NEREA PASCUAL LEZAUN

 

Nerea Pascual ingeniari eta NUPeko tituludunak irabazi du energia berriztagarriei buruzko ikasketa amaierako lanen IX. poster lehiaketa

Beste egresatu bat, Miguel Gil ingeniaria, bigarren gelditu da APERNA elkarteak antolatutako lehiaketan

 

Nerea Pascual Lezaun Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzan masterdunak irabazi du energia berriztagarriei buruzko gradu eta master amaierako lanen IX. poster lehiaketa. Antolatzailea APERNA izan da, Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea, lotura estua baitauka erakunde ekonomikoaren Energia Berriztagarrien Katedrarekin. Garaileak 300 euroko saria irabazi du bere lanarengatik, zeinean sorgailu termoelektriko baten bero-trukagailuak diseinatu eta optimizatu baitu muturreko klima duten lekuetako sumendiak zaintzeko; izan ere, aurrerago Deception uhartean (Antartika) ezartzeko pentsatu eta eraiki du sorgailua. Bestalde, Miguel Gil Liberal NUPeko Industria Ingeniaritzako Masterreko tituluduna bigarren postuan gelditu da “offshore” plataforma flotatzaileak amarratzeko sokak simulatzeko lan batengatik, eta 150 euro eskuratu ditu.

Irabazlearen master amaierako lanaren zuzendariak NUPeko Ingeniaritza Saileko bi irakasle izan dira, Smart Cities Institutuko (ISC)[1] ikertzaile ere badirenak: David Astrain Ulibarrena eta Álvaro Martínez Echeverri. Miguel Gil Liberalen kasuan, sail bereko eta ISCri atxikitako beste bi irakasle arduratu dira bere proiektuaren zuzendaritzaz: Juan Pablo Fuertes Bonel eta Javier Armañanzas Goñi.

 

Lehiaketaren finalistak

Bi irabazleez gain, hauek izan ziren finalistak, egindako titulazioa adierazita: Marina Alcalá Corres (Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua), Iñaki Alzuguren Larraza (Industria Ingeniaritzako Masterra), Miguel Lezana Pascual (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua), Álvaro Martín Castilla (Industria Ingeniaritzako Masterra) eta Iñaki Orradre Fernández (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua).

Sarien edizio honetako epaimahaia hiru kidek osatu dute: Ingeniaritza Saileko bi irakaslek (Javier Samanes Pascual ISCko ikertzailea eta Laura Carlosena Remírez) eta Javier Baigorri Martínez ingeniari industrialak, zeinak Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko (CENER) Eguzki Energiaren Teknologien eta Biltegiratzearen Saileko Sistema Termikoen Garapen eta Integrazio Taldean lan egiten baitu, beste bi epaimahaikideen sail berean irakasle elkartu gisa eskolak emateaz gain.

Lehiaketaren helburua ikasleen sintesi-ahalmena piztea da, beren gradu amaierako edo master amaierako lanen laburpena den poster bat prestatzearen bidez. Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak diruz laguntzen dio jarduerari, ikasleen elkarteentzako laguntzen deialdiaren barnean.

APERNA elkarteak antolatzen du lehiaketa; bere helburua energia garbien erabilera sustatzea eta zabaltzea da, eta, horretarako, NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin[2] egiten du lan, ikasleei zuzendutako jarduerak antolatzeko.

 

Argazkia: Finalistak eta epaimahaikideak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Irantzu Erro (APERNAko kidea), Miguel Lezana (finalista), Iñaki Orradre (finalista), Nerea Pascual (irabazlea), Marina Alcalá (finalista), Miguel Gil (bigarren sailkatua), Iñaki Alzuguren (finalista), Álvaro Martín (finalista), Javier Baigorri (epaimahaikidea), Javier Samanes (epaimahaikidea), Laura Carlosena (epaimahaikidea), Iñaki Lalinde (APERNAko lehendakaria) eta Ibai Urtasun (APERNAko diruzaina).

 

 

[1] https://www.unavarra.es/isc/

[2] https://www.unavarra.es/catedra-energias-renovables/