ARANTZA GARCIA AMEZQUETA

 

Arantza García Amezquetak esnearen proteina likidoaren erabilera ikertu du bere doktoretza-tesian, hautsezko kontzentratuen alternatiba moduan

Ikertzaileak NUPen egin du ikerketa

 

Doktoretza-tesian, kaseina mizelarraren (esnearen proteina bat) kontzentratua modu likidoan erabiltzeko zer aukera dauden ikertu du Arantza García Amezqueta nekazaritzako ingeniariak. Tradizioz, proteina-kontzentratuak hauts forman erabili izan dira, nagusiki elikagaien industrian eta kirol nutrizioko produktuetan. “Aurkikuntza garrantzitsuenen artean, ikusi dugu kontzentratu horiek egoera likidoan kontserbatzeko presio handiak erabiltzea alternatiba ona izan daitekeela ohiko tratamendu termikoaren aldean, nahiz eta prozesuak eragina duen azken testuran” esan du egileak.

Doktoretza-tesi horretan (“Micellar casein concentrates and isolates: changes induced by stabilization and preservation methods”) Teresa Fernández García NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakaslea aritu da zuzendari. Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta nazioarteko aipamena.

Kaseina mizelarraren kontzentratuak eta isolatuak, nutrizio balio eta balio funtzional handia dutenez, elikagai askotan erabiltzen dira osagai gisa. Honela azaldu du tesiaren egileak: “Normalean, produktu horiek lortzeko, esnearen osagaiak mintz bidezko iragazketa teknologiaren bidez bereizten dira. Bereizi eta kontzentratu ondoren, ihinztatze bidez lehortu eta hauts bilakatzen dira, biltegiratzeko. Hala ere, elikadura-osagai gisa betetzen duten funtzioa betetzeko, kontzentratu horiek disolbatu egin behar dira, eta hori arazo bat da, gero zaila baita haiek berrosatzea”.

Horregatik, Garcíak produktu horiek modu likidoan erabiltzeko aukera aztertu du doktoretza-tesian. Aurkitutako arazoetako bat da produktuok, egoera likidoan manipulatzean, “oso zaurgarriak bilakatzen direla narriadura mikrobiologikoaren eta beste alterazio mota batzuen aurrean”, eta, beraz, beharrezkoa dela tratamenduren bat aplikatzea kontserbatzeko.

Testuinguru horretan, tesiaren garapenean teknologia berritzaileak aztertu ditu, hala nola presio hidrostatiko handiak edo nisina gehitzea (gehigarri hori elikagaien industrian kontserbagarri gisa erabiltzen da).

Arantza Garcíak ondorioztatu duenez, “lortutako emaitzek aukera ematen dute, alde batetik, egoera likidoan dauden kontzentratu eta isolatu horien portaera eta egonkortasuna ezagutzeko, eta, bestetik, egitura mizelarraren ezagutzan sakontzeko, hau da, kaseinen banaketari eta esne-matrizean duten antolaketari buruzko ezagutzan”.

 

CV laburra

Arantza García Amezquetak Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Elikagaien Industrietako espezialitatearekin (2008), eta, ondoren, Nekazaritzako Ingeniaritza (2014). Bi titulazio horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortu zituen, eta erakunde horretan egin eta irakurri du bere doktoretza-tesia ere. Tesian zehar, doktoretza aurreko egonaldia egin zuen FrieslandCampina Innovation Centre ikerketa-zentroan (Wageningen, Herbehereak). Egonaldi horretan Thom Huppertzek izan zuen gainbegirale, zeina haren ikerketa-arloko ikerlari esanguratsuenetakoa baita.

Arantza García Nafarroako Gobernuak finantzatutako hainbat ikerketa-proiektutan parte hartua da, 6 argitalpen ditu eginak eragin handiko aldizkarietan. Gaur egun, NUPen jarraitzen du, ikertzaile gisa, Nafarroako Gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu batean.

 

Argazkia: Arantza García Amezqueta Arrosadiko Campusean.