LIZARRA: ARGAZKI LEHIAKETA

 

 

Lizarrako Udalak I. argazki lehiaketa martxan jarri du, 2024. urteko enplegu, migrazio eta kultur aniztasunaren arloko kultura arteko egutegia prestatzeko

 

Hiriko kultura eta kultura arteko aberastasuna islatzen duten eguneroko bizitzako egoerak irudikatuko dituzte argazkiek. Lizarran erroldaturik dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek har dezakete parte. Argazkiak aurkezteko epea 2023ko irailaren 1ean hasi eta 2023ko urriaren 31n bukatuko da, 14:00etan.

Lehiakide bakoitzak gehienez ere 2 argazki aurkeztu ahal izanen ditu, eta “aurkeztutako irudi guztiek jatorrizkoak edo argitaratu gabeak izan behar dute, oraingoak edo artxibokoak, eta beste lehiaketa batean aurretik saririk jaso ez dutenak, beste edozein bide erabilita erakutsi, argitaratu edo zabaldu ez direnak”, Udalak adierazi duenez.

Argazkiak posta elektronikoz bakarrik aurkeztuko dira eta helbide honetara bidali beharko dira: migracion@estella-lizarra.com. Gaia: 2024 Kultura arteko Egutegirako argazki lehiaketa.

Lanak baloratzeko irizpideak hauek izanen dira: proposatutako gaiarekin duen lotura, argazkien teknika eta tratamendua, eta epaimahaia honako hauek osatuko dute: Lizarrako Udaleko Migrazio zinegotzia, epaimahaiburu lanetan arituko dena, Aftelae Argazki Elkarteko bi pertsona eta Lizarrako arte eta kulturarekin zerikusia duen pertsona bat.

3 argazki aukeratuko dira lehen, bigarren eta hirugarren sari gisa. Hautatutako hiru argazkiek diploma eta sari hauek jasoko dituzte: 1. saria 300 euro, 2. saria 200 euro eta 3. saria 100 euro. Horiek banku transferentziaren bidez sartuko dira, irabazlearen kontura, Udalaren gastu arrunten aurrekontuko kontu-sailaren kargura.

Udalak adierazi duenez, “pertsona berak ezin izanen du sari bat baino gehiago jaso, eta sariak eman gabe utzi ahal izanen dira, epaimahaiak hala irizten badio”.

Aurkezten diren 12 irudi onenak arloko kultura arteko egutegian sartuko dira 2024. urtean. Egutegi hori dohainik argitaratuko da Udalaren web orrian.

Gainera, jasotako argazki guztiak Udalaren ezkaratzean jarriko dira, lehiaketa bukatutakoan. Egilearen izena beti agertuko da bere lanaren ondoan. Argazkiak Udalaren argazki-artxiboan sartuko dira. Artxibo horrek, irabazi asmorik gabe, bere eskubide guztiak gordeko ditu egutegia erabili, erreproduzitu edo zabaltzeko eta hurrengo lehiaketak helburu berarekin sustatzeko, betiere egileak aipatuta.

Epaimahaiaren erabakia azaroaren hasieran jakinaraziko da, Udalaren web orriaren eta sare sozialen bidez, baita posta elektronikoz edo sarituei telefonoz deituta ere.