MENDITECH ENPRESA: ZUNTZ OPTIKOA

 

Zuntz optikoko sentsoreen sistemak garatzen dituen Menditech enpresa unibertsitatearen “spin-off” gisa onartu du NUPek

Unibertsitateak eta Nafarroako Rural Kutxak babestu dute ezagutzan oinarritutako erakunde horren sorrera

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitatearen “spin off” gisa onartu du berriki Menditech enpresa, ezagutzan oinarritutako entitate bat, zuntz optikoko sentsoreen sistemak garatzen dituena. NUPek kapital sozialean parte hartzeaz gain, Nafarroako Rural Kutxak enpresaren sorrera babestuko du, erakunde horrek Unibertsitatearekin duen lankidetza-hitzarmenari jarraikiz.

Ezagutzan oinarritutako entitatearen onarpena hitzarmen baten bidez egin zen formalki, eta NUPek, Nafarroako Rural Kutxak eta enpresako ordezkariek hartu zuten parte hura sinatzeko ekitaldian. Zehazki, honako hauek izan ziren bertan: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, Ricardo Goñi Leránoz Nafarroako Rural Kutxako Harreman Instituzionalen arduraduna eta Gonzalo Soto erakunde horretako ekintzaileentzako Línea Inicia delakoaren arduraduna. Menditechen izenean, Daniel Leandro González, Manuel López-Amo Sainz, Mikel Bravo Acha eta Juan José González Tainta bazkideak bertaratu ziren.

 

Menditechen jarduera-eremua

Menditech enpresak zuntz optikoko sentsoreen sistema optimizatuak garatzen ditu egituren osasuna monitorizatzen duten aplikazioetarako. Gaur egun, prestazio handiko eta kostu txikiko sistema bat garatzeko azken fasean dago, asfaltozko egiturak monitorizatzeko balioko duena, ibilgailuen fluxuari, abiadurari eta motari buruzko informazioa emanez zoruaren egoera eta mugitzen ari den ibilgailuaren pisua zein diren jakiteko.

Era berean, taldeak teknologian duen ezagutza zabalak eta gailu komertzialetan egindako inbertsioak aukera ematen dute egituren osasuna monitorizatzeko zerbitzuak eskaintzeko, zuntz optikoko sentsore konbentzionalak erabiliz eta bezero bakoitzaren beharretara egokituz. “Hori guztia posible da zuntz optikoak sentsore gisa dituen ezaugarri bikainei esker, hala nola sentiberatasun handiari, sentsore sare handiak sortzeko gaitasunari, transmisio galera urriei, tamaina txikiari eta malgutasunari eta interferentzia elektromagnetikoekiko immunitateari esker”, nabarmendu dute enpresaren fundatzaileek.

“Eskerrak eman nahi dizkiogu NUPi ekintzailetza-jarduera honetan emandako konfiantza eta laguntzagatik, CEIN zentroari eta LUCE laborategiari hasierako prestakuntza eta bultzadagatik, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari kontzeptu proben proiektuen deialdiagatik, eta Nafarroako Gobernuari I+G-rako langileak kontratatzen laguntzeagatik”, azpimarratu dute.

 

“Spin off” enpresak, funtsezkoak ezagutza transferitzeko

“Spin-off” enpresak edo ezagutzan oinarritutako entitateak unibertsitateetan egiten den ikerketa-lanaren ondorioz sortu ohi dira, eta zientziaren edo teknologiaren eremuko aurkikuntza berriak aplikatzen dituzte produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko. Enpresa horiek funtsezkoak dira unibertsitateak bere ingurura ezagutza transferitzeko, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten baitute, baita industria-inguruneari balio erantsi handia eman eta gazteak lanean has daitezen erraztu ere.

 

Argazkia: Menditech enpresaren hitzarmena sinatzeko ekitaldira joandako jendea. Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona errektoreordea; Gonzalo Soto (Rural Kutxa), Manuel López-Amo (Menditech), Ricardo Goñi (Rural Kutxa); Ramón Gonzalo errektorea eta Mikel Bravo, Juan José González eta Daniel Leandro (Menditech).