NAFARROA ARRAGOA

 

Xabier Lete

 

Nafarroa, arragoa,

Argiaren pausaleku

Haizearen ibil-toki zabal,

Hesirik gabea.

 

Nafarroa, arragoa,

Sua eta ura,

Kondaira urratu baten oihartzun oihukatua.

Amets bat baino gehiago,

Ez oparotasun osoa:

Nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea.

 

Nafarroa, arragoa

Mahats eta gari

Maitasun eta gorroto

Gezur eta egia gurea.

 

Nafarroa, arragoa

Lur beroen sabel emankorra

Eta goiko mendi hotzen mendetako loa.

Nafarroa, zuhur eta eroa,

Lurrik maitatuena,

Hormarik gabe utzitako etxea:

Erreka gardenen negarrez

Ibai lodietara ixurtzen ari den

Odol bustikoarraren iturri bizia.

 

Nafarroa, arragoa

Eta oinarri

Eta oinaze

Eta bidean zure bila ibiltzea…

Pinudiek usaintzen dituzten

Harri txigorrezko bidetan gora

O, Nafarroa, Nafarroa betikoa.