RASMI JANARDHANAN

 

 

Rasmi Janardhananek hanburgesa hibrido batzuk garatu ditu doktoretza-tesian, Nafarroako Aratxea eta landare jatorriko produktuak konbinatzen dituztenak

NUPen egindako ikerketan, teknologia berriak aplikatu ditu, hala nola presio handiko prozesamendua eta elikagaiak hutsean egostea

 

Rasmi Janardhananek Elikagaien Teknologiako Ingeniaritza egin zuen Keralako Nekazaritzako Unibertsitatean (India), eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du doktoretza. Bertan hizpide izan ditu “bertako lehengaiekin eta modu jasangarrian egindako platerak, seguruak, osasuntsuak eta kalitate handikoak”. Zehazki, “ohiko haragizko produktuen oso antzekoak” diren hanburgesa hibridoak garatzeko, hauek erabili ditu: “Nafarroako Aratxea” izeneko arraza autoktonoko txahala, landare jatorriko produktu bat (Sanygran enpresatik ekarritako landare-proteina testurizatuz egina) eta produktu hibrido bat.

Hau adierazi du lanaren egileak: “gantz jakin batzuen ordez koipe osasungarriak jarri genituen; koipe horiek, gantz erantsia duten txerri-solomozko hanburgesen ia propietate berberak dituzte. Gainera, analisi mikrobiologikoen eta bi asteko biltegiratze hoztuaren azterketen ondorioz, baieztatu genuen hanburgesak seguruak zirela eta eutsi egiten dietela elikagai moduan duten kalitateari”.

Proiektu honek aukera ematen die nekazaritzako elikagaien industriei produktu jasangarriagoak ekoizteko (haragi jatorrikoak, landare jatorrikoak nahiz hibridoak) eta teknologia berriak erabiltzeko, hala nola presio handiko prozesamendua eta elikagaiak hutsean egostea. “Elikagaiak prozesatzeak ez du esan nahi ez direnik osasungarriak –adierazi du ikertzaileak–; izan ere, teknologiei esker, posible da elikagaiak seguruak izatea eta haien bizitza erabilgarria luzatzea”.

Rasmi Janardhananen doktoretza-tesian zuzendari izan dira María José Beriain Apesteguía, NUPeko Nutrizioko eta Bromatologiako katedradun eta ISFOOD institutuko ikertzailea, eta Nelson Huerta Leidenz, Texas Tech Universityko (AEB) irakaslea. Lanak bikain “cum laude” kalifikazioa jaso zuen, eta nazioarteko aipamena lortu.

 

Produktu hibridoetarantz

Egileak adierazi duenez, Europako dieta nagusiki haragian oinarritzen bada ere, berriki ikusi da gero eta onarpen handiagoa dutela produktu hibridoek eta landare jatorriko produktuek. “Gure ustez, ‘Nafarroako Aratxea’ txahalarekin, landare jatorriko produktuekin eta produktu hibridoekin egindako elikagaiek aldi berean erakar ditzakete komunitate haragijaleak, beganoak eta flexitarianoak”.

Bere lanean, Europar Batasunaren jasangarritasun plana izan zuen ardatz, zehazki “baserritik mahaira” estrategia. Probak egin zituen proteinetan oinarritutako produktu alternatibo berriek enpanadetan zer onarpen sentsorial eta zer propietate teknologiko zituzten ikusteko. “Emaitzak esperantzagarriak izan ziren eta hanburgesa hibridoek haragizkoen antz handia zuten. Gantzak modu arrakastatsuan ordezkatu ziren, batetik bestera alde oso txikia egon baitzen propietateetan, eta analisi mikrobiologikoak eta bi astez biltegiratuta izan ondorengo azterketek berretsi zuten hanburgesak seguruak zirela eta elikagai moduan zuten kalitateari eusten ziotela”.

 

CV laburra

Rasmi Janardhananek Elikagaien Teknologiako Ingeniaritza ikasi zuen Keralako Nekazaritzako Unibertsitatean (India); bertan ikasi zuen Nekazaritza Ingeniaritzako Masterra ere, Nekazaritzako Prozesamenduko eta Elikagaien Ingeniaritzako espezializazioarekin. Ekintzak kofinantzatzeko Marie Skłodowska-Curie beka bat lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan Iberus Talent programaren bidez, eta erakunde horretan bertan egin du doktoretza.

Bere ibilbide profesionalean egonaldiak egin ditu Teagasc Ashtown Food ikerketa-zentroan (Dublin, Irlanda), Texasko Unibertsitate Teknologikoan (AEB) eta Tezpur Unibertsitate Zentralean (Assam, India). Zenbait ikerketa-artikulu idatzi ditu eta nazioarteko kongresu batzuetan hartu du parte.

 

Argazkia: Rasmi Janardhanan NUPeko Arrosadiko campusean.