NOLA EGIN AURRE ZORRIEI

Eskolara eta ikasturtera itzultzean, zorriak ohiko arazo bihurtzen dira. 2019an, CinfaSalud-ek “Espainiako gurasoek pedikulosiaren aurrean duten pertzepzioa eta ohiturak” egindako azterlanaren arabera, Espainiako 3 eta 12 urte bitarteko haurren erdiek (%50,7) jasan zituzten parasito horiek aurreko hiru urteetan. Delako ikerketa, Espainiako Farmazia Kliniko, Familiar eta Komunitarioaren Elkartearen (SEFAC) bermea izan zuen.

Ziurrenik, dinamika hori errepikatu ahal da hasi berri den ikasturte honetan. Cinfako mediku aditu Julio Maset doktorearen arabera, “prebentzio-neurri batzuk hartzen baditugu, zorriak saihestu daitezke. Arazoa da pedikulosiari buruzko uste faltsu asko daudela oraindik, eta, ondorioz, ezin dira neurri horiek behar bezala hartu”.

Adibidez, goian aipatutako azterlanaren arabera, haurren lau gurasotik batek (%24,7) oraindik ere lotzen ditu zorriak eta higiene-gabezia, hori dela eta guraso horiek beldur dira zorriak dituzten seme-alabak modu desberdinean tratatuko dituztela eskolan. Estigmaren beldur eta lotsa dira gurasoek beren seme-alabek zorriak dituztela jakinarazteko erantzukizuna ez betetzera bultzatzen duten arrazoi nagusietako bat. Horrek areagotzen du gelako haurrak kutsatzeko arriskua. Hala ere, “jakin behar da parasito horiek ile garbira zikinera adina edo gehiago joaten direla”, azpimarratzen du Cinfako adituak.

Ikastetxeko arduradunei jakinarazteaz gainera, beste prebentzio-neurri garrantzitsu bat da haurrek eskuoihalak, txanoak, orraziak, urkilak edo ile-mototsa biltzeko zintak ez trukatzea. Izan ere, kutsatzeko bide nagusietako bat ilearekin kontaktuan dauden jantziak eta tresnak partekatzea da. Bestalde, parasito horiek saihesteko beste gomendio bat da zorriak uxatzen dituzten produktuak erabiltzea. Azken hauek ez dira pedikulizidarik. Pedikulizidak bakarrik erabiltzen dira infestazioa dagoenean, inoiz ez prebentzio gisa.

GURASOENTZAKO DEKALOGOA ZORRIEN AURKAKO BORROKAN

1.- Zorriak ondo ezagutu. Zorriak eraginkortasunez deuseztatzeko, lehenik eta behin, horien inguruko mito faltsuak baztertu behar dira. Garrantzitsua da jakitea ez dutela hegan egiten, ezta jauzi egiten ere. Bizkarroi horiek, ordea, azkar mugitzen dira ile batetik bestera; horregatik, buruak elkar ukituz, kutsatzeko gaitasun handia dute; adibidez, haurren jolasetan. Gogoratu behar da, halaber, horien presentziak ez duela zerikusirik higiene eskasarekin; edozein gizabanakok izan ditzake zorriak zeinahi izanik ere bere maila soziala, ekonomikoa eta higiene-ohiturak.

2.- Lehenengo eta behin, kontuz ibili. Zuen inguruan zorriak daudela jakinarazten bada, har itzazue prebentzio-neurriak bizkarroi horiek zuen seme-alaben buruetatik urrun ibiltzeko: ilea aldizka berrikusi orrazi-xehe (orrazi berezia, hortz luzeak dituena eta haien arteko tartea oso estua dena) batekin, zorri-uxagarriak eman, haurrak kontzientziatu haien buruak kontaktuan ez jartzeko eta haurrei esan ilearekin kontaktuan izan diren jantziak edo objektu pertsonalak ez trukatzeko.

