ORREAGA, ORBAITZETA, AEZKOA. NAFARROAKO ERRESUMAREN LEKUKO ETA BIDEGURUTZE

Orbai(t)zeta, Itzaltzu, eta inguruak askok Benito Lertxundiren bidez ezagutu ditugu, Zuberoa eta Altabizkar/Itzaltzuko Bardoari diska bikainetan. 1970eko hamarkada hasieran nekez ezagutzen zen ordu arte ingurune honetan nolako gertaera garrantzitsuak izan ziren Euskal Herriaren historian, eta ez soilik, ezaguna den bezala, Donejakue Bideari loturik, mendetan Penintsula iparraldeko erregeek babestu errepide zena.

Bortuak

Dudarik gabe, Ibañeta pasagune estrategikoa izan da urtetan, Baskoniaren mendetako zubi. Ab Asturica Burdigalam (“Iter XXXIV”) galtzara nagusi eta azpiegitura garrantzitsuaren mugarri. Mendatean gora kokatzen zen Summum Pirineum (Urkulu?) eta, haren oinean, Auritzeko Iturissa edo Iturriza, idazle latino eta greziar klasikoek aipatu kokapenak. Itxura guztien arabera, azken hori Zaldua da, egun Aranzadik ikertzen duen aztarnategia. Mendatea, bada, Baskoniako herrien harremanetarako aspaldiko bidea da, dudarik gabe, Pirinioez hegoaldearen eta iparraldearen artekoa.

Zalantzazkoa da euskaldunok Pirinioetarako izendapenik izan dugunik. Hor dago Auñamendi izendapena, egun mendi gailur baten izen geratua, Annie frantsestua, egungo Euskal Herriaren mugan. Badakigu, ordea, mendi lerroa ez dela izan banalerroa, elkarren zubi baizik: Bortuak, Bortüak. Ibarreko herritarrak, aetzak, Donibane Garazira joaten ziren merkatura, Etxera bidean idazlanean Xamarrak erakutsi digun bezala. Bazkalekuen erabilera komunak partzuergoak eta fazeriak ekarri zituen ibarren artean, herri lurren erabilerarako hitzarmenak.

Errozabal Iruñeko Erresumaren sorreran (778 eta 824)

Haatik, herri eta potentzia arrotzek ere pasabide zuten Ibañeta eta Aezkoa, bertako herritar baskoien zorigaiztorako askotan. 778an, zuzenean Bordele eta Astorga arteko galtzada hartuz, Karlomagnok Baskonia zeharkatu zuen Iruñeraino eta gero Zaragozaraino. Ebroko hiriburuan, misioaren porrota ezagutu zuen, baina haren bi legioak (20.000 pertsona inguru) osorik ziren, eta ez zuen parada galdu baskoi bihurriak zigortzeko, Iruñea kiskaliz.

Hamalau kilometrotik gorako espediziotzar karolingio horrek, ordea, baskoiak zituen zain Cize delako edo Garaziko Bortuetan, Errozabalen. Karolingioek kolpe latza jaso zuten, Bortuez hegoaldeko eta iparraldeko indar baskoien sinergiaz, segur aski. Garai honetan, lehendabiziko aldiz aipatzen dira navarri direlakoak, baskoi askeak, Akitaniako Gerra amaierako hitzarmenekin (766-769) bat egin ez zutenak, Bortuez hegoaldekoak, Iruñea hiriburu zutela. Vita Karoli Magni karolingioak adierazi zuenez, Ebroren iturburuak navarri edo nafarren lurraldean kokatzen ziren IX. mende horretan. Hala izanik ere, Iruñea zuten erdigune.

