek, soleimenduz mina jasangarria zitzaiola konturatuz, hiru hitz hauek ahoskatzen zituenean— Baina nola jakinen luke oraintxe non naizen?

– Hastapenarekin hasteko, Mikel…, ba Mikel deituko zaitut, onartzen baduzu, nire semearen adinekoa zarelako dirudienez.   —Mikelek begi kliskaz proposamena onartu zuen— Gainera, Zigor dei nazazu otoi; horrela gure artean sinpleago izanen da. Poliziakide uniformez jantziarekin etorri naiz. Segurtasunagatik zure gelaren aurrean geldituko da hemen gelditzen zaren luzaz, lankideekin txandatan. Eta gero zure apartamenduan.

– Baina Zigor, erraten didazuna beldurgarria da! Istripu biktima izanez gero polizia babesa behar ote dut?

– Mikel, egia erran, ez zen zure istripua istripu normala. Zure laguntzaileak barda erran zizun bezala, zure bultzakada Tuk-Tuk sarean argitaratu zuen zure erasotzaileak. Nire gaztaroan, nobela batean, gizon batek gauez bere autoz erailtzen zituen espaloi ilunetan ibiltzen ziren pertsona maleziagabeak. Gaur egun klubetan elkartzen dira horrelakoak egiteko. Berrietan ea entzun duzun Sanferminetako talde bortxaketa hori, erasotzaileek filmatua izan zena?

– Ai ama! Zer egin dut horrelakorik pairatzeko? Edo sortzeko, jakin gabe? —Mikelek.

– Gaur ez dakigu Mikel eta horregatik gure artean elkarrizketa hau ukan beharko dugu. Dudatu gabe erantzun iezadazu otoi, zure azken asteen bizitzari buruzko galderak eginen dizkizudanean. Agian zerbait nabarmen aterako da. Eta galderarik gabe beste zerbait burutik pasatzen bazaizu, bat-batean erran, ahantzi aurretik! Ados?

– Baietz Zigor eta jadanik zerbait aipatu beharko nizuke. Barda zure lekuan zen Miren lankideak, nik bezala, duela urte batzuk, matelezurreko ebakuntza jasan behar zuela aipatu zidan. Erran nahi zuena zen nola mingarria izana zitzaiola ebakuntzaren ondoko egunetan. Naturalki, zer motako istripua gertatua zitzaion galdetu nion. Hastapenean ez zuen erantzun nahi: “Ez du garrantzirik”, “Ez du inporta” eta abar. Nik, aldiz “Elkarrekiko zerbait genuela pentsatzen nuen”. Txantxa baten doinuan, hura akuilatu gabe. Bat-batean, negarrak begietan, “Burdina urtuzko eltze handi batez kolpe bortitz bat izan zen! Errabian emana. Bikote kideak emana.” erran zidan eta bere aurpegian beldurra ikusten nuen. Gainera bikote kide honek atearen gibelean entzun izanen balu bezala, Miren dardaratzen zen ere.

– Arrazoiekin hori aipatzen duzu, Mikel, eta ziur aski alde horretatik ere inkesta zabalduko dugu. Ea dakizun Mirenek bikote kide horrekin oraindik jarraitzen duenez?

– Ez, ez nion galdetu. Hain bihozminez egona iruditzen zitzaidan gertakari horren aipatzea hutsagatik, non nik ere begietan negarrak nituen eta galderarik egitetik urrun. —Mikelek eta orduan ere bere begiak bustitzen ari zirela ohartu zen.

– Egun on Inspektore Galdaniz! Aletxa nauzu, Mikelen laguntzaile birtuala eta oraindik ez dugu topatu elkar. Ez begira ezazu izkina guztietara, barda Mirenek egin zuen bezala. Telebista datu saretik pasatzen naiz. Lagun zaitzaket, nahi baduzu, zure azken galderari buruz. Prentsan aurkitu berri dugu, duela hiru urte auzipetua izan zela eraso hori. Bi urte presondegian pasatu zituen Mirenen bikote kideak. Beraz azken sei hilabeteetan libre izan da hurbiltze debeku batekin. Baina nork frogatzen du? Arazo hori ongi dakizu, Inspektore zarelako, ezta?

