VORS CONTROL ENPRESA, KONTROL INGENIARITZA

 

NUPek “spin-off” moduan aitortu du Vors Control enpresa, kontrol ingeniaritzako soluzioak garatzen dituena

Unibertsitateak eta Nafarroako Rural Kutxak babestu dute ezagutzan oinarritutako erakunde horren sorrera

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitatearen “spin off” gisa onartu du berriki Vors Control enpresa; ezagutzan oinarritutako entitatea da, kontrol ingeniaritzako soluzioak garatzen dituena. Enpresa NUPen egindako ikerketatik sortua da. NUPek kapital sozialean parte hartzeaz gain, Nafarroako Rural Kutxak enpresaren sorrera babestuko du, erakunde horrek Unibertsitatearekin duen lankidetza-hitzarmenari jarraikiz.

Ezagutzan oinarritutako entitatearen onarpena hitzarmen baten bidez egin zen formalki, eta NUPek, Nafarroako Rural Kutxak eta enpresako ordezkariek hartu zuten parte hura sinatzeko ekitaldian. Zehazki, honako hauek izan ziren bertan: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, Ricardo Goñi Leránoz Nafarroako Rural Kutxako Harreman Instituzionalen arduraduna eta Gonzalo Soto erakunde horretako ekintzaileentzako Línea Inicia delakoaren arduraduna. Vors Control enpresaren izenean, Idoia Lizarraga eta Irene Miquelez bazkide fundatzaileak bertaratu ziren.

 

Vors Control enpresaren jarduera

Vors Control Technology sistemekin edo prozesu dinamikoekin lotutako industriako arazo guztiei kontrol ingeniaritzako soluzioak garatzen eta ematen dizkien enpresa bat da. Hauek dira soluzio horien aplikazioaren adibide batzuk: aerosorgailuak, garabiak, baldintza kontrolatuetako fabrikazioa edo makina-erreminta.

“Kontrol teknika aurreratuak aplikatzeak aukera ematen du egitura-kargak murrizteko, eta, beraz, materialaren kostua murrizteko edo produktu baten balio-bizitza luzatzeko. Era berean, errendimendua eta produktibitatea handitzeko aukera ematen du, eta, hala, bezeroaren negozio-kasua hobetu, edo erabiltzailearen erosotasuna hobetzeko aukera, segurtasuna areagotzen baitu”, enpresaren talde fundatzaileak adierazi duenez.

 

“Spin-off” enpresak, funtsezkoak ezagutza transferitzeko

“Spin-off” enpresak edo ezagutzan oinarritutako entitateak unibertsitateetan egiten den ikerketa-lanaren ondorioz sortu ohi dira, eta zientziaren edo teknologiaren eremuko aurkikuntza berriak aplikatzen dituzte produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko. Enpresa horiek funtsezkoak dira unibertsitateak bere ingurura ezagutza transferitzeko, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten baitute, baita industria-inguruneari balio erantsi handia eman eta gazteak lanean has daitezen erraztu ere.

 

Argazkia: Vors Control enpresaren hitzarmena sinatzeko ekitaldira bertaratuak. Ezkerretik eskuinera, Cristina Bayona errektoreordea; Ricardo Goñi (Caja Rural); Ramón Gonzalo errektorea; Idoia Lizarraga, Irene Miquelez (biak Vors Controleko bazkide sortzaileak) eta Gonzalo Soto (Caja Rural).