Garai hartan, Iruñeko elkarte edo kolektibo batek, erakusketa didaktiko bat jartzea erabaki zuen, azaltzeko nola egiten ziren liburuak, alegia, kontatzeko, liburuek egiterakoan, daukaten prozesu osoa.
Antza denez, panel haietakoren batean, Joseba Sarrionandia idazle oparoaren argazki edo testuren bat agertzen omen zen, eta, hura, nahikoa izan omen zuen, Iruñeko Udaleko, garai hartako kultura-zinegotzi buruargia zen Ignacio Perez Cabañasek, erakusketa hura zentsuratzeko. Argudiatu zuen, etakide batek ezin zuela zikindu Nafarroako hiriburuko udalaren izen garbia.
Nik suposatzen dut, Perez Cabañas jaunak ez zuela izanen Sarrionandia idazle emankorraren berririk txikiena ere, baina, noski, seguru asko, norbaitek kontatuko zion, garai batean, ETA talde armatu klandestinoarekin zerikusia izan zuela, eta, geroago, Martuteneko espetxetik oso modu bitxi batean ihes egin zuela Iñaki Pikabea presoarekin, hau ere, arras arriskutsua omen, eta, kontua da, arrazoi harengatik, kultura-zinegotzi jaun txit argi eta goren hark, tximista baino azkarrago eman zuela agindua, Iruñeko Udaleko aretoetan debekatzeko erakusketa hura jartzea; paratzekotan, beste nonbait paratu beharko zuten.
Gauzak hala, eta gorabehera askotxoren ondoren, erakusketa antolatu zutenek, lortu zuten jartzea beste areto pribatu batean, hau da, udalekoa ez zen beste nonbait, eta, joan ere joan egin nintzen erakusketa original hura ikustera, baina arazo batekin egin nuen topo, alegia, areto hartaraino iristeko eskailera batzuk baitzeuden, edo, beste modu batez esanda, oztopo arkitektonikoak zeuzkan lokal hark. Hortaz, sartzeko, eta, baita ateratzeko ere, norbaitzuek eskuz lagundu behar izan zidaten, eragozpen desatsegin haiek gainditu ahal izateko, edozein pertsona elbarriri gorrotagarria gertatzen zaion egoera, bide batez esanda, eta, batik bat, beste erremediorik ez dagoela jakinda. Norena ote da ardura kasu horietan, e?
Baina harrigarriena, nahi bada, oraintxe heldu da, izan ere, handik hilabete batzuetara, Ignacio Perez Cabañasek gobernatzen zuen Kultura Alorrak berberak, liburu bat argitaratu zuen, Udalaren zigiluarekin eta guzti, eta denoi bana dohainik eman ziguna, baina, zein zen kontua?, bada, kontua zen, liburu hartan bertan, behin baino gehiagotan, Francisco Franco Bahamonde diktadore zitala eta bere kide maltzurrak agertzen zirela argazki haietan, behin eta berriz gainera, baina, kasu hartan, nonbait, hura ez zen inolako arazoa izan Perez Cabañas jaun zentsuratzailearentzat eta harro agertu zen argitalpen harekin.
Hurrengo osoko bilkuraren bukaeran, galde-eskeetan kexa hura jakinarazi nien, alegia, udalak argitaratutako liburu hartan, pertsona faxista bat baino gehiago agertzen zirela, eta, ea ez ote zuten jokatu behar erakusketarekin bezalaxe, hau da, liburua zentsuratzen, neurri bakarra erabilita, baina Barcina alkate andreak, berriz ere, entzungor egin eta patxada ederrean gelditu zen.
Jakina, oso jende demokratikoa, pertsona haiek guztiak!