– Baietz, baietz Aletxa! Egun on eta plazer handiarekin topatzen zaitu, are gehiago nire laguntzaile ere bilakatzen bazara horrelako informazio baliosekin! Beraz Mikel, hori jakinik, zerbait bereziz ohartu ote zara zuen arteko lan harremanetan?

– Ezer berezirik ez, Zigor. Izan ere harreman gutxi dugu bulegoan. Ni, gehienetan bulegotik kanpoan bezeroekin teknikoki aritzen naiz eta Mirenek kontabilitate, artxiboak eta idazkaritza egiten ditu, talde batean. Istripuko egunean, herenegun, lehen aldiz bizikletaz bulegora nentorrenean, Miren bizikleten aparkalekuan topatu nuen. Giroa normala zen. Lasai eta irribarretsu iruditu zitzaidan. Arratsaldean, istripu edo erasoaren momentuan, nik ohartu gabe, nire gibelean bizikletaz ere etxeratzen zen.

– Zigor, informazio gehiago dizut bikote kidearen auziari buruz. —Aletxak— Mirenen bikote kidea bere haurtzaroan gaizki tratatua izan zen. Auzian zehar haren abokatuak haurren eta amen geriza erakundeak ekoiztutako txostena ateratzen zuen. Gaizki elikatua, egunero kolpatua ez bada bortxatua, urte luzeetan izan zen harrera familia batean kokatua izan aurretik. Horregatik denbora aski laburrez gelditu zen presondegian.

– Milesker Aletxa! Eta nola justifikatu zuen kideak bere kolpe bortitza? —Zigorrek.

– Auzi-paperaren arabera, Miren bere bizitzan lehen aldiz bere egiazko familia zuela erran zuen haren kideak eta berak ezin zuela bereiztearen ideia jasan. Mirenek aldiz, elkarrengandik bereizi zitezela nahi zuen. Badiote ere Mirenen kidea sexuarekin obsesionatua zela, “50 Grisen ñabardurak” liburutik asmatutako jokoak praktikatu nahi zituela ia egunero, baita harengandik askotan umiliazioak eta bortxaketak ere pairatu behar zituen Mirenek. Auzian maite zuena galdu baino suntsitu nahiago zuela epaileei erran zien gizonak.

– Berriz milesker Aletxa, informazioagatik. Ez du horrek hobendunik egiten baina ohiko frogak pizteko aski da.

– Azken gauza bat, Zigor eta Mikel! —Aletxak— Gure adimen artifizialak aztertu du BMW gidariaren portaera, istripuaren aurretik, “istripu” kakotxen artean orain. Argi dago kokaina kontsumitua zuela. Kontsumitzailearen hainbat ezaugarri zituen: euforia bere aurpegian ikusgarria zegoen baita arnasa eta hizketa usaian baino lasterragoak ere. Horrez gain ahoa hain idorra zuen non xorta bat sarritan edan behar zuen. Oraindik ez dakiguna da ea kokainagatik talka egin zuen edo aurretik planifikatua zuen. Ez dakigu ere ea kontsumitzaile arrunta denez edo trafiko sare baten parte hartzailea.

Zur eta lur gelditu zen Mikel. Aletxa eta Dublineko brililiek hornitutako autoan gidaria filmatzeko kamera bat ere zutela ez zen orain arte ohartu:

– Aletxa! Milesker erranagatik! Asmatzen dudana da tratuaren letra txikietan dagoela autoaren kamera hori, beti bezala!   —Mikelek.

– Bada, Mikel, orain badakizu! Zure segurtasunagatik, bistan da!

 

2023/02/19

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (76. zenbakian)