Gaudencio Ongayren atsotitz bildumaren edizio digitala prestatu du NUPeko Ondare Immaterialaren Katedrak
Ondare Immateriala Babesteko UNESCOren Konbentzioaren 20. urteurrena ospatzen ari da instituzioa egunotan
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ondare Immaterialaren Katedrak Gaudencio Ongayren herri-atsotitzen bildumaren edizio digitala prestatu du, baita jendearen eskura jarri ere Katedraren webgunearen bidez doan deskargatzeko. Gaudencio Ongayk (Uxue, 1924-2002) bere bizitza osoan bildutako 137.000 paremia inguruko bilduma da, haren iloba Alejandro Sánchez Ongayk transkribatua eta osatua.
“Liburuan jasotako paremia gehienak atsotitzak dira, baina badira bestelako elementuak ere”, adierazi du Mónica Aznárez Mauleón NUPeko irakasle eta fraseologiaren eta paremiologiaren arloko adituak, zeinak lanaren hitzaurrea egin baitu. Horrekin batera beste lan bat argitaratu da, eta webgune berean dago eskuragarri hura ere: “Refranero navarro” du izenburua, Alejandro Sánchez Ongayk bildutako 492 atsotitz berri jaso ditu, eta, beraz, bilduma orokorreko nafar jatorrikoekin batera, guztira Nafarroako 2.141 atsotitzez dago osatua.
Edizio digital horren argitalpena aprobetxatuz, Alejandro Sánchez Ongayk bere bilduma aurkeztu du NUPen berriki, Alfredo Asiáin NUPeko irakasle eta Ondare Inmaterialaren Katedraren zuzendariarekin batera. Ekitaldia Kultur Ondare Immateriala Babesteko UNESCOren Konbentzioaren 20. urteurrenaren ospakizunaren barnean egin zen, eta Unibertsitateko Liburutegiak parte hartu zuen bertan.
“Nafarroako hiztegia” eta bilduma berri bat Liburutegian
Aipatutako bildumak baliatuz gerora lan lexikografikoa egin ahal izateko, NUPeko “Ikerketa hizkuntzalaritzan eta ondare materiagabean” ikerketa-taldearen aholkularitzarekin, Katedraren dokumentazio zentroak (Navarchivo) “Nafarroako hiztegia” izeneko atal bat diseinatu du, eta bertan lexikoa, onomastika eta fraseologia jaso dira, baita Nafarroako ondare immateriala osatzen duten beste berezitasun eta barietate linguistiko batzuk ere.
Bestalde, ondare immaterialari buruzko jardueren programazioaren barnean, NUPeko Liburutegiak liburuen zabalpen lanerako zentro bat sortu du Nafarroako ondare kultural immateriala irakurleei hurbiltzeko. 30 obrak osatutako sorta bat da, eta Liburutegiko atarian egonen da urtea amaitu arte, bertatik bertara kontsultatzeko nahiz maileguan eramateko. NUPeko Liburutegiaren katalogoaren bidez ikus daiteke tituluen zerrenda.
Argazkia: Alejandro Sánchez Ongay (argazkiaren erdian), liburua aurkezten, Alfredo Asiáinekin (Katedraren zuzendaria) eta Mónica Aznárezekin batera.