ALVARO IRIBARREN ZABALEGUI

 

Álvaro Iribarren Zabalegui NUPeko doktoregaia saritua Helsinkin egindako Industria Elektronikari buruzko 32. Nazioarteko Kongresuan

“Aurkezpen Onenaren Saria” jaso zuen Unibertsitateko INGEPER taldeko hamar ikertzailek parte hartutako sinposio horretan

 

Álvaro Iribarren Zabalegui doktoretza egiten ari da gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko INGEPER ikerketa-taldean, eta “Best Presentation Award” saria jaso zuen Industria Elektronikari buruzko 32. Nazioarteko Kongresuan, Helsinkin (Finlandia).

Hau izan zen Álvaro Iribarrenen aurkezpenaren oinarria: bihurgailu elektronikoak diseinatzea hidrogenoa ekoizteko sistema handietarako, sareko integrazioa hobetzeko eta ekoitzitako hidrogenoaren kostuak murrizteko. Lan horrek “Asymmetrical firing angle molulation for 12-pulse thyristor rectifiers supplying high-power electrolyzers” du izena, eta Iribarrenez gain, NUPeko Ernesto Barrios, Alfredo Ursúa eta Pablo Sanchis irakasleek hartu zuten parte hartan.

Kongresu horrek mundu osoko ikertzaileak biltzen ditu, eta ekainaren amaieran egindako ediziora honako hauek joan ziren NUPetik: Alberto Berrueta, Iñaki Lalinde, Javier Samanes, Elisa Irujo, Álvaro Iribarren, Leyre Rosado, Iker Oraá, Ibai Urtasun, Ane Pérez eta Naiara Goñi, NUPeko INGEPER ikerketa-taldeko kideak denak (Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak). Sinposioan egin zituzten aurkezpenetan hobekuntzak eta proposamen berriak planteatu zituzten energia eolikoa eta fotovoltaikoa sortzeko eta hidrogeno berriztagarria ekoizteko erabiltzen diren bihurgailu elektronikoetarako, batetik; bestetik instalazio berriztagarrietan litiozko baterien segurtasuna eta modelatzea hobetzeko, eta, azkenik, sarera iturri berriztagarri gehiago konektatzen laguntzeko, linea eta azpiestazio elektrikoak handitu beharrik gabe.

NUPeko ikertzaileek kongresuan parte hartzeko aukera izan zuten honako hauen finantzaketari esker: INGEPER taldearen funts propioak, ASEMLI ikerketa-proiektuak (Trantsizio Ekologikora eta Trantsizio Digitalera Bideratutako Proiektu Estrategikoen 2021eko deialdia) eta REN-AC-GRID proiektua (I+G+b-ko proiektuen 2019ko deialdia); azken bi deialdi horiek Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Estatu Planekoak dira.

 

Argazkia: Ezkerretik eskuinera: Naiara Goñi, Ane Pérez, Ibai Urtasun, Iker Oraá, Leyre Rosado, Álvaro Iribarren, Elisa Irujo (aitzinean), Javier Samanes, Iñaki Lalinde eta Alberto Berrueta (gibelean).