IRATI JÁUREGUI LÓPEZ

 

Sentsoreetarako diseinu berri bat aurkeztu dute tesi batean, gailu horiek substantzia kantzerigenoak detektatzeko duten gaitasuna hobetzen duena

Irati Jáuregui NUPeko Telekomunikazioaren Teknologietako ingeniariak konposatu kimiko arriskutsuen eta geruza oso meheen detekzioan aplikatu du bere ikerlana

 

Irati Jáuregui López Telekomunikazioaren Teknologietako ingeniariak geruza ultrameheak detektatzeko gaitasuna hobetzen duten sentsoreen diseinu mota berri bat aurkeztu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri berri duen doktoretza-tesian. Ikerketaren zuzendariak Miguel Beruete Díaz eta Kizkitza Insausti Barrenechea NUPeko irakasleak izan dira, ISC eta ISFOOD ikerketa-institutuetako kideak hurrenez hurren. Hain zuzen, azken institutu horrekin lankidetzan, Irati Jáureguik elikagaietan dauden substantzia kantzerigenoen detekzioan aplikatu du bere sentsoreen diseinu berria, eta ikerketak kalifikaziorik hoberena lortu du: bikain “cum laude”.

Tesiaren egileak azaldu duenez, sentsore bidezko detekzioa terahertzen aplikazio interesgarrienetako bat bihurtu da (frekuentzia jakin batean igortzen den erradiazio mota bat). Teknologia hori, besteak beste, substantzia jakin batzuen kontzentrazio oso txikiak detektatzeko erabiltzen da, eta hori oso baliagarria da elikagaien industriarako, segurtasun aplikazioetarako zehazki.

Irati Jáureguik proposatzen duen sentsoreen garapena metamaterialetan oinarritzen da (propietate zehatz eta bereziak dituen material mota bat), sentikortasun handiko gailuak bilatzeko xedez. Zehazki, NUPeko doktore berriak diseinatutakoak gai dira 30 nanometrotik beherako lodierak detektatzeko (milimetro baten milioirena da nanometroa), eta, elikagaiei aplikatuta, mikroorganismoen kontzentrazioak identifikatzeko erabil daitezke, hala nola onddoak edo substantzia kimikoak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak esaterako. Azken horiek elikagaiak asko kozinatzean edo parrillan erretzean sortzen dira, eta Europar Batasunak arautzen du zenbatekoak diren horien baimendutako gehieneko kontzentrazioak, kantzerigenoak izan baitaitezke. “Azpimarratzekoa da diseinu hau aitzindaria dela, bere geometriaren konplexutasunagatik eta erabiltzen duen frekuentzia-tarteagatik, eta oso emaitza onak erakutsi ditu sentsibilitateari eta meritu-figurari dagokienez, hots, sentsore bidezko detekziorako gailu baten kalitatea neurtzeko erabiltzen diren parametroei dagokienez”, adierazi du tesiaren egileak.

Esan bezala, bere doktoretza-tesian, Irati Jáureguik, NUPeko ISFOOD institutuarekin lankidetzan, sentsore bidezko detekziorako teknikak erabili ditu zaldikoaren haragiaren kalitatean, zaporean edo itxuran eragina izan dezaketen oxidazio-parametroak detektatzeko eta ebaluatzeko. Lagin horiek aztertzeko, Irati Jáureguik infragorri ertaineko espektroskopia erabili zuen teknika gisa, zeina ohiko beste metodo analitiko batzuen alternatiba berri bat baita.

 

Irati Jáuregiren CV laburra

Irati Jáureguik Telekomunikazioaren Teknologietako Ingeniaritza ikasi zuen NUPen, baita ohorezko matrikula lortu ere Gradu Amaierako Lanean. Telekomunikazio Ingeniari eta Teknikarien Elkargo Ofizialaren 2016ko Telekomunikazioen Liberalizazioaren hirugarren saria irabazi zuen Estatu mailan. 2018an, Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra bukatu zuen NUPen, eta, berriz ere, ohorezko matrikula lortu zuen Master Amaierako Lanean. Aldi berean, NUPeko Antenak ikerketa-taldean aritu zen, proiektuko laguntzaile gisa.

Doktoretza-tesia oinarri hartuta, egileak zazpi artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan, eta nazioarteko 12 ikerketa-konferentziatan eta Estatuko beste 5etan hartu du parte.

 

Argazkia: Irati Jauregi, NUPeko doktore berria.