Nekez pentsatuko zuen Eginardo kronika horren autore frankoak baieztapen geografiko hori eztabaida eta narrazio politiko antagonikoen sorburu bihur zitekeenik, baina egun, artean ere, hizpidea jartzen du eztabaida akademikoetan, euskalduntze berantiarra eta eratorritako beste kalapita batzuk direla eta ez direla. Tamalez, Nafarroa artean sortu gabe zegoela, mendeak falta ziren euskaldunek beren lekukotza agirietan idatziz uzten hasi arte, are gehiago euskaraz. Garai honetako agiriek, beraz, kanpoko etsaien baieztapenak eta irudiak erakusten dituzte.

Frankiatik, alegia, Loira iparraldetik zetozen franko karolingioek Bortuez hegoaldeko baskoi horiek otzandu nahi izan zituzten 812an, berriz ere (“gauzak bere onera ekarri”). Luis Errukitsua Karlomagnoren semea berriz etorri zen Iruñera. Nafarrak ez zeuden prest karolingioen zergapeko izateko, ezta Ebroko abentura inperialetarako tropak eskaintzeko ere. Iruñetik igaro ondoren, Luisen espedizioa baskoien eraso baten beldurrez zen, eta gatibu hartu zituen haur eta emazte euskaldunak. Haiek giza ezkutu gisa erabiliz, euskaldunen erasoa ebitatu ahal izan zuten, eta Garaziko Bortuak onik zeharkatu.

Besterik izan ziren gauzak 824an: espedizio karolingio bat Orreagan barrena sartu zen nafarrei eraso egitera. Tristeki, Baskoniako dukea espedizio horren buruetako bat zen. Baskoi militarizatuek kolpe latza eman zieten berriz karolingioei, eta garaituak izan ziren. Azeari (edo Aznar) Bortuez iparraldeko euskalduna eta Eblo buruzagiak preso hartu zituzten, baina Azeari aske utzi zuten, beren familiakoa zelako.

824ko Orreagako Batailak, 778koak ez bezala, euskaldun askeen independentzia, oraingoan egitura politiko autonomo batean antolatuak: Iruñeko Erresuma. VII-VIII. mende gehienean ez bezala, buruzagiek euskal izenak erabiltzen hasi ziren, kontzientzia politiko sendoago baten adierazle: Eneko, Gartzia, Azeari. Karolingioen garaitik, erromatartasunaren aldarrikapenak ez zuen jada deus eskaintzeko baskoiei, erromatartasuna latinitate baztertzaile bat bihurtzen ari zen, Erromako Eliza eta Ordena Beneditarra lagun. Arturo Kanpionek horren lekukotza fikzionatu gordina utzi zigun 1917an Itzaltzuko bardoa kontakizun laburrean, hasten ari zen kolonizazio baten lekuko.

Nafar narrazioak aldatzen, euskalfobiaren lorratzean

Izan ere, XI. mendean, Orreaga ez zen artean ere mugarri garrantzitsua, baina errege nafarrek bide hori lehenetsi zuten Europatik zetozen pelegrin eta kolonizatzaile frankoentzat. Bidea sustatzeko, Orreagan ospitale bat eta kolegiata eraiki zuten. Franko direlako horiek ez ziren jada VIII. mendeko frankoak, okzitaniarrak baizik, zergatik aske. Hala ere, Donajakue Bideko franko karolingioen tradiziotik edan zuten narrazio XI-XII. mendeetan narrazio epikoak sortzeko orduan.

778ko Orreaga edo Errozabalgo Guduko garaileak ez ziren jada baskoiak edo euskaldunak, XI-XII. mendeko etsai berriak baizik: musulmanak. Egitandi kanta horretan, gainera, galtzaileak aintzaz jantzita ateratzen dira, heroi, epopeia baten protagonista, Donejakueko Bidea erakusteko propagandaren agente bihurturik. Ahozko narrazioek errealitatearen ikuskera moldatzen zuten garaian, Eliza gero eta indartsuagoak eta ordena erlijioso eta erlioso-militarrek zabaldutako kontakizunak ahozko tradizioan errotuz joan ziren. Elizaren zabalkunde narratibo horretan, Orreagako elizgizonek zeresan handia izan zuten, dudarik gabe. Nafarroako Foru Zaharreko hitzaurrearen ildo narratiboak (1237) ez du euskal tradiziotik edaten. Rodrigo Ximenitz Arradakoa garestar eta Toledoko apezpikuaren eskua? Ordu arte ahozkoak ziren hitzarmen eta ohiturak, paperera pasa ziren, zehazki pergaminora.

