NUP eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa menopausia osteko etapako gainpisua ikertzen ari dira BH fitness enpresarekin lankidetzan
52 emakume ari dira parte hartzen espainiar estatuko Kirol Kontseilu Gorenak finantzatutako ikerketa kliniko horretan, eta oraindik ere irekia dago parte hartzeko aukera
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ikerketa-taldeak, BH fitness enpresarekin lankidetzan, ikerketa bat du abian indar entrenamenduak eta aldizkako barauak menopausia osteko etapan dauden emakumeen gorputz osaeran eta osasun kardiobaskularrean zer eragin duten aztertzeko. Ikertuek 50 eta 65 urte dituzte, eta gainpisua edo obesitatea. Proiektua espainiar estatuko Kirol Kontseilu Gorenak finantzatu, eta Nafarroako Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoaren onespena jaso du.
Apirilean hasi zen proiektua, eta gaur-gaurkoz 52 emakume ditu parte-hartzaile; parte hartzeko aukera zabalik dago 150 postu bete arte. “Orain arte, emaitzak oso esperantzagarriak izan dira, eta giro ona izan da kiroldegian eta nutrizio saioetan”, esan du ikertzaile taldeak. Parte hartu nahi duten emakumeak helbide elektroniko honen bidez jartzen ahal dira harremanetan taldearekin: empower.project.upna1@gmail.com
BH fitness enpresaren laguntzari esker, muskulazioa lantzeko makinak instalatu dira NUPeko kirol instalazioetan, proiektuko parte-hartzaileek soilik erabil ditzaten. Parte-hartzaileak ariketa fisikoaren espezialista batzuen ikuskaritzapean entrenatzen dira. 6 eta 8 parte-hartzaileko talde txikiak osatu dira astean zehar entrenatzeko, ordutegi desberdinetan, eta horrek erraztu egiten du nork bere egunerokoari hobekien egokitzen zaiona aukeratzea. Ikertzaile taldeak espero duenez, nutrizio tratamenduarekin batera indarra lantzeko ariketa fisikoa egiteak erraztu eginen du pisua galtzea eta muskuluen kantitatea eta kalitatea hobetzea, eta, hala, murriztu eginen da populazio-talde horrek sarkopenia izateko arriskua.
Parte-hartzaileak esku-hartzerako hiru taldetan
Parte-hartzaileak ausaz esleitu zaizkie esku-hartzerako 3 talderi, 12 astez emakumeen gorputzaren osaeran gertatzen diren ondorioak alderatzeko: lehenbiziko taldeak aldizkako baraualdia eginen du (16/8: 16 orduko baraua eta otorduak 8 orduko tartean, aukeratzen duten ordutegian); bigarrenak 16/8 formatuko aldizkako baraualdi bera eginen du, eta, gainera, astean 3 egunez indarra lantzeko ariketa fisikoa eginen du, pertsonalizatua eta kirol zientzietako espezialista batzuek gainbegiratua; hirugarren taldeak, berriz, dieta hipokaloriko pertsonalizatua eginen du, nutrizionistek gainbegiratua, eta astean 3 egunez indarra lantzeko ariketa fisikoa eta gainbegiratua.
Esku-hartzea hasi aurretik, azterketa eta proba mediko xeheak egiten zaizkie emakumeei: gorputzaren osaeraren ebaluazioa teknologia aurreratuaren bidez (gantz-masa, muskulu-masa eta hezurren dentsitate minerala), metabolismo basalaren balorazioa, ekografiak eta erresonantzia magnetikoak edo esfortzu probak.
Menopausia eta pisua irabaztea
Ikerketa-taldeak azaldu duenez, menopausiaren ondorioz emakumeek gizentzeko arrisku handiagoa dute, eta haien osasun kardiobaskularrak okerrera egin dezake. Gainera, menopausiaren ondoren estrogenoak galtzeak modu bereizgarrian eragiten dio goseari, eta muskulu eskeletikoen masa eta kalitatea murrizten ditu, baita gastu energetikoa ere. “Faktore horiek azaltzen dute, neurri batean, emakumeek beren bizitzako etapa horretan pisua galtzeko duten zailtasuna, eta, horregatik, beharrezkoa da pertsona horientzako tratamendu espezifiko berriak ikertzea”, adierazi dute. “Hala ere, gaur egun oso lan zientifiko gutxi daude menopausia osteko obesitateari buruz, nahiz eta obesitatea adin-talde horretan agertzen den bereziki eta beste populazio-talde batzuetan baino osasun konplikazio gehiago eragiten dituen”, ondorioztatu dute.
Argazkia: Parte hartu duten emakumeetako bat, programako ariketak egiten NUPeko kirol instalazioetan.