ANTIOXIDATZAILEAK SINTETIZATU

 

NUPeko ikasle talde batek biologia sintetikoko 2023ko iGEM lehiaketan hartuko du parte, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko azpiproduktuetan jatorria duten antioxidatzaileak sintetizatuz

Lehiaketa urrian izanen da, Parisen, eta ikasleak Bioteknologiako, Zientzietako, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako eta Datuen Zientziako graduetakoak dira

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasle talde batek biologia sintetikoko 2023ko iGEM lehiaketan parte hartuko du urrian, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko azpiproduktuetan jatorria duten antioxidatzaileen sintetizazioan oinarritutako proiektu batekin (resberatrolaren sintetizazioan, zehazki). MITek (Massachussetts Institute of Technology) bultzatutako iGEM (International Genetically Engineered Machine Competition) biologia sintetikoko nazioarteko lehiaketan arituko diren ikasleak Bioteknologiako, Zientzietako, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako eta Datuen Zientziako graduetakoak dira. Proiektu honekin, taldea biologia sintetikoaren, ekonomia zirkularraren eta gizartearen arteko lotura bat sortzen saiatuko da, proiektu lokal berritzaile bati helduz.

Resberatrola molekula antioxidatzaile bat da, landare batzuetan aurki daitekeena, bereziki mahats gorrien, masusten, andere-mahatsen eta kakahueteen azalean. Ondorioz, konposatu hori ardo beltzean ere ageri da, kantitate txikian bada ere. “Gaitasun antioxidatzailea duenez, egiaztatu dugu resberatrolak erradikal libreek eragindako kalteetatik babesten dituela zelulak, hala nola oxigenoaren espezie erreaktiboek eragindakoetatik”, azaldu dute iGEM taldeko kideek. “Gainera, babes kardiobaskular gisa funtzionatzen du, eta lagungarria da odoleko glukosa-mailei eusteko, intsulinarekiko erresistentzia saihestuz”, adierazi dute. “Ardogintzan sortutako hondakin kantitate handietan dauden aitzindariak erabili nahi ditugu gizarteari onura handiak ekar diezazkiokeen konposatu bat sintetizatzeko”, erantsi dute.

“Oso gustuko dugu proiektu hau. Azken helburua nekazaritzako elikagaien azpiproduktuetatik sortutako resberatrola isolatzea da, herritarrei laguntzeko nutrizio-gehigarri bat ekoizteko. Resberatrol bidezko gehigarriak badauden arren, haiek lortzeko planteatzen dugun moduak zenbait abantaila ekarriko lituzke lehendik daudenen aldean. Proiektua garatu bitartean, nekazaritzako elikagaien eta farmaziaren sektoreko enpresa batzuekin harremanetan jarriko gara gure azken helburua lortzeko. Gainera, etorkizunean konposatu hori kapsularatzeko aukera planteatuko dugu, elikagaien gehigarri gisa hartzeko”, zehaztu dute taldea gidatzen duten ikertzaileek.

Proiektuak NUPen babesa du, Biologia Sintetikoko Katedraren bitartez, CNTArekin egindako hitzarmen baten bidez, eta, orain arte, SnapGene enpresaren laguntza izan du.

 

NUPeko taldeko kideak

Hauek dira lantaldeko kideak: Alejandra Merino Jiménez (Datuen Zientziako Gradua), María Garde García, Ainhoa Andueza San Miguel, Raúl Carrasco Echeverría eta Julia Unzué Gros (Bioteknologiako Gradua), Leire Beramendi Pérez, María Fernanda Dussán Media, Josu Zamacola Cestafe, Cecilia Navaz Erro (Zientzietako Gradua), Uxue Urbeltz Tanco (Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua) eta Xavier Praturlon Francés (Bioteknologiako eta Datuen Zientziako Gradu Bikoitza). Era berean, Irene Gil, Sergio Maraña eta María Roldán, NUPen Bioteknologian graduatu berri diren eta 2022ko edizioan parte hartu zuten hiru ikasle, aholkulari arituko dira, eta aurretik izandako esperientziaz baliatuz gidatuko dute taldea. Estíbaliz Larrainzar Rodríguez eta Lucas Castellani NUPeko ikertzaileak, berriz, taldea gainbegiratzeaz eta zuzendaritza-lanaz arduratuko dira proiektu osoan zehar, ikertzaile nagusi gisa.

Azkenik, honako hauek arituko dira taldeko aholkulari: Juanjo Rubio ingeniari biomediko eta Nafarroak iGEM lehiaketan parte hartzearen bultzatzailea; Esther González, Rosa Murillo eta Carlos López-Molina NUPeko irakasle eta Biologia Sintetikoko Katedraren arduradunak; eta Antonio G. Pisabarro irakasle eta NUPen mende dagoen Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Institutuaren zuzendaria (IMAB). CNTA aldetik Inés Echeverría ikerketa-zuzendariak eta María José Saiz aplikazio analitiko berrien arduradunak hartuko dute parte.

 

Argazkia: IGEM proiektuan parte hartuko duten ikasle eta ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera, beheko lerroan: Ainhoa Andueza, Julia Unzué, María Roldán, Lucas Castellani, Leire Beramendi, María Garde eta Xavier Praturlon. Ezkerretik eskuinera, goiko lerroan: Estíbaliz Larrainzar, Josu Zamacola, Uxue Urbeltz, Sergio Maraña, Alejandra Merino, María Fernanda Dussan eta Raúl Carrasco.