Teledetekzioaren arloko aldizkari ospetsuenetako batek artikulu bat argitaratu du satelite irudiak fusionatzeko NUPen garatutako prozedura berri bati buruz
Haren nazioarteko patentea izapidetze prozesuan dago, eta Ikerketarako Estatu Agentziak Estatistika Espazialeko ikerketa-taldeari eman dion “kontzeptu-probako” proiektu baten emaitza da
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika Espazialeko ikerketa-taldeak, Lola Ugarte Martínez Estatistikako, Informatikako eta Matematikako katedradun eta INAMAT2 institutuko zuzendaria buru duela, zenbait misiotako satelite irudiak fusionatzeko prozedura bat garatu du. Prozedura berriki argitaratu dute teledetekzioaren arloan nazioartean ospe handiena duen aldizkarietako batean, “Remote Sensing of Environment” izenekoan. “Unpaired spatio-temporal fusion of image patches (USTFIP) from cloud covered images” izeneko lana nazioarteko patente bat lortzeko fasean dago, eta Ikerketarako Estatu Agentziak 2021eko deialdian emandako “kontzeptu-probako” proiektu baten emaitza da.
Ikertzaile taldeak azaldu bezala, proiektu honek denbora-serieak osatzeko modua emanen du existitzen ez diren edo hodeien edo bestelako fenomeno atmosferiko edo elektronikoen ondorioz eten ohi diren satelite irudiekin. Prozedura aplikatu ondoren ateratako serieek satelite irudiak lortzen dituzte, kalitate handikoak (espazio-bereizmena) eta denbora-bereizmen handikoak (eguneroko irudiak). Beraz, ikertzaile taldeak adierazi du Lurra hobeto kontrolatzen lagunduko dutela, eta horrek “onura sozioekonomiko nabarmenak” ekarriko dituela. Arlo hauetan eginen du ekarpena besteak beste: arriskuen ebaluazioa (uholdeen edo suteen hedapenaren eguneroko ebaluazioa), Europako Erkidegoko Nekazaritza Politikaren betetze-mailaren ebaluazioa eta baso-masaren eta klima-aldaketaren jarraipena.
Fusionatu nahi diren irudiak satelite misio desberdinetakoak izan daitezke, hala nola Landsat, Modis edo Sentinel misioetakoak. Hain zuzen ere, misio horien espazio-bereizmen eta denbora-bereizmen desberdinen konbinazioaren eta ikertzaile talde horrek garatutako fusio algoritmo berritzailearen bidez, falta diren edo akastunak diren irudien kalitatea optimizatzen da.
Web plataforma berriaren funtzioak
Garatutako proiektuak bidea emanen du prozesamendu automatikoko plataforma bat sortzeko, aipatutako hiru misioetan irudiak fusionatzea erraztuko duena, eta, eskatuz gero, irudi optimizatuak emanen dituena. Plataformak data-tarte jakin bat eta intereseko eskualde bat hautatzeko aukera emanen du, eta, informazio horretatik abiatuta, NASAren eta Europako Espazio Agentziaren datu baseetara sartuko da zabalpen libreko irudiak lortzearren. Irudiak prozesatzeko, kalitate oneko irudiak lortuko dira egunero, eta erabiltzaileei web zerbitzu baten bidez bidaliko zaizkie. Horrez gain, plataformak aukera emanen du Lurra monitorizatzeko gehien erabiltzen diren indize espektral batzuk eskatzeko.
Ikertzaile taldeak azaldu duen bezala, plataformak bi abantaila nagusi ditu: alde batetik, datuak fusionatzeko algoritmo berritzaile bat erabiliko du, behar den bereizmena duen irudirik ez dagoen egunetan irudi berriak eraikitzearren. Algoritmoa gai izanen da gizakiaren ikuskapenik gabe eta hodeiak egonik ere funtzionatzeko. Bestalde, egokitzeko gai den ingurune batean funtzionatuko du plataformak, eta prozesamendu nodoak sartu edo ezabatzen ahalko ditu konputazio beharren arabera. Esan den bezala, arkitektura horrek irudiak eskariaren arabera prozesatzeko zerbitzua emanen du.