Nafarroako Erresuman, papera XIV. mende hasieran hasi zen zabaltzen. Era horretan, aiseago eta ardurago ekoitzi ziren agiri administratiboak, eta burokratizazioa erraztu. Literatura lanak ugaldu ziren, eta lehen euskal idatzizko idazkiak agertu: Iruñeko goi-funtzionarioen arteko gutunak, eta Iruñeko katedraleko otoitz bat.

Edizioa Nafarroa zatituan

Foix leinuko nafar errege-erreginak ez ziren ausartu Leskarretik Bortuez hegoaldera pasa eta Iruñetik agintzera 1494 arte, Fernando Aragoiko errege espainiarrak sustatzen zituen beaumontarren erasoaren beldurrez. Hitzarmen batera helduta, Biarnotik abiatu eta segur aski Orreagatik igaroko ziren, eta Irulegitik Iruñera jaitsi. Katalina Foixkoa erregina altxa zuten, baita haren senar Joanes ere, nafar herriari zin egin eta, trukean, nafar herriak (agintariek, ordezkariek) koroari zin egin ondoren. Iruindarrek bozkarioz ospatu zuten hiriburuko karriketan, antzerkia eta poesia ez ziren falta izan. Orduko bertso bat ere gorde da, euskaraz:

Labrit eta Errege

aita seme dirade

kondestable jauna

ar bizate anaie”

Urte bertsuetan, Nafarroako koroak Euskal Herriko lehendabiziko inprimategia erakarri zuen Iruñera, Arnaut Gilen Brocarkoa, edo Brocario. Iruñean urte batzuk eman ondoren, bere trebezia Gaztelari saldu zion, orduan puzten ari zen potentzia armatu berria: Gaztelako Erresuma. Brocarkoak ikasle izan zuen Miguel Egia lizarratarra. Iruñea edizioaren Euskal Herriko hiriburu bihurtu zen, eta XVI. mende amaieratik Iruñeak inprimategia izan zuen iraunkorki.

Ordurako, berriz, Nafarroako Erresuma independentea desagertua zen Bortuez hegoaldera, 1512ko Fernando erregearen inbasio aragoitar-gaztelarraren ondoren. 1521eko Henrike II.a nafar erregearen ahaleginak huts egin zuen, eta Garazi eskualdea gatazka armatu gogorren eta zigor latzen erdigune bihurtu zen. Frontearen erretagoardian, 1525ean lehen errepresio agerraldiak izan ziren, Orreagan hainbat pertsona sutan errez. Herritarren kontrako lesa maiestate delituak ugaldu ziren, eta nabarmenki sorginkeria kasuak, jazarpen horren buru zebilela Nafarroako Errege Kontseiluko Balantza lizentziatua.

Bertakoen betiko harreman naturalak oztopatzen zituen fronte lerro gotor bat ezarri zen Bortuetan. Nafarroa Behereko frontearen arduradun igorri zuten Balantza, 1525eko sorgin ehiza amaitu berritan. Kontrako aldean, Donapaleun eratu Nafarroako Erresuma – Biarno independentean, erreforma erlijiosoa zabaltzen ari zen. Moldiztegiaren zabalkunde indarraren epelean, nafar erreformatuek beren ideiak zabaldu eta sustatu zituzten, baita beren estatu hizkuntza(k) ere.

Erromaren dogmatismoari ihes egiten zion giro horretan loratu zen Margarita Nafarroakoaren Heptamerona. Margarita Nafarroako erregina ezkontidea zen, Henrike II.arekin ezkondu ondoren, baita Frantziako erregearen arreba ere. Idazle trebea izateaz gain, diplomazialari bikaina izan zen, erregearen ordez arituz hura espainiarrek kartzelatu zutenean (Paviako Guduaren ondoren) eta, une zailetan, espainiarrekin hitzarmen bat josiz. Errege-erreginak Nérac-era lerratzen hasi ziren, eta Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae -ren argitalpena babestu.

