AGOSTINI, KRAUSZ ETA L’HUILLIERRENTZAT IZANGO DA FISIKAKO NOBEL SARIA, ELEKTROIAK IKERTZEKO ATTOSEGUNDUTAKO METODOENGATIK

Pierre Agostini, Ferenc Krausz eta Anne L’Huillier, Fisikako 2023ko Nobel saridunak. Arg. Ill. Niklas Elmehed © Nobel Prize Outreach

Suediako Zientzien Akademiak iragarri duenez, Pierre Agostinik, Ferenc Krauszek eta Anne L’Huillierrek jasoko dute Fisikako 2023ko Nobel Saria, “elektroien dinamika ikertzeko, attosegundotako argi-pultsuak sortzeko metodo esperimentalengatik”. L’Huillier sari hori jasoko duen bosgarren emakumea bilakatu da.

Akademiak jakinarazi duenez, haien lana funtsezkoa izan da elektroien dinamika ikertu ahal izateko, atomoen eta molekulen barruan. Hain zuzen, elektroien munduan, aldaketak attosegundo baten hamarrenen abiaduran gertatzen dira (attosegundo bat segundo baten trilioi bat aldiz txikiagoko denbora-tartea da). Bada, attosegundotan neur daitezkeen argi-pultsoak sortzeko esperimentuak egin dituzte aurten Nobel saria jasoko duten fisikariek. Pultsu horiei esker, atomoetan eta molekuletan gertatzen diren prozesuen irudiak lor daitezke.

Pausoz pauso

1987an, Anne L’Huillierrek ikusi zuen, laser argi infragorria igortzen zuenean gas noble baten zehar, harmoniko desberdinak sortzen zirela. Harmoniko bakoitza argi-uhin bat da, ziklo-kopuru jakin batekin, laser argiaren ziklo bakoitzerako. Laser argiak gas-atomoekin elkarrekintza izatean sortzen dira, eta elektroi bakoitzei energia gehigarria ematen die, gero argi-modura igortzen dena. 

Anne L’Huillierrek fenomeno hori ikertzen jarraitu du, eta beste aurrerapauso batzuk emateko oinarriak finkatu ditu.  2001ean, Pierre Agostinik argi-pultsu jarraituak sortzea eta ikertzea lortu zuen; haietako bakoitzak 250 attosegundo baino ez zuen irauten. Aldi berean, Ferenc Krausz beste esperimentu batzuk egiten ari zen, eta lortu zuen argi-pultsu bakan bat isolatzea, 650 attosegundoko iraupenekoa. 

Esperimentu horiei esker, lehen jarraitzeko modurik ez zeuden prozesuak ikertu ahal izan dira. Eva Olsson Fisikako Nobelaren Komitearen buruaren esanean, erabiltzen ikastea izango da hurrengo pausoa. Hain zuzen, aipatu dutenez, hainbat eremutan izan ditzakete aplikazioa, hasi elektronikatik, eta diagnostiko medikoetaraino.

Pierre Agostini 1968an jaio zen, Aix Marseilleko Unibertsitaean doktoratu zen, eta Ohioko Unibertsitatean ikertzen du. Ferenc Krausz, berriz, 1962an jaio zen, Vienako Teknologia Unibertsitatean doktoratu zen, eta Max Planck Institutuko Optika Kuantikoko zuzendaria da. Azkenik, Anne L’Huillier 1958an jaio zen, Pierre eta Marie Curie Unibertsitatean doktoratu zen, eta Lund Unibertsitatean ikertzen du.Pierre Agostini, Ferenc Krausz eta Anne L’Huillier, Fisikako 2023ko Nobel saridunak. Arg. Ill. Niklas Elmehed © Nobel Prize Outreach