GENERO IKASKETEN ETA IKASKETA FEMENISTEN KATEDRA

 

NUPek eta Nafarroako Gobernuak Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedra jarri dute martxan

Emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunen aurkako borrokan ikerketa eta gizartearekiko elkarrizketa sustatzea du helburu

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuak Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedra jarri dute abian Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez (NABI), irakaskuntzaren eta ikerketaren esparruko genero ikasketak eta ikasketa feministak sendotzeko. Zenbait urtetako hitzarmena sinatu dute 2023rako eta 2024rako, eta 25.000 euroko zuzkidura esleitu urte bakoitzerako.

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Félix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak aurkeztu dute katedra, zeinaren xedea baita emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunen aurkako borrokan ikerketa eta gizartearekiko elkarrizketa sustatzea. Patricia Amigot Katedraren zuzendaria ere mintzatu da aurkezpenean, eta han izan dira, baita ere, Patricia Abad NABIko zuzendari gerentea eta Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, lankidetza-hitzarmenaren sinatzaileak biak.

 

Hiru aldeko elkarrizketa

Genero Ikasketen eta Ikerketa Feministaren Katedraren helburua da Katedran emandako prestakuntzaren onurak Unibertsitateko komunitatetik harago zabaltzea herritar guztiengana. Erakundeen arteko lankidetza erraztuko du berdintasunaren arloko arauak betetzeari dagokionez, eta elkarrekin mintzatzeko bidea emanen die Unibertsitateko kideei, eremu profesionalekoei eta herritarrei.

Horretarako, honako helburu nagusi hauek ditu finkatuak Katedrak: esparru akademikoan diziplina arteko lankidetza eta esperientzia-sareak ezartzea, eta gizarte zibilaren eta Unibertsitatearen arteko elkarrizketa-guneak sortzea, jakintza transferitzearren eta kontzientzia zein sentsibilitate handiagoa garatzen laguntzearren emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunen eta generoak eragindako diskriminazio mota ororen inguruan.

Aipatzekoa da Nafarroako Parlamentuaren ebazpen bat betetzeko sortu dela Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedra; izan ere, NUPekin batera halako katedra bat sortzeko eskatu zion Parlamentuak Nafarroako Gobernuari ebazpenean. Iaz, lan-ildoak ezarri ziren katedra bultzatzeko beste hitzarmen bat sinatuta.

 

Genero Ikasketei eta Ikasketa Feministei buruzko mintegi iraunkorra

Katedraren baitan, honako jarduera hauek eginen dira besteak beste: desparekotasunaren arloko ikerketak eginen dira, NUPeko irakasleek hitzaldiak emanen dituzte arlo akademikoan jakintza-trukea sustatzeko eta haien ikerketak ezagutzera emateko, eta, jardunaldien bidez, elkarrizketa zorrotzerako guneak eratuko dituzte Unibertsitatea, mugimendu feminista, entitate sozialak eta profesionalak biltzeko.

NUPek konpromisoa hartu du Genero Ikasketei eta Ikasketa Feministei buruzko mintegi iraunkor bat martxan jartzeko, zeinaren bidez ikertzaile feministak elkartu, eta haien lanak ikusarazi eta sustatuko baititu. Horretarako, hitzaldiak emanen dituzte Unibertsitateko irakasleek hilean behin, eta Unibertsitatekoak ez diren pertsona gailen batzuek urtean behin edo bitan.

Horretaz gainera, aukera egonen da generoari eta berdintasunari buruzko ikasketen inguruko jardunaldi akademikoak antolatzeko aurrerago, non arazo eta gai espezifikoak landuko baitira. Halako jardunaldiak Unibertsitateko kideen, mugimendu feministakoen, entitate sozialetakoen eta profesionalen arteko elkarrizketa zorrotzerako guneak izanen dira.

Gainera, NUPeko Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterreko ikasleen eta graduondoko beste titulu batzuetako ikasleen artean trukeak egiteko aukera ere planteatzen da, master amaierako lanei buruzko solasaldiak motibatzeko eta aberasteko. Horren ildotik eta aurreikuspenen arabera, genero ikuspegia eta ikuspegi feminista duten ikasketa amaierako lanen sariak antolatuko dira, zeinek finantzabide instituzionala izanen baitute eta hitzarmen honetatik kanpokoa. Azkenik, jende guztiarentzako eskola-saioak antolatuko dira esparru akademikoko pertsona garrantzitsuekin, Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterraren eskaintza indartzeko.

 

Argazkia: Katedraren hitzarmena sinatzeko ekitaldiko parte-hartzaileak. Ezkerretik eskuinera, Begoña Elizalde NUPeko ikertzailea; Patricia Abad INAIko zuzendaria; Ramón Gonzalo NUPeko errektorea; Félix Taberna Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilaria; Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Patricia Amigot Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren zuzendaria; eta Irene Lapuerta NUPeko Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Masterreko zuzendaria.