CRISTINA BURGUI ALCAIDE

 

C hepatitisaren birusak eragindako infekzioa 2030erako desagerraraz liteke Nafarroan, NUPen defendatutako tesi baten arabera

Cristina Burgui Farmaziako lizentziatuak ziurtatu du Foru Komunitatean bete egin daitekeela Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako helburua

 

C hepatitisaren birusak eragindako infekzioa 2030erako desagerraraz liteke Nafarroan, eta, horrela, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarritako helburua bete. Horixe da Cristina Burgui Alcaide Farmaziako lizentziatu eta Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesiaren ondorio nagusietako bat (“Evaluación del proceso de eliminación del virus de la hepatitis C en Navarra”). Tesiaren zuzendaria Jesús Castilla Catalán izan da, medikuntza prebentiboaren arloko doktorea eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Navarrabiomedeko ikertzailea.

Tesiaren egileak azaldu duenez, aipatutako helburua betetzeko, zenbait oztopo gainditu beharko lirateke: diagnostikatu gabeko infekzioak detektatu, segimenduan zehar galdutako kasuak bildu, tratamendua hasi eta bete eta C hepatitisaren birusak (CHB) eragindako infekzio berriak prebenitu. Nafarroak asistentziarako duen gaitasunaren eta eskura dituen farmakoen ondorioz, helburua lortzeko modukoa da, baina, horretarako, “beharrezkoa da infekzio aktiboak diagnostikatzeko eta tratatzeko erritmo biziagoa berreskuratzea”, esan du Cristina Burguik.

Tesian abiapuntu modura egindako azterketa epidemiologikoaren arabera, Nafarroan noizbait CHBaren infekzioa diagnostikaturik izan duten lagunen kopurua 2.014tik 2.321era igo zen 2015ean, baina infekzioa oraindik ere aktibo zutenen kopurua % 84 murriztu zen denbora-tarte horretan. Tesiaren egileak adierazi duenez, neurri handi batean, 2013tik aurrera ekintza zuzeneko antibiralak merkaturatzearen ondorio da hori, horrek posible egin baitu tratamendua aho bidezko botikekin egitea, hau da, tolerantzia ona eta arrakasta-tasa handia duten botikekin.

 

Diagnostikatu gabeko kasuak, pazienteen bilketa eta farmakoen eraginkortasuna

Azterlan epidemiologiko horretaz gain, doktoretza-tesia osatzeko, hiru behaketa-analisi egin dira Nafarroako Osasun Zerbitzuak artatutako biztanleen artean, eta asistentziari buruzko datu-base anonimoak erabili ziren horretarako. Lehenbiziko analisi horretan, CHBak eragindako infekzio aktiboaren jarduera diagnostikoa ebaluatu zen, abiapuntutzat hartuta 2017-2019 aldian infektaturik egotearen susmagarriak ziren Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Laguntza Espezializatuko pazienteei egindako proben emaitzak, eta, haien bidez, posible izan zen diagnostikoen erritmoa ebaluatzea eta diagnostikatu gabeko infekzioen prebalentzia kalkulatzea. Oinarrizko Osasun Laguntzako sareak diagnostiko berrien erdiak baino gehiago egin zituen, eta infekzio aktiboko kasu bat detektatu zuen aztertutako 433 pazienteko; ebakuntza aurreko analisietan, berriz, infekzio aktibo berri bat detektatu zuen aztertutako 1.880 pertsonako. Ebakuntza aurreko analitika horien emaitzen arabera, Nafarroan, 2017-2019 aldian, infekzio aktiboa zuten 200 eta 300 pertsona bitarte zeuden diagnostikatu gabe, gehienak 1980. urtea baino lehen jaiotakoak.

Bigarren analisian, Osasun Departamentuak proposatutako esku-hartze bat ebaluatu zen, hain zuzen CHBaren diagnostiko osatugabea zuten pazienteak biltzea eta haien diagnostikoa osatzea eta baieztatutako kasuak tratamendu farmakologikora bideratzea helburu zuena. Laborategiko emaitza zaharrak aztertuz, aukera terapeutiko onik ez zegoen garaian CHBak eragindako infekzioaren diagnostiko osatugabea zuten 281 paziente detektatu zituzten. Ebaluazio hori egin zenean, pazienteen % 67rekin harremanetan jartzea lortu zen. Horietatik % 28k infekzio aktiboa zuten eta tratamendura bideratu zituzten, % 40 positibo faltsuak ziren eta % 31 berez sendatu ziren. Cristina Burgik adierazi duenez, “Erabaki hori oso eraginkorra eta mesedegarria izan zen maila pertsonalean eta profesionalean; izan ere, infektaturik zeudela ez zekiten pertsona batzuei infekzio aktiboa diagnostikatzeko aukera eman zuen, eta, horri esker, fase larriagoetara pasatzea ekidin zen (zirrosira eta hepatokartzinomara, adibidez). “Osasun-espezialitateen arteko koordinazio eta lankidetza estuari esker, eutsi ahal izan zitzaion CHBak eragindako infekzioen diagnostiko- eta tratamendu-erritmo onari, COVID-19aren pandemiak eragina izaten ari baitzen”, ondorioztatu du.

Hirugarren fasean, 2015etik 2020ra bitartean (2021era arteko segimenduarekin), Nafarroako Unibertsitate Ospitalean ekintza zuzeneko antibiralekin hasitako tratamenduen eraginkortasuna ebaluatu zen, jakin beharra baitzegoen zenbat kasutan lortzen zen erantzun biral jarraitua, hots, infekzioa sendatzea. Tratamendua 1.366 pazientek hasi zuten, eta haietatik % 19 giza immunoeskasiaren birusak kutsatuta zeuden (GIBa). Tratamendua hasi zuten paziente guztien % 96,6k eta segimendua osatu zutenen % 97,7k erantzun biral iraunkorra erdietsi zuten. Lehenbiziko tratamenduak huts egin eta gero berriz tratamendua jarrita, gaixoen % 100 sendatzea lortu zen. Medikamentuek segurtasun-profil ona erakutsi zuten; izan ere, tratatutako paziente guztietatik hiruri baizik ez zitzaien aldatu behar izan tratamendua nahi gabeko ondorioak zirela medio.

Tesi horrek ondorioztatzen du gaur egungo baliabide diagnostiko eta terapeutikoei esker posible dela CHBak eragindako infekzioa desagerraraztea ongi antolatutako osasun-inguruneetan. Arrakasta, betiere, helburu horri ematen zaion lehentasunaren araberakoa da”, Cristina Burgik adierazi duenez.

 

Cristina Burgui Alcaideren CV laburtua

2020tik 2022ra bitartean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan lan egin zuen Rio Hortega kontratu batekin, kontratu hori Carlos III.a Osasun Institutuaren lehiaketa-deialdi batean lortuta. 2017tik 2019ra bitartean bi ikerketa-programa garatzen aritu zen: haietako bat Europakoa zen (Integrate Ekintza Bateratua), eta bestea estatala, C Hepatitisaren kontrako Plan Estatalaren barrenean. Bestalde, SARS-CoV-2-ri, C hepatitisari eta gripeari buruzko hainbat proiektu nazioartekotan hartu du parte.

Cristina Burguik epidemiologiako eta ospitaleko farmaziako biltzar zientifiko askotan hartu du parte. Lau ikerketa-artikuluren egile nagusia da, eta 20 argitalpen zientifiko baino gehiago ditu argitaratuak beste batzuekin batera.

 

Argazkia: Cristina Burgui Alcaide, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatearen aurrean.