ESKUA, BERRIZ

 

Abenduko arratsalde izoztu eta ilun honetan, Passemillon karrikan, Maiatz egoitzaren aurrean, beroki lodiz jantzia, aztalez lauzei ostikoka ari natzaie oinetan berotasun apur bat sortzeko. Mugikorra eskuan, dei baten zain nago. Pantailan zapatze labur batez, ordua egiaztatzen dut. Bai, garaiz etorri naiz. Eguzki betaurrekoak zakuan prest ditut. Beltz-beltzak. Izan ere prestaketa berezia egin behar izan dut, etxetik abiatu aurretik. Agindua bezala, betaurrekoen barne aldea, hots begien aldea beltzez tindatu dut feltro luma batekin. Nire itsutzeko moduan.

Bat-batean telefonoak jo du eta nik deia hartu. Ezagutzen dudan ahots leun eta atsegina da. Joan den udan lehen aldiz, orduan bikiniz jantzia, Angeluko hondartzan entzun nuena. Eskuarena. Horrela deitzen dut nire baitan, bere izenik ez dudalako ezagutzen. Hondartzako egoera hartan, ohiko aurkezpenak egiteko aukerarik ez genuela ulertuko duzue, batez ere aurreko Maiatz 74. zenbakian nire lehen kontakizuna irakurri baduzue.

– Arratsalde on! Zer hotza! Prest zaude? Betaurrekoak ote dituzu?   —Eskuak.

– Bai, bai! Erran duzun lekuan naiz. Izotzen ari! —nik.

– Bada gaixoa, banator! Hurbil hurbil naiz, betaurrekoak jantzi otoi. Besotik hartuko zaitut ni segi dezazun. Ados?

-Bai oraintxe janzten ditut.

Eta betaurrekoak janzten ditut. Bat-batean gau beltzean sartzen naiz eta balantza ez galtzeko kasu egin behar dut, lurreko lauzetan oinak irmoki bermatuz. Erran bezala eskumutur bat nire eskuin besoaren azpian pasatzen sentitzen dut eta aurrera emeki eramaten nau. Orain arte bigarren topaketa hau aurreikusia bezala iragaten da.

Oraindik ez dakizuena da, joan den udan hondartzatik etxeratu eta gero, usaian bezala hondartzako zakua ohearen gainean hustearekin, ezohiko paper zuri batez ohartu nintzela toallen eta jantzien artean. A4 formatuko orri bat zen eta letra dotorez eskuz idatziriko testu polit hori harriduraz irakurri nuen.

“Arratsalde on lagun maitea! Zuk bezala, samurtasuna eta eztitasuna, baita askatasuna ere nahi dituzten emakumeak eta amak gara. Bizitzaren gorabeheren eskarmentuarekin, gure trebetasunak partekatzen ditugu gutarik bakoitzaren bere oreka elikatzeko eta bakean bizitzeko. Hondartzan lortu berri duzuna luzatu eta zabaldu nahi baduzu, plazer handiarekin gutarik bat bilakatuko zaitugu. Nola gutartean, plazer emaile edota hartzaileen artean, harremanak antolatzen ditugun jakiteko, dei nazazu otoi zenbaki honetan, 06 xx xx xx 69, presarik gabe, nahi duzunean eta lehen hitzordua finkatuko dugu.

Agian laster arte!”

Harridurarik handienarekin, ohean eseri edo erori nintzen, buruan bat-batean milaka galderarekin. Erantzunik gabekoak, bistan da. Lur honetan emakume batzuek, aspalditik buruan nituen ideiak edo desioak, inorekin ez aipatzekoak, ez familiarekin, ez lankideekin, ez lagunekin, beren artean partekatzen zituzten. Eta, dirudienez, ez bakarrik ideiak edo desioak, baina ekintzak ere. Senar ohiak bazterturik, ala ez, gizarteari haurren ematearekin paper soziala beterik, zergatik ez plazer pixka bat bilatu bizitzeko gelditzen zaigunean? Eta nork emakumeek baino hobe jakinen luke nola plazer hori beste emakumeei ematen?

