HIDROGENOAREN ERABILERA MOTOR INDUSTRIALETAN

 

NUPek eta Tafalla Iron Foundry S. Coop. kooperatibak aztertuko dute zenbateraino den bideragarria motor industrialetan hidrogenoa erabiltzea erregai gisa

Bi entitateek ikerketaren emaitzak transferitzeko OTRI kontratu bat sinatu dute

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Tafalla Iron Foundry S. Coop kooperatibak aztertuko dute zenbateraino den bideragarria motor industrialetan hidrogenoa erabiltzea erregai gisa. Aipatutako kooperatibak halako motorren blokeak fabrikatzen ditu, metal galdaketatik abiatuta. Aurrekoa xede, bi entitateek ikerketa transferitzeko OTRI kontratu bat sinatu dute, NUPeko Hidrogeno Taldeko ikertzaileek eta kooperatibako teknikariek elkarrekin eginen duten lana babesteko.

Kontratua sinatzeko unean, bertan izan dira Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Miguel Ugalde Barbería Tafalla Iron Foundry S.Coop. kooperatibako zuzendari kudeatzailea, baita Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordea ere. Halaber, Unibertsitatearen aldetik, proiektuaren ikertzaile nagusiak bertaratu dira, hots, Pedro Diéguez Elizondo eta José Carlos Urroz Unzueta Ingeniaritza Saileko irakasleak. Kooperatibaren aldetik, berriz, Ignacio Ainzúa Jiménez Ingeniaritzako eta Berrikuntzako zuzendaria, Esther Sada Orduña Berrikuntzako arduradun eta proiektuburua eta Atenea Romero Domínguez proiektuburua.

Proiektuak “Gasolio motorrak hidrogeno-gasoil motor, hau da, bi erregaiko motor bihurtzeko ikerketa” du izena, eta hiru urtean garatuko da. Osotara, 263.489 euro bideratuko dira proiektura.

 

Hidrogenoa, deskarbonizazio industrialaren protagonista

Europako kutsaduraren aurkako araudi berriek teknologia berriak bilatzera behartzen dituzte motorren fabrikatzaileak, bereziki diesel edo gasolio motorrenak, eta proiektua agertoki horretan kokatzen da. Testuinguru horretan, garraioaren eta, oro har, industriaren deskarbonizaziorako aukeratzat hartzen ari dira hidrogenoa.

Kooperatiba sinatzaileak zenbait hamarkadatako esperientzia du gasolio motorren blokeen galdaketan, eta orain aztertu nahi du motor horiek zer portaera duten hidrogeno-gasolio erregai nahasketa errez gero. Bestalde, Hidrogeno Taldeak ia hogei urteko ibilbidea egin du hidrogenoa erregai gisa aplikatzen gasolinazko errekuntza-motorretan. Ibilbide horren norabidea aldatu, eta proiektu honetan gasolio motorretan zentratuko da.

 

NUPen motor bat muntatu eta kooperatiban aztertuko dute

Proiektuan, azterketa teorikoez gain, aurreikusita dago Unibertsitateko Carlos Sopena Laborategiko motorren saiakuntza-gelaxkan motor industrial bat muntatzea, prest jartzea, hidrogeno eta gasolio erregai nahasketaren bidez elikatzea eta kontrol-unitate elektronikoa programatzea. Saiakuntza ugari planifikatu dira motorraren eragiketa-baldintzak haren prestazioekin (parea, potentzia) eta emisio kutsatzaileekin lotzeko.

Aldi berean, Tafalla Iron Foundry S. Coop. kooperatiban azterketa xehatu bat eginen dute erregai nahasketa horiek galdaketetan izan dezaketen eraginari buruz, eta analisia bloke osagaietan eta motorraren kulatan fokalizatuko dute. Proiektu honen bidez, hidrogenoarekin kontaktuan egonda motorraren funtzionamendu egokirako behar diren propietate mekanikoak mantenduko dituen materialik egokiena aurkitu nahi dute. Hala, hidrogenozko motorren eremu berri honetan partner teknologiko izatearren kooperatibak behar duen jakintza lortuko du.

 

Argazkia: OTRI kontratua sinatzen. Ezkerretik eskuinera: Atenea Romero, Esther Sada, José Carlos Urroz, Miguel Ugalde, Ramón Gonzalo, Francisco Javier Arregui, Ignacio Ainzúa eta Pedro Diéguez.