Medikuntza edo Fisiologiako 2023ko Nobel Saria Katalin Karikók eta Drew Weissmanek jasoko dutela iragarri du Stockholmeko Karolinska Institutuak (Suedia), mRNA-txertoak garatzeko funtsezko arrerapenak egiteagatik. Sari hori jasoko duen 13. emakumea bilakatuko da Karikó.
Institutuaren esanean, bi sarituen lana ezinbestekoa izan da ulertzeko mRNAren eta immunitate-sistemaren arteko elkarrekintza, eta gizateriak aro honetan izan duen osasun-arrisku handienari aurre egiteko txertoak egiteko.
Txertoen garapena, pausoz pauso
Ez da lehen aldia Nobel sarietan txertoak aitortzen direla; hain zuzen, 1951ean, Max Theiler saritu zuten sukar horiaren txertoa garatzeagatik. Ordutik, txertoak egiteko teknologia aldatu egin da: Txerto klasikoak patogenoa injektatzean oinarritzen ziren, ahulduta zein inaktibatuta. Gero, patogenoaren zati bat zeramatenak (proteina antigenikoa) sortu ziren, eta, aurrerago, ingeniaritza genetikoa erabiltzen dutenak. Azken horiek kalterik eragiten ez duten birusak dituzte, eta eraldatuta daude, proteina antigenikoak ekoizteko informazio genetikoa barneratzeko.
Aurrerapena handia izan bada ere, denbora eta baliabide asko behar dira txerto horiek ekoizteko. Horrek mugatu egiten du larrialdi pandemiko bati erantzutea. mRNA txertoak izan dira irtenbidea.
mRNA txertoek proteina antigenikoak ekoizteko jarraibideak kodetzen dituen RNA mezularia dute lehengaitzat. mRNA hori zeluletan barneratzen denean, zelulen erribosometan proteina antigenikoa ekoizten da, eta, proteina hori zelulen azalean agertzen denean, immunitate-sistemak erreakzionatu, eta haren aurkako antigorputzak eta erantzun zelularra sortzen ditu.
Arazoak gainditzeko argitasuna
1980ko hamarkadan hasi ziren hori lortzeko lanean, baina arazoak zituzten: mRNA oso ezegonkorra denez, egonkortzeko modua aurkitu behar zuten. Eta, gainera, hantura eragiten zuen. Hori dela eta, askok ez zuten uste bide horrek aurrera egingo zuenik.
Katalin Karikók ez zuen etsi. 1990ko hamarkadan, Pennsilvaniako Unibertsitatean mRNA-terapietan ikertzen jarraitu zuen, finantzazioa lortzeko zailtasunak zituen arren. Baina Drew Weissman laborategiko kidearen laguntza jaso zuen, eta biak elkarrekin lanean hasi ziren.
mRNAren baseak ikertu zituzten (A,U,G,C), ikusteko zerk eragiten zuen hantura, eta nola eragotz zezaketen. Eta ohartu ziren, uridina eraldatuz gero, ez dela hanturarik sortzen. 2005ean argitartu zuten funtsezko aurkikuntza hori, COVID-19a agertu baino 15 urte lehenago.
2010ean, farmazia-konpainia bat baino gehiago ari zen ikertzen mRNA-txertoekin, eta, besteak beste, zikarena eta MERS-CoVarena atera zituzten. COVID-19 agertu zenean, buru-belarri aritu ziren txertoaren garapenean, eta 2020ko abendurako jada lortu zituzten bi mRNA-txerto.
mRNA txertoen teknologia hain azkarra eta moldagarria denez, aproposa da beste gaixotasun infekzioso batzuetarako txertoak egiteko, eta zenbait minbiziren aurkako terapiak ere ari dira garatzen, horretan oinarrituta.
Katalin Karikó 1955an jaio zen, Szolnoken (Hungaria), baina ibilbide zientifikoaren urte gehienak AEBn eman ditu. Drew Weissman, berriz, 1959an jaio zen, Lexingtonen (AEB). Hark ere AEBn egin du ibilbidea.