Baina hausnarketetan hainbat hilabetetan gelditua nintzen, beste sare edo elkarte batean sartzeko ez osoki prest nengoelako. Angeluko hondartzan gertatua zenak nire azken opor egunak markatuak zituen baina laster nire lanari berriz ekitearekin bizitzaren ohiko zurrunbiloak murgildua ninduen. Hala ere burmuinaren zokoren batean esaldi baten puska bat itzulika gelditzen zitzaidan. “…plazer emaile edota hartzaileen artean,…” perpaus-atalaren erranahia misteriotsua nuen. Nor zen emaile eta nor zen hartzaile? Eta “edota” lotura horrekin are misteriotsuago zegoen. Batzuek bi paperetan aritzen ote ziren? Argia zen hondartzan “hartzaile” nintzela eta Eskua “emaile”. Nola erabakitzen zuten bakoitzaren papera?

Azken finean, azaroko asteburu luze batez, Eskuaren telefono zenbakiaren deitzea erabaki nuen. Erantzun orduko, haren ahotsa ezagutu nuen. Ahots leun eta atsegina. Aldi berean emakumezko edo gizonezkoa izan zitekeena. Luzaz erretzen jarraiki zuten emakumeen ahotsak batzuetan baxuak eta erlastuak dira. Gizonenak, aldiz, batzuetan usaian baino altuagoak dira. Ziur aski aldi batez edo gehiagotan, gu guztiek, horrelako ahots baten bat entzun genuen. Eta hondartzan bezala, ea gizon batena bazen, tranpa batean nire erakartzeko? Astero ez bada egunero, gure herri ederrean, emakumeak desagertzen dira. Eta laster haien gorputzak pusketan aurkitzen dira. Kasu eginen nuela eta arriskurik ez hartzeko nire buruari zin egin nion beraz.

Eskuak Passemillon karrikan proposatua zidan lehen hitzordua. Autorik gabeko kale txiki eta zaharra da, aparkalekuetatik hurbil. Elkartearen egoitza Maiatz egoitzatik ez zegoen urrun. Maiatzen kideak han bilkura batean bilduak izanen baziren, usaian bezala karrikako atea irekirik, Pirinio Baxuen hotelaren aurrean topatuko genukeela elkar azaldu zidan Eskuak.

Arratsaldea izan arren betaurrekoengatik gau beltz-beltzean, orain Eskuaren besoan bermatua emeki ibiltzen naiz. Bizpahiru itzuli erdi egin ditugu eta zein norabidetan goazen ezinen nuke erran. Gelditzen garen lekuan, giltzen soinua entzuten dut eta Eskuak aurrera narama korridore batean. Gure gibelean atea danbateko ozenarekin ixten da, filmetan presondegi ateak bezala, korridore baten oihartzunarekin.

– Orain azken solairura igoko gara, hirugarrenera! —Eskuak.

– Ados! —nik, pixka bat durduzatzen den ahotsaz.

Hirugarren pisuan berriz giltzen soinua entzuten dut eta sartzen gara.

– Ongi! Hemen beroago egiten du! —Eskuak— Orain ken ditzakezu betaurreko beltzak eta bizkarrez bizkar garela, zure Veneziako maskara jantzi, bai? Bada, erakutsi otoi. Biziki polita duzula, erran behar dizut. Izen bat hautatu beharko dizugu, orain, gure arteko anonimotasuna babesteko, gutarik gehienek txori baten izena hautatu zuten. Ea, zure maskararen kolorearekin ongi joateko, burubeltza gustatuko litzaizukeen?

– Urretxindorra nahiago nuke, —nik— ahots politagatik.

– Zoritxarrez gutarik batek jadanik hartua du. —Eskuak.

– Bon! Burubeltza beraz! Eta zu? Nire baitan Eskua deitzen zaitut, hondartzako ekimenagatik. Zer diozu? —nik.

