ANDRÉS LEGARRA ALBIZU

 

NUPen doktoratutako nekazaritzako ingeniari nafar batek Esne Zientzien Ameriketako Elkartearen sari bat jaso du

Andrés Legarra Albizuk, zeinak Estatu Batuetan egiten baitu lan, aintzatespena jaso du esne aziendaren hobekuntza genetikoari buruz egin dituen ikerketengatik

 

Andrés Legarra Albizu nekazaritzako ingeniari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoreari (Iruñea, 1972) abereen ekoizpenari buruzko J. L. Lush saria eman dio Esne Zientzien Ameriketako Elkarteak (ADSA, ingelesezko siglengatik). Sari horren bidez, ikertzaileak esne aziendaren hobekuntza genetikoari buruz egin dituen ikerketak aintzatetsi dizkiote. Saridunak genetista senior gisa lan egiten du Council on Dairy Cattle Breeding delakoan (CDCB). Esne aziendaren genetika aztertzen duen Estatu Batuetako erakunde nagusia da, eta abere horiei buruz munduan den datu baserik handiena kudeatzen du.

Abereen ekoizpenari buruzko J. L. Lush saria 1982an sortu zen arlo horretan nabarmendutako ikerketak aintzatesteko, eta izen hori darama animalien genetikan aitzindari izan zen zientzialari iparramerikar baten omenez. Saria jasotzeko, lanek baldintza hauek bete behar dituzte: esne azienda hobetzeko ahalmena izatea, animalien eta genetikaren edozein arlorekin loturik egotea eta sariaren aurreko hamar urteetan argitaratutakoak izatea. ADSAk urtero Ottawan (Kanada) egiten duen biltzarreko zeremonia batean jaso zuen aintzatespena Andrés Legarrak.

 

Zientzialari nafar bat hiru herrialdetan lan egin duena

Andrés Legarrak 1997an amaitu zituen Nekazaritzako Ingeniaritzako ikasketak NUPen, eta 2002an doktoretza-tesia defendatu zuen ardi latxaren arraza-hobekuntzari buruz, zeina Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen ardi arraza baita. Tesiaren zuzendari lanetan Eva Ugarte Sagastizabal NEIKEReko zientzialaria aritu zen (Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea), eta Leopoldo Alfonso Ruiz NUPeko irakaslea izan zuen tutore. Ondoren, urtebete eman zuen Georgiako Unibertsitatean (Estatu Batuak) doktoratu ondoko ikertzaile gisa; eta, gero, NEIKERen hasi zen ikertzaile. Ondoren, 2005ean, Tolosako (Frantzia) Nekazaritzako Ikerketako Institutu Nazionalean izan zen (INRA, frantsesezko sigletatik). Bertan, Animalien Genetikaren Saileko ikerketa-zuzendari gisa ere jardun zen.

2023ko urtarriletik, Tolosatik egiten du lan Council on Dairy Cattle Breeding batzorderako (Bowie hirian dago, Maryland estatuan), esne aziendaren hobekuntza genetikoan espezializatutako genetista senior gisa. Gainera, “Journal of Dairy Science” aldizkari zientifikoko genetika eta genomika saileko editore seniorra da.

Saria eman dion erakundea, Esne Zientzien Ameriketako Elkartea (ADSA), esne industriako ikertzaile eta ordezkarien nazioarteko erakunde bat da, eta laguntza zientifiko eta teknikoa ematen du sektore ekonomiko horri eusteko eta hazten laguntzeko, eta horretarako informazioa eta zerbitzuak sortzen, zabaltzen eta trukatzen ditu.

 

Argazkia: Andrés Legarra (eskuinean), João Dürr saria ematen ari zaiola ADSAren izenean, Kanadan egindako kongresuan.