LOLA UGARTE NUPEKO KATEDRADUNA, EUROPAKO ESTATISTIKA SOZIETATE NAZIONALEN FEDERAZIOKO PRESIDENTE BERRIA

Lola Ugarte, NUPen.

INAMAT2 institutuko zuzendariak Walter Radermacher ordeztuko du karguan, aurrerantzean presidenteordea izanen dena eta lehenago EUROSTATeko zuzendari nagusia izan zena 

Lola Ugarte Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedraduna FENStatS Europako Estatistika Sozietate Nazionalen Federazioko presidente izendatu berri dute datozen hiru urteetarako. INAMAT2 ikerketa-institutuko zuzendaria izan da Lola Ugarte, eta Walter Radermacher ordeztuko du kargu berrian, hots, aurrerantzean presidenteordea izanen dena eta Europako Estatistika Bulegoko (EUROSTAT) zuzendari nagusi izandakoa. 

Bozketa bidez hautatu zuten NUPeko katedraduna, irailaren 12an, Europako Estatistika Sozietateen Batzar Nagusian. 26 herrialdek hartu zuten parte, eta herrialde bakoitzak boto bat eman zuen; kide korporatiboek, aldiz, hitza bai, baina botorik emateko eskubiderik ez zuten izan, Europako Banku Zentralak adibidez. 

Presidenteaz eta presidenteordeaz gain, FENStatS-en kontseilu exekutiboan daude Geert Molenberghs idazkari nagusia, Anne Ruiz-Gazen diruzaina eta Martin Bod’a web komunikazioaren arduraduna. 

Europako Estatistika Sozietate Nazionalen Federazioa

Europako Estatistika Sozietate Nazionalen Federazioaren helburua da Europan estatistikaren arloko federazioen arteko komunikazioa, lankidetza eta ikerketa sustatzea, batetik; Europako gizartearekin eta erakundeekin harremana sortzea, bestetik; eta Europan estatistikaren inguruko hezkuntza zabaltzen laguntzea, azkenik. Estatistikako ikerketan eta hezkuntzan Europar Batasuneko funts gehiago erabiliko direla ere ziurtatu nahi du.

Federazioak elkarrekiko komunikazioa, lankidetza eta iritzi trukea sustatzen ditu zientzia estatistikoetan eta haien printzipio zientifikoetan interesa duten eragile guztien artean, zentzu zabalean eta ahalik eta erabilera gehienak kontuan harturik. Agentzia-lana ere egiten du estatistika-sozietate nazionalen artean informazio teknikoa eta zientifikoa zabaltzeko, haien arteko lankidetza eta sozietateetako kideek egindako ikerketaren inpaktu zientifikoa areagotzeko jarduerak sustatuz.

Lola Ugarteren CV laburra

Lola Ugartek Matematikako lizentzia egin zuen Zaragozako Unibertsitatean, eta Matematika Zientzietako doktoretza NUPen. Simon Fraser Unibertsitateko (Kanada) Matematika eta Estatistika Sailean egin zuen doktoretza-ondoko prestakuntza. Bere ikerketa-ildo nagusiek modelizazio estatistikoaren eta espazio-estatistikaren nahiz espazio- eta denbora-estatistikaren eremu orokorra dute ardatz, eta hainbat eremutan aplikatzen dira. NUPen koordinatzen duen ikerketa-taldeak (Estatistika Espaziala) ekarpen garrantzitsuak egin ditu gaixotasunen irudikapen kartografikoari eta satelite bidezko irudien espazioaren eta denboraren fusioari loturiko arloetan.

2007an INNOLEC Lectureship Award saria eman zion Masaryk Unibertsitateko (Txekiar Errepublika) Zientzien Fakultateak, eta 2021ean, berriz, nazioarteko epaimahai batek BBVA-SEIO Saria eman zion  Estatistika Aplikatuan (egilekide moduan) egindako ekarpen hoberenaren kategorian. Ehundik gora artikulu argitaratu ditu JCR aldizkarietan, deialdi publikoen bidez finantzatutako hogei proiektutan baino gehiagotan aritu da (gehienetan ikertzaile nagusi gisa), eta administrazio publiko, enpresa eta unibertsitateekin sinatutako berrogei kontratutan baino gehiagotan hartu du parte.

Gainera, hitzaldi ugari eman du bai Estatuan, bai nazioartean, hala nolaSantaló konferentzian, 2021ean. Nabarmena da, halaber, editore elkartu gisa edo nazioarteko estatistika-aldizkarietako argitalpen-taldeko kide gisa egindako argitalpen-lana ere (“Statistics in Medicine”, “Statistics and Computing” edo “Journal of the Royal Statistical Society Series A”, besteak beste). “TEST” aldizkariko koeditore nagusi (2017-2020), Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Elkarteko (SEIO) presidenteorde (2010etik eta 2013ra) eta NUPeko Estatistikaren eta Ikerketa Operatiboaren Saileko zuzendari ere izan da (2007tik 2012ra). Gaur egun, Nafarroako Estatistika Kontseiluko kide da NUPeko ordezkari gisa.  2017ko urtarriletik 2018ko ekainera, Matematikako kudeatzailearen adjuntua izan zen Estatuko Ikerketa Agentziako (EIB) Koordinazioko, Ebaluazioko eta Jarraipen Zientifiko Teknikoko Dibisioan. 2018ko uztailean, AEIko MTM (Matematika) arloko koordinatzaile izendatu zuten (2018-2021). 2021eko eta 2022ko deialdietan, Ikerketa Jardueraren Ebaluaziorako Batzorde Nazionaleko (CNEAI) Matematika eta Fisika Batzordeko presidentea izan zen. Gadea Ciencia Fundazioko Matematikako Aholku Batzordeko kide ere bada.