– Ez zara lehena horretaz eta gure izengoitien salbuespena da, baina txori baten euskal izenetako batetik hurbil dago: eskusoa! Orain berokiak erantz ditzakegu, nahi baduzu, aski beroa egiten badizu bistan da. —Eskuak— Eta orain bisita dezagun gure  habia txiki baina polita. Hondartzan bezala, hemen ere nahi duzunean geldi dezakezu gure topaketa, noski.

Segidan Eskuak nire eskua hartzen du berean eta egoitzaren barnera narama. Apartamendu txiki baina dotore apaindua da. Egon gelaren izkina batean sukalde txikia dago, tresna txikiez ekipatua, karabana edo laket itsasontzi batean bezala. Egon gelaren erdian aperitifa mahai bat eta bost besaulki sinple baina dotoreak daude.

– Sukaldaritza ez dela hemen gai nagusia zuzenki asmatzen ote dut, Eskua?

– Baietz eta gure eredua gaur azalduko dizut ea aski gustatuko zaizun gurekin jarraitzeko. Baina buka dezagun bisitatxoa, Burubeltz.

Egon gela zeharkatzen dugu eta eskuinetara logela normaleko tamainako gela dago. Baina ohiko den logelako altzaririk ia ez dago. Gibeleko hormaren kontra hiru pertsonarako sofa bat ikusten dut. Eskuineko izkinan, sabaitik zintzilik, sexu gorgoina edo zabua, aski eroso dirudi. Ezkerreko izkinan asto bizkar deituko nukeen altzari bitxia dago. Begiratzen dudan modua galdera isila da.

– Hondartzan jaso duzuna erosoago ematekoa da altzari hau. —Eskuak, irribarre politarekin ezpainetan— Gaineko bizkarrean, bularra bermatuko du fereka jasotzen duenak. Behereko euskarrietan belaunak kokatuko ditu. Barnez gurituak dira larruzko euskarriak eta bata bestetik hurbildu edo urrundu daitezke morfologia guztiei egokitzeko. Uki ditzakezu, nola leunak diren sentitzeko! Gure txori baten senarrak, altzari maiasturu eta biziki senar ulerkorrak eraiki zuen guretzat. Emaztearekin diseinu eta frogak egin zituen. Etxean kopia bat dutela erran zigun txoriak.

– Ba! Forma polita eta, nola erabiltzen den jakin gabe, pixka bat abstraktua badu altzari horrek! Arte abstraktu erakusketetan arrakasta polita lortuko luke, nire ustez, Eskua! —nik, postura honetan erosoki bermatua zein motatako plazera jaso ahalko nukeen irudikatuz!

Atearen ezkerrean ginekologo motako besaulki bat dago. Ekai konpositeak eta larruzko kuxin politak ditu eta nola erabiltzen den azaltzerik ez dut behar. Atearen eskuinean, berina ontzitegi bat dago, plazera emateko tresna interesgarriez betea. Itxura, tamaina eta ekai desberdinez eginak dira.

– Gutxi erabiltzen dira hauek, —Eskuak, onartze hori penagarria balitz bezala— guk gehienek nahiago ditugulako eskuen edota mihien epeltasuna eta ukitzearen kalitatea.

– Mihien? —nik, apur bat harrituak.

– Baietz! Zergatik ez? Biziki erabilgarriak dira mihiak, haien moduan, gozamena emateko. Orain, nahi baduzu, sofan eser gaitezen lasaiki mintzatzeko. —Eskuak.

– Baietz, milesker! Pixka bat akitua naiz lanaren ondoren. —nik.

– Orain azalpen batzuen zor dizkizut. Hemen deitzen dugun plazeraren gelan gaude. Gure arrazoibideko abiapuntua emakumeen gozamen edo orgasmoaren garrantzia da. Gure osasunerako garrantzia. Dopamina, endorfinak, serotonina, ocytocina, vasopressina, estrogenoak ekartzen dizkigu gozamenak. Guretzat hormona hauek guztiak onak dira. Dudan bazara, hainbat erreferentzia serioak aurkituko dituzu interneten bidez! Halere, hainbat egoeratan gozamenaren lortzea zaila dugu, ongi dakizun bezala. Loraraztea da gure helburua. —Eskuak.