Bortuak eta edizioa Nafarroan (XVII-XVIII. mendeak)

Nafarroako Erresuma – Biarno burujabea 1620an amaitu zen, artean Frantziako Koroari loturik Nafarroa Behereak ahalmen nahiko handiak gorde bazituen ere, 1743 arte. Haatik, Nafarroa Beherea hori ez zen moldiztegi ofizialik izatera heldu, eta Donapaleuko bere diru edo txanpon etxea XVII. mende erdialdera galdu zuen, Baionara lekualdatua. Moldiztegirik gabeko erresuma zaldirik gabeko zalduna zen. Aldiz, Nafarroa Garaian, Nafarroa independentearen errautsetatik, Erresumaren Diputazioa sortu zen. Nafarroako Gorte dinamikoek behar-beharrezkoa zuten moldiztegia beren legedia eta foru agintaritza oinarritu eta zabaltzeko, eta inprimatzaileen arteko lehia handia zen.

Inprimategietarako papera behar zen, eta Erresumako inprimategiek bi iturri nagusi zituzten: itsasoa, Donostiatik eta Bilbotik, eta Ibañetako igarobidea. XVIII. mendeko argitalpenetako paper errubriketan gorde denez, batetik, Arku Atlantikotik heltzen zen Ipar Europako papera eta, bestetik, Bigorra, Biarno, Zuberoa eta Baxenabarre ziren papera eskuratzeko iturburu nagusiak. Mende berean, bada, Garazin bazen paper errota bat, baina gainera, Eugin beste bat zegoen, Nafarroa Garaian eta, oro har, Hego Euskal Herrian bakarretakoa. XVIII. mendean, Iruñeko inprimategietatik atera ziren euskarazko idazkiak ez ziren gutxi izan. Ez ziren falta izan ere lan historiografiko garrantzitsuak, hala nola Annales del Reyno de Navarra (Moret erresumako kronikariak hasia). Euskaraz, gehienak gai erlijiosokoak ziren, Jesusen Konpainiak sustatuak. Haatik, Gaztelako Koroa espainiarrak bai Jesusen Konpainia bai euskaraz inprimatzea 1766-1767an debekatu zituen, Nafarroa Garaiko eliteen gutxienez zati baten oniritziaz.

Orbaizeta Nafarroako Erresumaren amaieran

Garai aztoratuak ziren, monarkia handiak sendotzen ari ziren, gerra, luxu eta diru gehiago behar zituzten, eta herriak ordaintzen zuen hori. XVIII. mendeko monarkia ilustratuek areagotu egin zuten zentralizazioa eta estatuaren uniformizazioa eta, aldi berean, elkarren kontrako gerra inperialistak. Haatik, Bortuez iparraldera, Nafarroaren kontrako azken erasoa ez zuen errege batek jo, Frantziako Nazio Biltzarrak baizik, 1789ko abuztuaren 4an pribilegioak deseginez. Berdindu egin ziren nobleen neurri arbitrarioak eta herrien askatasunak eta araubideak, eta nahitaezko soldaduska ezarri. 1792an jada Versaillesen egoitza zuen erregeak galdu egin zuen “Frantziako eta Nafarroako errege” titulua, trukean “frantsesen errege” bihurtuz. Luze gabe galdu zuen burua ere.

