Kike Balenzateguiren Sakkaku erakusketa Mistoen Eraikineko beheko solairuan ikusgai egonen da, 2023ko irailaren 28 tik azaroaren 19ra.
47 obraz osatuta dago Sakkaku proiektua, Kike Balenzategui iruindarraren lana. Izenburua Japoniako hitz bat da, eta japonieraz begitazio, haluzinazio edo ilusio optikoa esan nahi du. Egilearen “barne paisaien” berrikuspen bat da, bere iruditerian Japoniakoekin berdintzen dituenak. Existitzen diren paisaiak dira, baina ez dira paisaia gisa baloratzen, hirietako horma eta zoruetan daudelako.
Obrak Uharte Zentroaren babesa jaso du, eta Sumi-e pinturaren estetikatik gertu dauden argazki bilduma batek osatzen du. Sumi-e marrazketa monokromatikozko antzinako teknika bat da, tinta txinatarraren erabileran oinarritua. Jatorriz txinatar pinturatik dator, eta Japoniara inportatu zen XIV. mende erdialdera. Izena ‘sumi’ eta ‘e’ hitzetatik dator, ‘tinta’ eta ‘pintura’ esan nahi dutenak, hurrenez hurren. Tang dinastiari (618-908) egozten zaio haren sorrera, eta monje budistek sartu zuten Japonian.
Paisaia horiek, benetan, hareharrian kristalizatutako pirolusita dendritikoen argazkiak dira. Egileak, ikuslearengan Japoniako paisaia baten aurrean dagoelako sentsazioa areagotzeko, bestelako euskarri batean inprimatu ditu argazkiak: washi izeneko paper mota bat, testura oso berezia ematen diena. Washia Japonian egiten da, bertako zuhaixken zuntzekin, hala nola gampi arbolaren barruko azala, mitsumata zuhaixka edo kozoa. Zuntz begetalezko euskarri bat egiteko teknika hori Humanitatearen Ondare Kultural Ez-materiala izendatu zuten 2014an. Sakkaku erakusketa aurten Tafallako Kulturgunean egon da.
Egilea
1970ean Iruñea jaioa, egun Barañainen bizi da. Sarrikoko fakultatean (Bilbo) enpresa-ikasketetan lizentziaduna, 2007an erosi zuen bere lehenengo reflex kamera. Punto de Catástrofe (Zizur) eta Higuera Argazki Elkarteko (Tafalla) kide da, eta argazkigintzak gezurra esateko duen gaitasuna aldarrikatzen du, baita engainatzeko eta irudikarazteko duena ere.
Balenzategui kartelgile saritua da. Atxu Ayerrarekin batera 2011ko sanferminetako kartelaren egilea izateaz gain, Barañaingo festetako kartelak (2006 eta 2016), Berriozarko festetakoa (2016) eta Tafallakoa (2022) egin ditu. Halaber, hainbat sari eta aipamen jaso ditu. Azken 5 urteetan, Huelvako Unibertsitatearen Conteporarte 2021 saria eta Montoroko Udaleko (Jaen) Olibondoaren Azokako lehen saria eskuratu ditu. Era berean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren 2022ko Arkitekturari Begira sarietako finalista izan zen, eta lehiaketa horretan bertan akzesit bat lortu zuen 2019an.
Hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du, banakako hamar bat erakusketa egiteaz gain; horietako bat Limiferia (Hondamendi Gunea) izan zen, Ziudadelan ere ikusgai egon zena, 2020an. Gainera, argazki-liburuen eta hainbat argitalpenen egilea da, eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren 2021eko ekoizpenerako laguntzak jaso zituen.