– Plazer emaileen helburua, oker ez banago? —nik.

– Bai. Eta gu gehienak hastapenetan hartzaileak izan gara. Baina aski laster jaso duguna itzuli nahi dugu. Auzo edo borondate oneko lan izpirituan. Eta plazeraren ematea berez plazera dela konturatzen gara. Ea June Pla idazlea eta marrazkilaria ezagutzen duzun?

– Ez, batere ez. Zer idatzi du? —nik.

– “Gozamen kluba” liburukia idatzi zuen duela urte batzuk. 2022an espainieraratu zuten “Clube de orgasmo” tituluarekin eta nire ustez euskaratu beharko genuke. Umorezko testu batekin marrazki sinple-sinpleez gure gorputzetan gozamena sortzen duten lekuak nola hobeki ferekatzen diren azaldu zuen. Adibidez, hondartzan jaso duzuna liburuan aurkituko duzu. Baita laster proposatuko dizudana ere, saiatu nahi baduzu, noski. Plazer emaile gisa, lehen aldietan, laguntzen gaitu Juneren liburukiak. Ideiak ematen dizkigu. Segidan, egiteko duguna gero eta gehiago asmatzen dugu libururik gabe. Baina buka dezagun egoitzaren bisita lehenbailehen! Ados?

– Ados? Bisita bukatzearekin ados, bai. Zer dugu azken atearen gibelean? —nik.

– Goazen! Hemen dugu gure bainu gelatxoa. Bainu ontzirik ez, bistan da, ekologistak ere garelako pixka bat. Beraz garbiontzia, dutxa, garbitzeko pusken armairutxoa, komunetako jargia eta aspalditik aurkitzen ez den esertzeko konketa berezia, ur turrusta buru aldakorra duena. Hori ere, mihia bezala izugarri eraginkor eta baliagarria da! Batez ere emailerik aurkitzen ez dugun egunetan! Gure txori baten senarrak, berriz, iturgin maiasturu, horrek, eta biziki senar ulerkorrak ere eraiki zuen guretzat. Asto bizkarra bezala, emaztearekin diseinu eta frogak egin zituen. Etxean kopia bat dutela ere erran zigun txori horrek. —Eskuak.

Jakin minez, esertzeko konketatik hurbiltzen naiz eta ur turrusta buruko txurruta irekitzen dut. Emeki emeki. Eta beste gider batekin turrusta aldatzen dut. Turrusta ikusiz, gogotik frogatuko nukeela pentsatzen dut lan eguna ongi bukatzeko!

Baina jadanik plazeraren gelara itzultzen gara.

– Eskua, egoitzan sartu ordutik galdera bat badut: zergatik Veneziako maskarrak?

– Anonimotasuna edo anonimotasunaren printzipioa eratzeko hainbat borondate oneko elkarteetan bezala. Hemen gutartean egiten duguna ez da beste inon aipatzekoa. Kide baten ahotsa edo beste kanpoko bizitzan edo familian ezagutzen dugula ohartzen garenean, ez ikusiarena, ez entzunarena egiteko zin egin dugu guztiek. Horrez gain, arau horretaz, muga sozialen gainditzea itxaroten dugu, parekotasun izpirituan. Plazer emailea edo hartzailea nagusia edo lankidea bada, berdin. Gizarteari zerbitzu egiten diogula gutarren laguntzearekin uste dugu baina gure eremuan diskrezioa ezinbestekoa da. —Eskuak.

– Zuen eredu emankorra gustatzen zaidala erran behar dizut, Eskua. Lanetik kanpo, gelditzen zaidan denboran horrelako zerbait aski erakargarria iruditzen zait. Nola praktikoki antolatzen dituzue topaketak, emaile et hartzaileen artean?

