ERICK OROZCO ACOSTA

 

Tesi batek eredu estatistiko berri batzuk proposatu ditu hilkortasun arriskua eta minbiziaren eta beste gaixotasun kroniko batzuen intzidentzia kalkulatzeko

Erick Orozco Acosta industria-ingeniariak eredu malguago, praktikoago eta eraginkorrago batzuk proposatu ditu epe laburreko aurreikuspenak egiteko eremu txikiz osatutako eskualde handietarako

 

Erick Orozco Acosta industria-ingeniariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian, eredu estatistiko berri batzuk garatu ditu. Haien bidez, hilkortasun arriskua eta minbiziaren eta beste gaixotasun kroniko batzuen intzidentzia kalkulatu daitezke eremu txiki asko dituzten eskualde handietan; Espainian, adibidez, udalerriak edo errolda-eskualdeak dira eremu txiki horiek. Tesiaren zuzendari aritu dira Lola Ugarte Martínez Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradun eta INAMAT2 institutuko zuzendaria eta Aritz Adin Urtasun institutu bereko irakaslea.

Aipatutako helburu nagusiaz gain, ikerketaren beste helburuetako bat eskualde mota horietan minbizi kasuak eta beste gaixotasun kroniko batzuk epe laburrean aurreikustea izan da. Hain justu, tesiaren egileak adierazi duenez, “intzidentziaren eta hilkortasunaren erregistroak normalean ez dira eguneratuak izaten, eta datuak gutxi-asko hiru urteko atzerapenez aurkeztu ohi dira”.

 

Erabilitako metodologia eta proposamenak

Doktoretza-tesiak modelizazio bayestar eskalagarriko metodoak erabiltzea proposatzen du eremuko datu espazial eta/edo espazial eta denborazkoak tratatzeko, dimentsio altukoak, “zatitu eta irabaziko duzu” ideian oinarriturik (adierazpen hori hizkera algoritmikoan erabiltzen da, eta problema bat zatituz hura errazago ebazten dela esan nahi du). Gainera, metodo horien eraginkortasuna ebaluatzen du bereizmen espazial handiko datuen epe laburreko iragarpenak egiteko. “Egindako simulazio azterketek eta datu errealen analisiek agerian uzten dute zenbait eredu klasiko konputazionalki bideraezinak direla batzuetan, eta tesian proposatutako ereduek egokitzapenaren kalitateari dagokionez emaitza estatistiko hobeak dituztela, RAM/CPU memoria gutxiago erabiltzen dutela eta eredu klasikoek baino konputazio denbora hobeak dituztela”, azaldu du tesiaren egileak. Gainera, dioenez, proposatutako ereduak “malguagoak dira, ez baitute estatistikak leuntzeko parametro bakarra erabiltzen eremu espazial osorako, eta, beraz, eredu klasikoen muga komun bat gainditzen dute”. Proposatutako ereduen bideragarritasunari dagokionez, Erick Orozcok ondorioztatu du “egokitzapenaren kalitaterako eta baliozkotze gurutzaturako neurriak” eredu klasikoen alternatiba praktiko eta eraginkorra direla.

Bestalde, ikerketan bigDM izeneko pakete estatistiko bat ere egin du R lengoaian, eta bertan ezarri dira tesian proposatutako metodo eta algoritmo guztiak, egindako lan guztia komunitate zientifikoaren esku jartzearren. Paketeak, alde batetik, bertsio egonkor bat dauka R lengoaiako paketeen biltegian (CRAN akronimoz ezagutzen da, Comprehensive R Archive Network), eta, bestetik, garapen bertsio bat github biltegi batean, paketearen funtzioak eta adibide praktikoak biltzen dituena. Gaur egun, azken horrek 6.000 deskarga baino gehiago ditu CRANen.

 

Erick Orozcoren CV laburra

Erick Orozco Acosta industria-ingeniaria da Simón Bolívar Unibertsitatean, eta Estatistika Aplikatuko masterra du Iparraldeko Unibertsitatean (biak Kolonbiakoak). Tesia egin bitartean, bi egonaldi egin zituen Zientzia eta Teknologiako Norvegiako Unibertsitatean (NTNU, norvegierazko sigletatik), Trondheim hirian, Andrea Riebler irakasleak gainbegiraturik.

Kolonbiako Simón Bolívar Unibertsitateko irakaslea da Erick Orozco, eta Kolonbiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Ministerioko ikertzaile seniorra. 12 urte daramatza irakasle lanetan, eta ministerio horrek datuen analisiaren arloan kofinantzatutako proiektu baten ikertzaile nagusia izana da.

 

Argazkia: Erick Orozco NUPen.