FENTANILOA, NOIZ ETA NOLA ADMINISTRATU BEHAR DUGU?

Fentaniloa eragin handiko farmako bat da. Efektu agonista du mu motako hartzaile opioideetan.

Analgesiko indartsuenen multzokoa da eta min handiko kasuak tratatzeko erabiltzen da, beste tratamendu analgesiko batzuei erantzuten ez dieten kasuak tratatzeko, hain zuzen ere.

Horrela, minbiziari lotutako bat-bateko minaren tratamenduan indikatuta dago, zupatzeko konprimitu moduan, mihipeko konprimitu moduan edo sudur-lainoztatze moduan.

Gainera, min kroniko eta larriaren tratamenduan indikatuta dago. Horretarako, txaplata transdermiko moduan aplikatzen da. Txaplatak ahalbidetzen du farmakoa hainbat egunez modu iraunkorrean askatzea. Txaplata osorik jarri behar da, hautsi gabe eta zatitu gabe, larruazal garbi eta lehorraren gainean.

Bestalde, fentaniloa, batzuetan, beste farmako batzuekin batera erabiltzen da anestesia orokorra edo lokala eragiteko eta mantentzeko.

Fentaniloa duten medikamentu guztiek medikuaren preskripzioa behar dute; beraz, beti medikuaren errezeta beharrezkoa da dispentsatu ahal izateko.

Erabili beharreko dosia indikazioaren araberakoa da, baita pazienteak dosi desberdinei ematen dien erantzunaren araberakoa ere.

Arau orokor gisa minaren tratamenduan, dosi txikiekin hastea da; gero, dosi baxu horiek handitu egiten dira dosi eraginkor bat aurkitu arte.

Era berean, oso garrantzitsua da medikuak agindutako tratamenduaren iraupena errespetatzea. Fentaniloak mendekotasun fisikoa eta psikologikoa sor ditzake, eta, beraz, behar-beharrezkoa den denboran bakarrik erabili behar da.

Era berean, fentaniloa hartzen den bitartean garrantzitsua da espezialistak preskribitutako dosia errespetatzea. Dosia handitzeak ondorio kaltegarri arriskutsuak eragin ditzake, esaterako, arnasketa-depresioa. Halaber, tratamendua bat-batean eteteak abstinentzia-sindromea eragin dezake, eta, horrek ere ondorio larriak izan ditzake.

Fentaniloaren ondorio kaltegarriak dosiarekin erlazionatuta daude. Horietako askok, denbora aurrera egin ahala, moteltzeko joera dute; esaterako, logura, goragaleak eta okadak. Idorreria ere eragin dezake, iraunkorra izan daitekeena eta tratamendu espezifikoa behar izan dezakeena.

Erreferentzia:

Fentanilo ¿cuándo y cómo debemos administrarlo? Tu Farmacéutico Informa. Jorge Gómez-Carpintero farmazialariak emandako bideo-aholkua, Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak egina eta Medicina TV-ek ekoiztuta. 2023/09/29.