– Izan ere aski sinple da. Txori bakoitzak hemengo giltza badu. Bakoitzak bere ohiko internet hornitzailearekin bigarren helbide elektronikoa sortzen du horrelako forman: txori.plazer@hornitzaile.com(edo .eus, .fr etab). Lehen mezu bat bidaltzen dit nire helbidera: eskua.plazer@wanadoo.fr. Txorien helbideekin astero lehen Doodle bat sortzen dut hartzaileek nahi dituzten orduak hautatzeko. Bigarren Doodle batean, emaileek beren etortzeak proposatzen dituzte. Emaile librerik ez badago, hartzailea etor daiteke eta tresnak erabili, nahi badu. Zer diozu Burubeltz?

– Argi eta sinple iruditzen zait, bai. Eta hau dena, egoitza, altzariak, tresnak, nola diruztatzen da, Eskua?

– Txori bakoitzak nahi edota ahal duena sartzen du sukaldeko kutxa batean. Eskasean bagara mezu labur batez erraten diet txoriei eta orain arte horrela funtzionatu du. Egiazki auzolaneko izpirituan, Burubeltz!

– Egia erran miragarria iruditzen zait nola hau dena antolatu duzuen. Zer pena ez zaituztedala goizago ezagutuak! —nik.

Isilune luze bat iragaten da. Hainbat informazio jaso ondotik, nire pentsamenduetan pixka bat galdua naiz. Begi ertzetik Eskuaren irribarre leun eta sotila ikusten dut, nire baitan sortu duen harriduraz poz-pozik dagoela. Berriz so egiten die inguratzen gaituzten altzari hauei eta duela gutxi egin didan proposamena betetzeko zein erabiliko zuen Eskuak nire buruari galdetzen diot.

– Ginekologoaren besaulkia izanen da, gaur, onartzen baduzu, Burubeltz. —Eskuak— Eta gaur mihia erabiliko dut gehienez. Jakin minez jana zara, oker ez banago. Geroago bakarrik erranen didazu gutarik bat bilakatu nahi ote baduzun. Eta orain nire mihia nire eskuarekin konparatu nahi baduzu, zure jean erantz dezakezu eta besaulkian eseri. Gainontzekoa nire gain!

Prakak erantzi eta gero, proposatu bezala ginekologo motako besaulkian esertzen naiz. Eskuak aurreko eserlekua hartzen du eta mintzatzen hasten zait. Haren arabera, —eta horri buruzko ikerlanak aipatzen dizkit— gozamena lortzeko gure gorputz atal nagusia da deitzen dudan gizontxoa, Courbeten munduaren jatorri edo ate nagusiaren gainean kokatua. Une berean mihi kolpetxoak ematen dizkit izterren barnean, eskuin eta ezker, gero eta hankartetik hurbilago. Ikara txikiak sortzen dizkidate kolpetxo hauek, haien hezetasun eta epeltasun atseginak oparituz. Aldi berean hatz abilek eranzten didate ate nagusia kukutzen duen azken oihal arina. Bizkarra besaulkian erosoki bermatzen dut, lasaitasun eta segurtasun sentsazio sakonarekin. Hemen egoitzan bi baizik ez gara, ateak itxiak daudela eta inork ez gaitu trabatuko. Hori ere gozamenaren baldintza garrantzitsua dela ziurtatzen dit Eskuak, bi mihi kolperen artean.

Hurbiltzen eta hurbiltzen eta orain mihi epel hau nire ezpain handietan sentitzen dut. Arinki segitzen ditu, eskuinekoan, ezkerrekoan, gizontxoa oraindik ukitu gabe. Baina itxaropenez barneko berotasuna sabelean sentitzen hasten naiz. Eta berez atea bustitzen hasten zait ere. Mihiak bustia baliatuz gero eta gehiago lerratzen da ezpain handietan eta orain txikietan ere. Ezkerretik eskuinera, eskuinetik ezkerrera, ezpain handietatik txikietara, txikietatik handietara, erotzeko ferekak ematen dizkit.