3.- Ikasi orrazi-xehea ongi erabiltzen. Orrazi-xehea aukerako tresna da parasitoak ikusteko eta ezabatzeko. Haren erabilerak gurasoen eroapena eskatzen du. Izan ere, xerlo guztiak, modu sistematikoan, behetik gora, aztertu behar dira. Arreta berezia jarri behar da garondoan eta belarrien atzean. Ileak sustraitik hiruzpalau milimetrora aztertu behar dira. Behaketa hasi aurretik, jarri oihal zuri bat haurraren sorbaldaren gainean eta miatu ilea argi on batekin.

4.- Haurrak zorriak dituela baieztatzen baduzue ikastetxeari jakinarazi. Garaiz ohartarazteak beste ikasle batzuk infestatzea eta zikloa berriro hastea eragotz ditzake. Hori dela eta, gurasoek etxean zorriak daudela jakinarazi behar diete irakasleei, begiraleei edo beste hezitzaileei, hauek gainerako ikasleei ohartaraz diezaieten.

5.- Tratamendu egokia aukeratu. Farmazian pedikulizida egokia aurkituko duzu. Zenbait kasutan pediatragana joan beharko da; esaterako, tratamendua jasoko duen haurrak gaitz dermatologikoak edo asma baditu, edo, bi urte baino gutxiago baditu. Haurrak asma badu espraiak saihestu beharko lirateke. Orrazi-xehearekin egindako miaketak infestazioa baieztatzen ez badu, zorrien aurkako uxatzaile bat erabili behar da, inoiz ez pedikulizidarik.

6.- Ez fidatu etxeko erremedioez. Etxeko ustezko erremedioen eragin pedikulizida, hala nola maionesarena, oliba-olioarena, gurinarena edo baselinarena nulua da edo ez dago frogatuta. Bestalde, alkohola edo kerosenoa bezalako beste erremedio batzuk, eraginkorrak ez izateaz gainera, buruko ile-larrua narritatu ahal dute, toxikoak eta sukoiak dira eta, beraz, arriskutsuak. Ozpinak, berriz, ileari itsatsita dauden bartzak askatzen lagun dezake, baina ez ditu zorriak hiltzen, eta, bestalde, kontzentrazio altuak erabiliz gero, buruko ile-larrua narritatu ahal du.

7.- Pedikulizida erabiltzen duzuenean jarraitu hitzez hitz fabrikatzailearen jarraibideak. Ile lehorrean eman ondoren, orrazi-xehearekin hildako zorriak eta bartzak kendu; ondoren, ilea garbitu ohiko xanpuarekin eta uretan aklaratu. Infestaturiko familiako kideak bakarrik tratatu behar dira pedikulizidarekin. Gainerako senitartekoentzat, berriz, zorrien aurkako uxatzailea indikatuta dago.

8.- Lehorgailurik ez erabili. Ilea uretan pasatu ondoren, utzi aire zabalean lehortzen; inoiz ez lehorgailuarekin, beroak inaktibatzen baitu produktuaren hondar-efektu intsektizida eta eraginkortasuna galtzen du.

9.- Etxeko higienea zorroztu. Orraziak eta eskuilak pedikulizidekin garbitu behar dira, edo uretan irakin. Aurreko bi egunetan zorriek infestaturiko gizabanakoak erabili dituen arropak, ohekoak eta eskuoihalak barne, ur beroarekin garbitu behar dira (60ºC) eta/edo lehorgailuan ahalik eta tenperaturarik altuenean lehortu. Horrela garbitu ezin dena, plastikozko poltsa zigilatu batean gorde astebetez gutxienez. Era berean, xurgagailua etxeko zoruan eta altzarietan pasatu behar da. Bestalde, ez da beharrezkoa etxea fumigatzea edo intsektizidak dituzten aerosolak erabiltzea.

10.- Hurrengo egunetan ez fidatu. Pedikulizidarekin tratamendua egin eta hurrengo bi asteetan berrikusi berriro haurraren burua egun alternatiboetan, eta, behar izanez gero, egunero. Zazpi egunera parasitoak detektatzen jarraitzen baduzue, pedikulizida berriz aplikatu beharko duzue. Ondoren, komenigarria da bi edo hiru astean behin azterketa bisualak egitea, zorriak eta bartzak hil direla ziurtatu arte.

Erreferentzia:

Cinfa. Cómo prevenir los piojos y tratarlos de forma conveniente. https://www.cinfa.com 2023/09/04.