SORTERRIKO KOBLAK

 

Joseba Sarrionandia

 

Oihaneko pagoak blai
aideratuz hiru elai.
Ostadarraren harian dira
hirurak pausatu nahi.

Larrosak dira gorriak
edo bestelan xuriak.
Hagitzez ederragoak dira
neskatilaren irriak.

Maldan behera urratsa
betiko bidean latsa.
Hodei ilunak gaua belzten du
udazkena da ez bedatsa.

Usapalak ostantzean
huts bat badut bihotzean.
Zatoz maitea gure etxera
dostatzera arratsean.

Eder basoan haritza
haran aldean garitza.
Fruitu antzera ontzen da hemen
gizasemeen bizitza.

Sagar gorriak dilindan
damea dago ganbaran.
Maite laztanez hartzeko eta
elkartzeko ohantzean.

Iluntasuna abailtzen da
luma galdu bat bezala.
Begiak uso, mingaina arana
zure bihotza ene aingura.

Hurrun gauhontzak uluka
zakun deslaiak zaunkaka.
Mende oso bat iraganen dut
zure ondoan koblaka.