Bat-batean mihia gelditzen da. Auhena nire baitatik leunki ateratzen da, nahigabearen adierazpen apala, ia negar zotina bezala. Segundo batzuk iragaten dira eta nire jauzi batez mihia gizontxoaren puntan errezibitzen dut. Han gelditzen da segundo batzuez ere, mugitu gabe. “Bai, ni naiz, mihia, gelditzeko hemen nauzu, serioki jolasteko gozamena arte” erran nahiko balu bezala. Eta emeki emeki mugitzen hasten da. Behetik gora. Goitik behera. Ezkerretik eskuinera. Eskuinetik ezkerrera. Zirkuluak egiten. Zabalak. Txikiak.

Sabelaren berotasuna handitzen zait. Esku bat sentitzen dut sabelean jarria, justu-justu pubisaren gain aldean, ahurra zabala, pixka bat freskoa sabelaren berotasunarekin konparatzeko. Eta bigarren eskua dator ere lehenaren aldean, biak simetrikoki jarriak tximeleta baten hegalak bezala. Mihia berriz mugitzen eta ferekatzen hasten da baina orain bi eskuak sabeleko larrua leunki mugiarazten didate gora eta behera. Behera eta gora. Eta mugimendu hau segitu behar du gizontxoak. Sabeleko larrua gora doanean gizontxoa gora harrotzen da. Bere gordelekutik ateratzen da eta mihiari azala gehiago emanez biderkatzen ditu bere sentsazioak. Sabeleko berotasuna erretze bilakatu da. Bularretakoaren azpian titiak handituak sentitzen ditut eta haien puntak hain gogortuak non ia mingarriak diren, suaren pizleak.

Noizean behin mihia ate nagusian sartzen da laburki, gora eta behera atearen etxea igurtziz. Fereka eta sartzeen artean, mihia duen ahoa ixten da gizontxoa bere ezpainetan tinkatuz eta dardarak bidaltzen dizkit gorputz osora. Aldi bat, aldi bi eta hirugarrenean, “Ai, ama” ateratzen zait eta lehertzen naiz, urtzen naiz. Hondartzan bezala, erreka bilakatua naiz. Gozamena gorputz adar guztien lurrikara zait. Ezker eta eskuin besaulkian jauziak egiten ditut eta azken finean, nire burua kolpa ez dezadan, mihia uzten nau.

Ez luzaz. Hainbat aldiz kolpetxo bat gizontxoari emateko itzultzen da eta bakoitzean lurrikararen errepika bat gertatzen da.

Ondoko une batean isiltasun handian kuluxka txikitik iratzartzen naiz. Oraindik ezin dut sinetsi gertatu zaidana. Izugarrizko plazer maila hau, nire bizitza osoan inoiz ez dudala ukan, nire buruari erraten diot.

– Eskua? —nik.

Erantzunik ez. Besaulkitik jaikitzen naiz eta bainu gelara noa, nire uholde txikia garbitzeko. Segidan prakak janzten ditut eta Eskuaren bila noa egon gelara. Han ere ez da inor. Mahai baxuan paper orri bat ikusten dut gutun azal marroi baten gainean. Eskuaren letra estiloa ezagutzen dut eta irakurtzen.

“Adiorik ez Burubeltz! Zure kuluxkan lasaiki utzi nahi zintudan. Zure plazeraren intentsitateak egiazki ukitu nau, gaur emaile ona izan naizela adieraziz. Espero dut gurekin geldituko zarela. Baiezkoan, gutun azal marroian giltzak eta June Plaren liburua aurkituko dituzu eta zure lehen e-mailaren zain egonen naiz. Bestela, giltzak utzi eta bakarrik zure gibelean itxi ateak, otoi.

Agian laster arte,

Eskua”

 

 

2023 03 03

 

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (76. zenbakian)