Gerra piztu zen Espainiar Monarkiarekin, eta hor Orbaitzetak eta Aezkoak nahi gabeko protagonismoa izan zuten. 1784tik Espainiar Monarkia arma fabrika bat muntatu nahi izan zuen Orbaitzetan, eskualdeko urari eta oihanei etekina ateratzeko. Bertan, bazen burdinola bat 1432tik gutxienez, Nafarroako Zuria erreginak hala baimendurik. Bada, 1784. urte horretan, espainiar koroa lurren eta oihanen jabearekin, Aezkoa Ibarreko Batzarrarekin, negoziatu zuen arma fabrika egiteko. Arma fabrika 1788an martxan jarri zen, eta 1793an Konbentzioaren Gerra piztu zen. Ordurako desegina zen Nafarroako Erresuma Ipar Euskal Herrian, eta frantses iraultzaileak kilometro batzuetara zeuden.

Donibane Garazitik, Orhitik eta Larrañetik, frantses iraultzaileak heldu ziren, haietako asko euskaldunak, gogo txarrez batzuk, kausarekin sinetsita beste batzuk. Frantses iraultzaileetara lerratu ziren, konparazio baterako, Baigorriko Harizperen “euskaldun xazurrak” deitu batailoiak. Orbaitzetako espainiar soldaduak, 2.400, ihesi joan ziren frantses iraultzaileen tamaina eta indarra ikusita. Nolanahi ere, Aezkoari galtzea egokitu zitzaion, hala armada frantsesek nola espainiarrek herri ugari kiskali zituzten, tartean zela Auritz. Frantsesek Orbaitzetako arma fabrika suntsitu zuten, eta egun haren aztarnak ditugu ikusgai, gertaera latz horien oroigarri.

Aetzek, ordea, 1784ko hitzarmenean jaso zuten lehen kolpe gogorra. Espainiar Koroarekin sinatu itun horretan desoreka nabarmena zen. Hitzarmen hori koroa arrotz horren hizkuntzan sinatu zen, eta negoziazioetara bildutako ibarreko ordezkariek larrutik ordaindu zuten borondate ona eta beren naziotasuna, Aezkoa ibarra Orbaitzetako errege arma fabrikaren morrontzan eta mende jarriz, 1790ean ibarreko ordezkariek salatu zutenez. Horren arrazoia, berriz:

el inocente candor de los que asistieron al otorgamiento, su ignorancia o poca instrucción del castellano

Harrezkero, ibarrak bi mende eman behar izan zituen espainiar errege erakundeen uztarpean, Francoren diktadura amaitu arte. Izan ere, Bortuez hegoaldeko Nafarroako Erresumako eliteak nafar herritarrak beren kasa eta bermerik gabe uzten ari ziren, epaiketetan bezala Espainiar Koroarekiko harremanetan. 1833rako, Nafarroako Erresuma bera kolokan zen, Lehen Karlistaldiaren atarian. 1841erako, Erresuma espainiar gobernuaren armadak okupatua zela, Foruak Eraldatzeko Legea etorri zen eta, harekin batera, Nafarroako Erresumaren azkena, Bortuez hegoaldera. Xamarrek argi kontatu digunez, Espainiako Gerra Zibilaren gerraosteko arbitrarietate eta umiliazioek, okupazioak, eskola nazionalak eta erdal prediku nazional-katolikoak ekarri zuten bertakoen hizkuntzaren azkena.

Zorionez, beste armada soilago batek, kulturalak, tartean Bortuez bi aldeetako herritarren lankidetzak, printza berriak ekarri zizkion ibarrari, jada 1936ko estatu kolpearen aurretik, Nafarroako Diputazioaren babespean gogotsu jokatu zuten kemen handiko pertsonen eskutik, baina batez ere 1970eko hamarkadan hasita, pairatutako alienazioari aurre eginez eta bertako euskal nortasuna berreskuratzeko borrokatuz. Azken ekimena Nafarroako Erresumaren bidea zelaitu zuten 778ko baskoien aldeko oroitarria inauguratzea izan da; aldi berean, inbaditzaileen omenezko Ibañetako monumentua ezagutzen du jada herritarren artean pizten duen gaitzespena. Hurrengo urtean, badugu zer ospatu: 1200 urte, 824ko Orreagako Gudutik eta Iruñeko Erresumaren sorreratik.