AMAYA ALVAREZ ETA NEREA PASCUAL

 

 

Nerea Pascual eta Amaya Álvarez NUPeko ingeniariek irabazi dute Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren poster lehiaketa

NUPeko beste bi egresatuk, Mara Concepciónek eta Marina Alcalák, bigarren saria eskuratu dute ingeniaritzako ikasketa amaierako lanengatik

 

Nerea Pascual Lezaun NUPeko Industria Ingeniaritzako masterdunak eta Amaya Álvarez Jiménez NUPeko Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko graduatuak irabazi dute Emakumeek egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren V. edizioa, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak antolatua Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Sari gisa 900na euro eskuratu dituzte. Orobat, Mara Concepción Álvarezek (Ingeniaritza Biomedikoko masterduna) eta Marina Alcalá Corresek (Industria Teknologien Ingeniaritzan graduatua) bigarren postua lortu dute lehiaketa horretan, eta, beraz, 450na euro eskuratu dituzte.

Lehiaketaren finala joan den ostiralean izan zen, irailaren 29an, Nafarroako Kutxa Fundazioaren Iruñeko kultur zentroan, Civicanen, Ikertzaileen Gau Europarraren harira. Ikertzaileen Gau Europarra NUPek antolatu, eta Europar Batasunak finantzatu du, eta Unibertsitateen G9 Taldearen G9 Missions proiektuaren barrenean dago.

Honako hauek banatu zituzten sariak: Ana Burusco Juandeaburrek, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko zuzendari nagusiak; Gurutze Pérez Artiedak, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendari eta NUPeko ISC Smart Cities Institutuko ikertzaileak, eta Amalia Ortiz Nicolásek, ISCko ikertzaileak.

 

Saridunak, banaka-banaka

Nerea Pascual Lezaunek master amaierako lana defendatu zuen. Lan horretan, sorgailu termoelektriko baten bero-trukagailuak diseinatu eta optimizatu ditu muturreko klima duten lekuetako sumendiak zaintzeko; izan ere, aurrerago Deception uhartean (Antartika) ezartzeko pentsatu eta eraiki du sorgailua. Proiektuaren zuzendariak ISC Institutuko ikertzaile eta Ingeniaritza Saileko irakasle hauek dira: David Astrain Ulibarrena katedraduna eta Álvaro Martínez Echeverri irakaslea.

Bestetik, Amaya Álvarez Jiménezek gradu amaierako bere lanetako bat aurkeztu zuen, non zuntz optikoko sentsoreak garatu baititu arnasbideetatik ateratzen den airean parametro biomedikoak detektatzeko. Ikerketaren zuzendaria Abián Bentor Socorro Leránoz da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta ISCko ikertzailea.

Bigarren sariei dagokienez, Mara Concepción Álvarezek master amaierako lana laburbiltzen zuen poster batekin hartu zuen parte. Aldizkako baraualdiaren eragina aztertu du irudi medikoan oinarritutako fenotipoen bidez. Rafael Cabeza Laguna izan du zuzendari, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedradun eta ISCko ikertzailea.

Azkenik, Marina Alcalá Corresek gradu amaierako lana azaldu zuen posterrean: turbina hidrozinetiko bat diseinatu eta harekin esperimentatu du, ur fluxua erabiliz hodi itxietan elektrizitatea sortzearren. Juan Pablo Fuertes Bonel eta Javier Armañanzas Goñi Ingeniaritza Saileko irakasle eta ISCko ikertzaileen zuzendaritzapean egin zuen lana.

Honako hauek izan dira beste finalistak: Leyre Escribano Simón (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua), Marta Gorostiaga Ramos (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua), Leyre Iribarren Areopagita (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua), Amaia Irisarri García (Ingeniaritza Biomedikoko Gradua), Irene Izco Berastegui (Industria Ingeniaritzako Masterra), Isabel Jaso Gallego (Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra), María Moreno Pérez (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua) eta Ainhoa Ozcoidi Erdozain (Ingeniaritza Mekanikoko Gradua).

Emakumeek egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren V. Edizioan gradu edo master amaierako lana 2022-2023 ikasturtean defendatu duten NUPeko emakumezko ikasleek har zezaketen parte, betiere lanen edukia zientziaren eta teknologiaren esparrukoa bazen. 2023-2024 ikasturtean NUPeko masterretan matrikulatuta dauden emakumeek ere hartzen ahal zuten parte, beren gradu amaierako lana beste unibertsitate batean defendatu bazuten ere.

 

Emakume gehiago zientzian eta teknologian

NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2019an sortu zuten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra. Katedraren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika), bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia sartzea ere.

 

  1. argazkia: Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Marta Gorostiaga, Isabel Jaso, Ainhoa Ozcoidi, Mara Concepción, Marina Alcalá, Nerea Pascual eta Leyre Escribano. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Leyre Iribarren, Amaia Irisarri, Amaya Álvarez, Irene Izco eta María Moreno.

 

  1. argazkia: Sari-banaketa. Ezkerretik eskuinera: Mara Concepción (2.a masterren kategorian), Marina Alcalá (2.a graduen kategorian), Ana Burusco, Gurutze Pérez Artieda, Amalia Ortiz, Amaya Álvarez (1.a graduen kategorian) eta Nerea Pascual (1.a masterren kategorian).