TAIREL DATA ENPRESA: ADIMEN ARTIFIZIALA ETA DATUAK

 

 

Adimen artifizialean eta datuen tratamenduan oinarritutako soluzioak ardatz dituen Tairel Data enpresa “spin-off” gisa onartu du NUPek

Unibertsitateak eta Nafarroako Rural Kutxak babestu dute ezagutzan oinarritutako erakunde horren sorrera

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitatearen “spin off” gisa onartu du berriki Tairel Data SL enpresa, ezagutzan oinarritutako entitate bat, adimen artifizialean eta datuak tratatzeko beste teknika aurreratu batzuetan oinarritutako soluzioak ardatz dituena. Enpresa horren negozioa NUPen egindako ikerketa-jardueratik sortu da. NUPek kapital sozialean parte hartzeaz gain, Nafarroako Rural Kutxak enpresaren sorrera babestuko du, erakunde horrek Unibertsitatearekin duen lankidetza-hitzarmenari jarraikiz.

Ezagutzan oinarritutako entitatearen onarpena hitzarmen baten bidez egin zen formalki, eta NUPek, Nafarroako Rural Kutxak eta enpresako ordezkariek hartu zuten parte hura sinatzeko ekitaldian. Zehazki, honako hauek izan ziren bertan: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, Ricardo Goñi Leránoz Nafarroako Rural Kutxako Harreman Instituzionalen arduraduna eta Gonzalo Soto erakunde horretako ekintzaileentzako Línea Inicia delakoaren arduraduna. Tairel Dataren izenean, Marisol Gómez Fernández, Ángel Ursúa Sesma, José Antonio Moler Cuiral eta Isabel Goicoechea bazkideak bertaratu ziren.

 

Tairel Data SL enpresaren jarduera

Adimen artifiziala eta datuak tratatzeko beste teknika aurreratu batzuk oinarri dituzten soluzioetan espezializatutako enpresa bat da Tairel Data.  Haren ikuspegi nagusia osasunaren eta medikuntza pertsonalizatuaren arloan zentratzen da, baina beste enpresa-ingurune batzuetan ere aplika daitezke haren zerbitzuak.

Esate baterako, “spin-off” horrek ikaskuntza automatikoko eredu teorikoak garatzen ditu, helburu terapeutiko itxaropentsuak identifikatzeko gaitasuna dutenak. “Aurrerapen horiei esker, zientzialariek erabaki oinarridunak hartzen ahalko dituzte tratamenduen esparruan, eta beste gaixotasun batzuen testuinguruan aplikatu”, adierazi dute enpresaren fundatzaileek. Tairel Datak kanpoko neurgailuetatik datozen edo pazienteak berak eramaten dituen datu multimodalak erabiltzen ditu arrisku-egoeran daudenak monitorizatzeko eta haien bilakaera kontrolatzeko. “Osasun zerbitzuen kudeaketa administratiboari dagokionez, adimen artifiziala oso baliagarria izan daiteke profesionalen lan-fluxua optimizatzeko, erredundantziak eta beharrezkoak ez diren prozedurak ezabatuz”, adierazi du taldeak.

Tairel Datak eskaintzen dituen zerbitzuen artean “Data Science in Company” dago, bezeroaren instalazioetan egiten dena. Zerbitzu hori modu jarraituan eman daiteke, edo, beharren arabera, berariazko prestakuntzaldi baten barnean.

 

“Spin off” enpresak, funtsezkoak ezagutza transferitzeko

“Spin-off” enpresak edo ezagutzan oinarritutako entitateak unibertsitateetan egiten den ikerketa-lanaren ondorioz sortu ohi dira, eta zientziaren edo teknologiaren eremuko aurkikuntza berriak aplikatzen dituzte produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko. Enpresa horiek funtsezkoak dira unibertsitateak bere ingurura ezagutza transferitzeko, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten baitute, baita industria-inguruneari balio erantsi handia eman eta gazteak lanean has daitezen erraztu ere.

 

Argazkia: Tairel Data enpresaren hitzarmena sinatzeko ekitaldira joandakoak. Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona errektoreordea, José Antonio Moler Cuiral (Tairel Data), Ricardo Goñi (Rural Kutxa), Isabel Goicoechea Vailo (Tairel Data), Ramón Gonzalo errektorea, Ángel Ursúa Sesma (Tairel Data), Gonzalo Soto (Rural Kutxa) eta Marisol Gómez (Tairel Data).