JAVIER VIDÁN PEÑA

 

Javier Vidán Peñak enpresa familiarrak belaunaldi batetik bestera transmititzeko zailtasun juridikoak aztertu ditu bere doktoretza-tesian

NUPen egin du ikerketa, eta ondorioztatu du egungo Kode Zibileko “seniparteen sistema eragozpen handia dela oraindik ere”.

 

Javier Vidán Peña Zuzenbidean lizentziatua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta enpresa familiarrak transmititzeko prozesuari aplikatu beharreko esparru juridikoa ikertu du doktoretza-tesian. Egiaztatu du zaila dela halako enpresak belaunaldi batetik bestera transmititzea. Tesiaren ondorioetako batean, egresatuak dio egungo Kode Zibilak “neurri batean baizik ez diela erantzuten enpresa familiarrek iraun ahal izateko premiei”, eta, nahiz eta zuzenbide pribatuak tresna batzuk eskaintzen dizkien enpresaburuei maniobra-marjina handiagoa izan dezaten oinordetza planifikatu eta enpresa familiarra transmititzeko, “eragozpen handia dela oraindik ere seniparteen sistema edo nahitaezko jaraunspen parte batzuk legez ezarriak egotea —jaraunspenaren parte bat senide jakin batzuei transmititzera behartzen baitu horrek—”.

“Transmisión generacional de la empresa familiar” du izena tesiak, Bikain cum laude kalifikazioa lortu du, eta Raquel Luquin Bergareche Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Zibileko irakasle titularra izan du zuzendari.

Javier Vidánek esan duenez, akats ohikoenetako bat enpresan trantsizio prozesuari ekiteko plangintza estrategikorik ez izatea da . “Prozesu konplexua da oinordetza —azaldu du—, eta diziplina juridiko bat baino gehiagoko elementuak biltzen ditu”. Ikerketan, zuzenbide zibilari eragiten dioten gaietan sakondu du, bai kontratuen zuzenbideko, bai familia- eta oinordetza-zuzenbideko gaiei eragiten dietenetan, “baina beharrezkoa da ikuspegi juridiko pribatu hori osatzea merkataritza-zuzenbidetik, zerga-zuzenbidetik eta lan-zuzenbidetik datozen ekarpenekin”.

 

Ondorioak

Ikerketaren ondorio nagusietako bat da “protokolo familiarra baliabide aproposa dela enpresa familiarraren oinordetza planifikatzeko, enpresa-antolamenduaren eta familiako kideen interes eta beharrei erantzuten baitie; izan ere, dokumentu juridiko batek moralki eta juridikoki lotesten ditu sinatzaileak, eta betebehar izaerako eraginkortasuna du”. Halako protokolo familiarren edukia heterogeneoa izaten da, eta izaera eta derrigortasun desberdineko klausulak izaten ditu.

Javier Vidánek gogorarazi du espainiar estatuko Kode Zibilak aukera zabala eskaintzen duela enpresa “inter vivos edo mortis causa” transmititzeko familiako kideei (gehienetan seme-alabei edo ondorengoei), kasu bakoitzaren egoera kontuan hartuta eta seniparteen sistemak ezarritako mugekin. “Seniparteen sistema da oztopo nagusia enpresa familiarra banatu gabe transmititzeko, baina Kode Zibilak malgutze elementu batzuk ere baditu helburu hori lortzeko”.

Testuinguru horretan, egungo arauzko zerga-esparrua ere aipatzen du, “enpresa familiarra banatu gabe gorde eta transmititzeko interesa bultzatu, eta enpresak martxan segituko duela ziurtatzen baitu”.

 

Curriculum vitae laburra

Javier Vidán Peña Zuzenbidean lizentziatu zen NUPen, eta hor egin ditu Abokatutzarako Sarbideko Masterra eta doktoretza ere. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Gatazken Bitartekaritzako eta Kudeaketa Positiboko Espezialistaren titulua lortu zuen, eta gaur egun Psikologiako Gradua egiten ari da Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean.

2019az geroztik, irakasle aritu da NUPen bi titulu berekitan, eta, irailetik aurrera, Zuzenbide Saileko irakasle elkartua izanen da hor. 2022an “Enpresa Familiarrak eta Zuzenbidea” Nazioarteko I. Kongresuan hartu zuen parte, komunikazio hau aurkeztuz: “Protokolo familiarra: izaera juridikoa eta edukiaren eraginkortasuna”.

Arlo akademikotik kanpo, Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza Sailean egin du lan, aholkulari juridiko aritu da ARPA Abogados Consultoresentzat eta, gaur egun, eraikinen administratzailea da Urbanitas enpresan.

 

Argazkia: Javier Vidán Peña, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.