FERNANDO REMACHA, 125 URTE

 

NUPek Fernando Remacha musikagile nafarraren jaiotzaren 125. urteurrena ospatuko du hitzaldi eta kontzertu ziklo batekin

NUPen I-COMMUNITAS institutuak antolatutako ekitaldiak azaroaren 9an eta 10ean eginen dira, Bisitazioko Amen egoitzan

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzaldi eta kontzertu ziklo bat antolatu du Fernando Remacha musikagile nafarraren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko (Tuteran jaioa, 1898an). Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutuak (I-Comunitas) antolatu ditu ekitaldiak, eta azaroaren 9an eta 10ean eginen dira, arratsaldez, Bisitazioko Amen komentu zaharrean NUPek duen gunean (sarrera San Frantzisko kaleko 5. zenbakian du). Jardunaldien koordinatzailea Marcos Andrés Vierge da, NUPeko Musikako katedradun eta I-COMMUNITASeko kidea. Programa osoa eta hizlari eta kontzertisten curriculumak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko. Ez da sarrerarik behar, eta aretoa bete arte onartuko da jendea.

Lehenbiziko egunean, inaugurazioa eginen da, 17:30ean. Gero, bi hitzaldi izanen dira: lehenbizi, Emilio Casares Rodicio musikologoak “Remacha y la Generación musical del 27: estado de la cuestión” izenekoa emanen du; eta, gero, Ramón Sobrino Sánchez Musikologiako katedradunak “Joaquín Gaztambide (1822-1870) y Fernando Remacha, dos tudelanos de referencia en la música” deiturikoa. Azkenik, ANTON & MAITE piano-jotzaileek Remacharen beraren pieza bat joko dute estreinakoz: “Reducción a dos pianos de Sinfonía en tres tiempos (1925)”.

Azaroaren 10ean, 17:30ean, solasaldia eginen dute Marcos Andrés Viergek eta José Luis Temes orkestra zuzendari eta musikaren 2006ko sari estatalaren irabazleak. Gero, Leopoldo Neri de Caso gitarrista eta Musikologiako doktoreak “Fernando Remacha y la guitarra del 27” izeneko hitzaldia emanen du. Jardunaldia bukatzeko, Samuel Diz gitarra-jotzaile klasikoaren kontzertua izanen da; izan ere, Remacharen eta haren belaunaldiko beste musikagile batzuen obrak interpretatuko ditu José Ortega ca.1906 gitarraren faksimile kopiarekin, zeina Federico García Lorcarena izan baitzen. Errezitaldian, Remacharen “Suite para voz y siete instrumentos” obraren parte batzuk oinarri hartuta Marcos Andrés Viergek sortu duen konposizio berri baten estreinaldia eginen du.

 

Fernando Remacharen ibilbidea labur-labur

Fernando Remacha Villar (1898-1984) konpositore tuterarrak hiru aldiz irabazi zuen musikaren sari estatala. XX. mendearen lehenbiziko erdiko erreferentziazko beste musikagile batzuk izan zituen bidaide, besteak beste Rosa García Ascot, Rodolfo eta Ernesto Halffter anaiak, Salvador Bacarisse eta Gustavo Pittaluga. Konpositore nafarraren musikak kulturaren garai bikain bat ekartzen digu gogora (27ko belaunaldia), zeina Gerra Zibilak eten baitzuen.

NUPek haren izena emana dio areto nagusiari (Fernando Remacha aretoa) eta jardunaldi hauek antolatuz konpositorearen ondarea berreskuratuko du; izan ere, Marcos Andrés Vierge irakaslearen esanean, “haren musika ondare-memoria funtsezkoa da gure iragan eta orainaldi kulturala ulertzeko”.

 

Argazkia: Bisitazioko Amen eraikinean NUPek duen guneko bista bat, kaperako gangarena; hor eginen da hitzaldi eta kontzertu zikloa.